Ormuzko itsasartearen kontrola aurrerantzean ere Teheranen esku egotea exijitu du Iranek AEBekin negoziatzeko ondutako hamar puntuko planean. Pasabide hori zeharkatzen duten ontziei bidesaria ezarri nahi die, eta horretarako lege proiektu bat onartua du parlamentuak. Bada, gaur ziurtatu dute bidesari horren lehen ordainketak jaso dituela. Hamid-Reza Haji Babaee Irango Parlamentuko presidenteordeak herrialdeko berri agentziei baieztatu die Ormuz igarotzeagatik kobratutako bidesariagatik lehen diru sarrerak jaso dituztela Irango Banku Zentralean.
Negoziazioak airean daude, eta, oraingoz, Teherani inork ez dio aitortu itsasartearen gaineko kontrola. Kontua da, ordea, de facto Irango Guardia Iraultzailearen esku dagoela pasabide horretako itsas nabigazioa. Gaur-gaurkoz, Iranek itxita dauka Ormuz, eta atzo Guardia Iraultzaileak hiru itsasontziri eraso egin zien, eta bi atzeman zituen. Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik, Teheranek gerrarako arma gisa erabili du pasabide hori, eta ia guztiz itxita eduki du.
Tasnim Irango berri agentziak aurreratu izan duenez, Ormuz zeharkatzen duten ontziei bidesaria kobratzeko bi aukera planteatu ditu Teheranek: bata, bi milioi dolarreko ordainsaria kobratzea ontzi bakoitzari; bestea, itsasontzi bakoitzari bere kargaren araberako ordainketa exijitzea. Bidesari sistema hori nazioarteko zuzenbidearen kontra doa. Izan ere, Unclos Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren arabera, ontzi guztiek dute eskubidea mundu osoko ehun itsasarte baino gehiago libreki zeharkatzeko; haien artean ageri da Ormuz. 172 herrialdek berretsi dute konbentzio hori; ez, ordea, Iranek —sinatu zuen, baina berretsi ez—. Israelek eta AEBek ez dute sinatua.
Ikusi gehiago
Aintzat hartu behar da Iranek aurreko ostiralean ireki egin zuela itsasartea, Israelek eta Libanok su etena adostu ostean. Teheranek eta Washingtonek apirilaren 8an adostutako tregoak eragina izan behar zuen Libanon ere —hala adierazi izan zuen Pakistanek, bitartekari ari herrialdeak—. Tel Avivek, ordea, erasoka jarraitu zuen, eta Teheranek uko egin zion Ormuz irekitzeari tregoa Libanon ere ezarri arte. Behin Iranek itsasartea irekita, baina, Etxe Zuriak uko egin zion Irango portuei ezarritako blokeoa bertan behera uzteari. Eta Iranek berriz itxi zuen Ormuzko pasabidea.
Handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru, eta itxierak merkatuak aztoratu ditu, eta erregaien prezioak garestitu. Gainera, Pentagonoak ohartarazi du itsasarte horretako nabigazioa ez dela bere horretara itzuliko Iranek itxiera bertan behera utzita ere. Guardia Iraultzaileak minak jarri ditu Ormuzen, eta AEBetako armadak aurreikusi du, behin gatazka amaituta ere, gutxienez sei hilabete beharko dituela mina horiek guztiak kentzeko. Hala jakinarazi du The Washington Post egunkariak, armadako iturri ofizialak aipatuz.
AEBen blokeoa ere indarrean
Iranek Washingtoni leporatzen dio su eten akordioan adostutako urratzea. Atzo, Trumpek su tregoa luzatuko zuela jakinarazi biharamunean, Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko bozeramaileak ziurtatu zuen itsasartea irekitzea «ezinezkoa» dela tregoa urratzen jarraitzen duten bitartean. AEBek Irango portuei ezarritako blokeoa albo batera utzi ezean, Teheranek esana du ez duela Washingtonekin hitz egiteko. Bada, Etxe Zuriak ere ez du atzera egin, eta blokeo horrek indarean jarraitzen duela erakutsi nahi izan du gaur. Horretarako, AEBetako armadak Iranekin lotura duen itsasontzi bat atzeman duela jakinarazi du. Defentsa Departamentuaren arabera, Indiako Ozeanoan atxiki dute Majestic X petroliontzia. Aste honetan atzeman duen hirugarrena da.
Etxe Zuriak kargutik kendu du itsas armadako burua
Irango gatazka dela medio, gero eta gehiago dira Donald Trump AEBetako presidentearen kudeaketarekin ados ez daudenak. BaitaÂ
haren hurbilekoenen artean ere. Horietako bat izan da John Phelan, AEBetako itsas armadako idazkaria. Azken asteetan, The New York Times egunkariak kaleratu duenez, Phelanek desadostasunak zituen AEBetako Defentsa idazkari Pete Hegsethekin. Eta gaur goizaldean itsas armadako burua kargutik kendu dutela jakinarazi du Defentsa Departamentuko bozeramaile Sean Parnellek, sare sozialetan.Â
Itsas armadako idazkariak ez du eragin zuzenik AEBen operazio militarretan, baina Phelan arduratzen zen itsas armadaren aurrekontuak, logistika eta bestelako zenbait kontu tekniko zehazteaz. Hung Cao idazkariordeak hartuko du Phelanen kargua, behin-behinean.
AEBetako eta Irango ordezkariak aste honen hasieran ziren bigarren bilera erronda egitekoak, Islamabaden; baina, gaur-gaurkoz, bildu gabe jarraitzen dute. Apirilaren 11n bildu ziren lehen aldiz, eta Pakistan bitartekaria prest dago bigarren saiorako. Gaur bertan Pakistango Barne ministro Mohsin Naqvik ziurtatu du Shehbaz Sharif lehen ministroa eta Asim Munir armadako burua «ahal duten guztia» egiten ari direla aldeak negoziazio mahaian eserarazteko. Baina Iranek uste AEBen eskaerak «gehiegizkoak» direla; haren ustez, amore eman dezala eskatzen ari zaio Washington. Halere, atzo Pakistango iturri ofizial batek New York Post egunkariari adierazi zion, aldeak asteburua baino lehen biltzekoak direla. Eta Trumpek hori posible dela gehitu zuen.
Elkarrizketa horien aurka agertu da gaur Reza Pahlavi xah Persiakoaren oinordekoa —1979ko Iraultza Islamikoan boteretik kendu zuten—. Irango oposizioaren lidertzat du bere burua, eta Berlinera egin duen bisitan —AEBetan bizi da, erbesteratuta— esan du irandarrek ez dutela nahi «erregimen urardotu» bat, baizik eta aiatolen sistemarekin «hautsi» nahi dutela. Prentsaurreko batean su etena kritikatu du, bere hitzetan, «erregimenari arnasa hartzeko aukera» ematen diolako. «Esku hartze humanitario» gisa definitu du AEBen erasoaldia, eta Mendebaldeko herrialdeei eskatu batzeko die Iranen aurkako gerrara. Pahlaviren aldeko eta kontrako manifestazioak egin dituzte gaur Berlinen, eta ekintzaile batek likido gorri bat bota dio.
Otsailaren 28tik, AEBen eta Israelen erasoek 3.300 pertsona baino gehiago hil dituzte Iranen, herrialde horretako Osasun Ministerioaren arabera. Bestalde, Teheranek AEBetako hamahiru soldadu hil ditu, eta beste 365 zauritu. Eta Israelen 26 pertsona hil dituzte, Iranen eta Hezbollahren erasoetan. Gainera, gatazka eskualde osora hedatu da: ehun pertsona baino gehiago hil dituzte Iraken, eta 23 Persiar Golkoko herrialdeetan.