Orbanek LGTBI kolektiboaren kontra hartutako neurri batzuk indargabetu dituzte Hungarian

Besteak beste, aurrerantzean baimenduta egongo da ikastetxeetan homosexualitateaz hitz egitea. Peter Magyar lehen ministroaren alderdiak bultzatu du erreforma.

Harrotasunaren Eguneko martxa Budapesten, aurten. ZOLTAN KOCSIS / EFE
Harrotasunaren Eguneko martxa Budapesten, aurten. ZOLTAN KOCSIS / EFE
Aitor Garmendia
2026ko urriaren 13a
13:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasi da nabaritzen gobernu aldaketa Hungarian. Viktor Orban lehen ministro ohiaren politika ultraeskuindarrak leuntzen hasia da Peter Magyar lehen ministro kontserbadorea. Horren erakusgarri, Orbanek bultzatutako legerik eztabaidagarrienetako bat erreformatu du gaur Hungariako Parlamentuak. Adingabeak babesteko beharra zegoela argudiatuta, Orbanen gobernuak LGTBI kolektiboari buruzko edukiak debekatu zituen ikastetxeetan eta hedabideetan. Bada, Parlamentuak 2021ean onartutako lege hori moldatu dute gaur, eta debekua bertan behar utzi.

Hasieran, pederastiari aurre egiteko lege bat izatekoa zen Orbanek bultzatutakoa; gerora, adingabeak babesteko zela esan zuten. Besteak beste, lege hartan jasotzen zen LGTBI kolektiboaren inguruko edukiak zabaltzea «arriskutsua» izan zitekeela adingabeentzat, litekeena dela adingabeen garapenerako «egokia» ez izatea. Aurtengo apirilean —ordurako Magyarrek bozak irabaziak zituen, baina maiatzean amaitu zen Orbanen agintaldia—, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen lege hori talde komunitarioaren «identitate propioaren aurkakoa» zela.

Gaur, Magyarren gobernuak hauspotuta, Hungariako parlamentuak oniritzia eman dio 2021eko lege horren erreformari; kendu egin dute «sexu aldaketa eta homosexualitatea» bultzatzen dituzten edukiak debekatzen zituen zatia. Tiszak —lehen ministroaren alderdiak— erreformaren alde bozkatu du; Fideszek —Orbanen alderdia— eta Gure Aberria ultraeskuindarrak, aldiz, kontra. Hiru alderdi horietako ordezkariek osatzen dute Hungariako Parlamentua, baina Tiszak gehiengo osoa du.

2010etik aurtengo maiatzera arte, Orban LGTBI komunitatearen aurkako neurriak estutzen aritu da, eta komunitate horretako kideen eskubideak urratzen. Magyar aldaketak egiten hasi da agintean denetik, baina hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dute neurri horiek ez direla nahikoa, eta, besteak beste, exijitu diote konstituziotik ezaba dezala homosexualen arteko ezkontzen debekua. Kontuan hartzekoa da Magyar Orbanen alderdi berekoa izan zela, harik eta 2024an Fidesz utzi zuen arte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA