Hezkuntza aldarri, mugaz gaindi

Hezkuntza publikoko baldintzak hobetzeko asmoz ikasleak eta irakasleak protestak egiten ari dira azken egunetan Frantzian, Belgikan, Albanian eta Espainian. Horietako batzuk gobernuen aurkako mugimenduak indartzen ari dira.

Manifestari bat negar gasen artean, ostiralean, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Manifestari bat negar gasen artean, ostiralean, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 15a
12:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orkestra bat manifestariz inguratuta Internazionala jotzen Parisko udaletxearen aurrean; Albaniako Gobernuaren eraikinak sutan Tiranan; eta dozenaka ikasle poliziaren kargei pankarta batekin aurre egiten Madrilen. Hezkuntza publikoan egindako murrizketek eta ikasleen zein irakasleen baldintzek protestak piztu dituzte azken egunetan Frantzian, Belgikan, Albanian eta Espainian. Ikasleek kaleak hartu dituzte, eta Poliziak indarra erabili du haiei aurre egiteko.

Frantzia

Irailaren erdialdetik ari dira Frantziako ikasleak protestan. Besteak beste, salatzen dute lizeoen egoera kaskarra dela; irakasle falta dagoela eta horien baldintzak ez direla onak; eta Parcoursup goi mailako ikasketetarako plazak esleitzen dituen sistemak presiopean dituela. Ikastetxeak blokeatu dituzte, eta kaleak hartu Frantziako estatuko hiri nagusietan, baita Ipar Euskal Herrian ere. Istiluak izan dira, eta Polizia manifestariei oldartu zaie. Berrehundik gora ikasle eta irakasle zauritu dituzte; tartean, adingabe batek eskua galdu du.

Asteartean bosgarren mobilizazio deialdia egin zuten ikasleen elkarteek eta sindikatuek. Antolatzaileen arabera, orain arteko deialdi jendetsuena izan zen: 480.000 manifestari bildu ziren estatu osoan zehar. Poliziaren arabera, aldiz, 161.500 herritar atera ziren kaleetara. Ikasleen mobilizazioak indarra galtzen ari direla esaten aritu da azken egunetan gobernua.

Lizeotarren mobilizazioetara, baina, unibertsitateko ikasleak, irakasleak eta sindikatuak ere batu dira orain. Asteartean, esaterako, unibertsitateen %90 itxita edo blokeatuta egon zirela jakinarazi zuen ikasleen sindikatu nagusiak.

Etzi hasiko da udazkeneko oporraldia Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikasleentzat, baina protestak aurreikusita daude. Jaka Horien mobilizazioak deituta daude larunbaterako —soldaten igoera, prezioen jaitsiera eta zerbitzu publikoen hobetzea eskatzeko—, eta horiekin batera hartu nahi dituzte kaleak ikasleek.

Gobernua oso ahul dagoen unean bizitu dira protestak: 54.000 milioi euroko murrizketak aurkeztekoa da Sebastian Lecornu lehen ministroa, eta Asanblea Nazionalak ez dirudi aurrekontuak onartuko dituenik. Alderdiak datorren apirileko presidentetzarako bozei begira ari dira, eta Lecornuk dekretu bidez onartu beharko ditu aurrekontuak.

Belgika

Frantziako protesta oldeak iparraldeko muga zeharkatu zuen, eta azken asteetan ikasleak kalera atera dira Belgikan ere. Aurrez ere egin zituzten protestak Valonia-Bruselako Federazioak ezarri nahi duen hezkuntza erreformaren aurka, baina hilaren hasieratik gogortu egin dira. Urriaren 1ean, esaterako, Liejan zenbait ikastetxe itxi zituzten, eta ordutik gutxienez 190 pertsona atxilotu dituzte.

Ikasleek eta irakasleek salatu dute erreforma horrek, besteak beste, irakasleen lan karga areagotuko duela, murrizketak eragingo dituela hainbat programa sozialetan —eskoletako doako otorduetan, esaterako—, eta garestitu egingo dituela goi mailako hezkuntza ez unibertsitarioko matrikula tasak.

Ostiralean, ikasleek eta irakasleek gobernu federalaren aurkako protestetan parte hartu zuten, Bruselan. Belgikako Gobernuak 10.000 milioi euroko murrizketak egin nahi ditu, eta dozenaka mila herritar atera ziren kaleetara horren aurka. Sindikatu nagusiek azarorako greba orokor bat deitzeko asmoa agertu dute.

Albania

Hezkuntza Ministerioaren eraikinari su eman zioten atzo Tiranan. Azken egunetan ikasleak izan dira Albaniako Gobernuaren aurka altxatu direnak. Unibertsitateetako eta ikasleen egoitzetako azpiegiturak hobetzeko eskatzen dute, baita laguntza ekonomikoak areagotzeko ere. Edi Rama lehen ministro sozialdemokrataren eta Mirela Kumbaro Hezkuntza ministroaren dimisioa ere gazteen eskaeren artean daude.

Manifestariek harriak eta molotov koktelak jaurti dituzte azken bi egunetan gobernuaren eraikinen aurka. Poliziak negar gasa eta ur kanoiak erabili ditu protestan ari zirenen kontra, eta gutxienez berrogei pertsona atxilotu dituzte.

Flamenkoen Iraultza deituriko mugimenduaren testuinguruan piztu dira azken egunetako protestak. Bi natur ingurunetan Trump familiak turismorako oporlekuak eraikitzeko proiektuaren aurka sortu zen mugimendu hori, baina, azkenerako, herrialdeko gobernuaren aurkako mugimendu bilakatu da.

Espainia

Madrilen irakasleak izan dira grebara jo dutenak. Eta ikasleek babesa eman diete. Madrilgo Erkidegoan hezkuntza publikoan jarduten duten irakasleak —unibertsitatetik kanpokoak— Espainiako estatuan gutxien kobratzen dutenen artean daude, bizitzaren kostu garestieneko guneetako bat den arren. Horregatik, sindikatuek eskatu dute soldatak handitzeko, baina baita lan karga murrizteko neurriak hartzeko ere.

Madrilgo Gobernua negoziatzeko prest agertu da, baina antolatzaileei leporatu die greba «politiko eta elektoralista» bat antolatzea. PP Alderdi Popularraren dago agintean Madrilgo Gobernuan, eta salatu du atzo hasitako greba mugagabeak Espainiako Gorteetarako bozetan eragiteko asmoa duela.

Complutense eta Rey Juan Carlos unibertsitateetako ikasleek ere greba eguna izan zuten atzo, irakasleei babesa adierazteko. Bada, Complutensen, agenteek borrekin jipoitu zituzten pankarta baten atzean zihoazen hainbat ikasle. Sei manifestari zauritu zituzten, eta bost atxilotu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA