Saudi Arabiari arma nuklearrak garatzeko modua emango liokeen akordioa sinatu dute AEBek

Programa nuklear zibil baterako akordioa sinatu dute bi herrialdeek, baina zenbait hedabidek jada ohartarazi dute uranioa aberastu eta arma nuklearrak egin ahal izango dituela.

Donald Trump AEBetako presidentea eta Abdulaziz bin Salman Saudi Arabiako printzea, artxiboko argazki batean. ALI HAIDER / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea eta Abdulaziz bin Salman Saudi Arabiako printzea, artxiboko argazki batean. ALI HAIDER / EFE
jon ordonez garmendia
2026ko uztailaren 23a
08:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Gobernuak jakinarazi duenez, akordio bat sinatu du Saudi Arabiarekin, herrialde horrek teknologia nuklearra garatu ahal izan dezan. 123 Akordioa deitu diote, eta zenbait hedabidek gaineratu dutenez, uranioa aberasteko eta arma nuklearrak egiteko modua emango dio horrek. Chris Wright AEBetako Energia idazkariak eta Abdulaziz bin Salman Saudi Arabiako Energia ministroak atzo sinatu zuten akordioa, eta AEBetako Kongresuak berretsi behar du. 

Hautsak harrotu ditu akordioak. Bederatzi herrialdek baino ez dituzte arma nuklearrak gaur egun: AEBek, Errusiak, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak, Indiak, Pakistanek, Ipar Koreak eta Israelek, azken horrek ofizialki aitortu ez badu ere. «Helburu baketsuetarako nahi badituzte, moldatu gaitezke», adierazi zuen atzo Nir Barkat Israelgo Ekonomia ministroak, Saudi Arabiaren eta AEBen arteko akordioaren berri izan ostean.

Gainera, Saudi Arabia Iranen arerio da eskualdean, eta azken hilabeteetan tentsioa asko handitu da Iran eta AEBen artean. Teheranek behin eta berriro ukatu du arma nuklearrak garatu nahi dituela, baina Iranek teknologia nuklearra garatzeko duen ahalmena mugatu nahian dabil Washington. 

AEBek zabaldu duten oharrak ez du akordioaren testu osoa jasotzen. Akordioak helburu baketsuak dituela dio, eta arma nuklearrak ez ugaritzeko konpromisoarekin bat egiten duela. «Ziur egon zaitezkete akordio honek segurtasun betebehar handienak betetzen dituela. Gainera, teknologia nuklearrik onena du oinarri, hemen AEBetan garatua, eta munduko zientzialari onenak ere bai», adierazi du Wrightek akordioa sinatu ostean. Gaineratu du AEBetako enpresek Saudi Arabian ekoizten den energia nuklearra eskuratzeko lehentasuna izango dutela.

The New York Times egunkariak eta beste hedabide batzuek, ordea, argitaratu dute akordio horrek uranioa aberasteko ahalmena emango diola Saudi Arabiari, beste herrialde batzuekin AEBek egin dituzten akordioek ez bezala, esate baterako, Arabiar Emirerri Batuekin egindakoak. AEBeko Alderdi Demokratako zenbait legelarik kritikatu egin dute horregatik, eta Kongresuari akordioa atzera botatzeko eskatu diote. Errepublikanoek, baina, gehiengoa dute bai hor, baita Senatuan ere.

AEBek Ekialde Hurbilean duten aliatu nagusienetako bat da Saudi Arabia. 2025ean presidentetzara itzuli zenetik, Mohamed bin Salman printzearengana hurbildu da Trump, nahiz eta AEBetako inteligentzia zerbitzuek Jamal Kashoggi The Washington Post-eko kazetariaren hilketaren atzean hura zegoela ondorioztatu.

AEBek hainbat azpiegitura dituzte Saudi Arabian, eta Trumpek gobernuak Iranekin duen gerran, Teheranek hainbat aldiz egin du horien kontra. Yemengo huthiak, berriz, Iranen aliatu dira, eta aste honetan Saudi Arabia mehatxatu dute: esan diote Riadi ez jarraitzeko Yemengo Gobernua babesten. Gainera, Itsaso Gorrian Saudi Arabiako ontziak blokeatuko dituztela iragarri dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA