Siria «beste fase batean» sartu delako desegin da SDF

Gehiengo kurduko koalizio armatuak jakinarazi du bere milizianoak Siriako armadan sartu direla. Estatu Islamikoaren kontrako gerran jokatu zuen rola nabarmendu du.

YPG Herriaren Babes Unitateetako miliziano batzuk Siriaren menpeko Kurdistanen, 2018ko abenduan. EFE
YPG Herriaren Babes Unitateetako miliziano batzuk Siriaren menpeko Kurdistanen, 2018ko abenduan. EFE
Igor Susaeta.
2026ko abuztuaren 26a
13:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero bezala, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizio armatuak eman du azkeneko pausoa. Gehiengo kurduko talde horrek atzo gauean jakinarazi zuen desegin egin dela eta Siriako armadan integratu dela. Haien buru Mazlum Abdi jeneralaren esanetan, «herrialdea beste fase batean» sartu delako hartu dute erabakia. Azpiegitura militarra ez ezik, ia hamabost urtez indarrean egon den kurduen administrazio autonomoa ere estatuaren egituretan integratu da, Damaskok eta SDFkoek urtarrilean egindako akordioari jarraikiz.

«Une historiko bat da», nabarmendu zuen Abdik atzo. Horregatik, Siriako presidentearen egoitzan eman zuen erabakiaren berri, Damaskoko Herriaren Jauregian, agerraldi batean. «Siriako historiaren etapa garrantzitsu bat bukatu da, eta beste bat hasi: oraingo honetan, egonkortasuna eta herrialdea berreraikitzea da inportanteena», nabarmendu zuen Abdik. Hain zuzen, AEBek Siria «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendatik kendu eta hurrengo egunean egin dute SDFkoek azkeneko urrats hori, eta Abdik pozez hartu zuen AEBen erabakia.

Atzoko agerraldia SDFren jarduna goratzeko baliatu zuen. «Erantzukizunaren zati handi bat hartu zuen, Siriak inoiz nozitu dituen garairik zailenetan». Gogoratu zuen koalizioa ezinbestekoa izan zela EI Estu Islamikoaren aurkako borrokan, islamistek konkistatutako «hiri eta barruti asko» askatu zituelako.

Kontuan hartu behar da EIk kalifa herria aldarrikatu zuela 2014an Iraken eta Sirian menpean zituen lurraldeetan, eta ahalegindu zela Siriako kurduen autonomia indargabetzen. Ordurako, baliaturik Damaskok gerra zibil betean indarrak beste zerbaitetan jarri zituela, sortua zuten Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomo Demokratikoa, zeina hurrengo urteetan garatuz joango ziren. Modu horretan, SDFko kideek kontrolpean eduki zuten Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabal bat.

SDFkoek, AEBen laguntza militarrarekin, EI garaitzea lortu zuten. Abdik atzo gogoan hartu zituen bost urte inguruko gerra horretako «martiriak»: «Haien oroitzapena bizirik atxikitzea dagokigu». SDFren beraren arabera, 10.000 miliziano inguru hil ziren gerra horretan.

SDF-ren Kronologia

  • 2015. AEBen laguntzarekin, YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduak EI Estatu Islamikoaren setioari eutsi zion Kobanen, eta kontraerasoa hasi zuen 2014ko urrian. Urtebete geroago eratu zuten SDF koalizioa, islamisten aurka egiten segitzeko. Kurduena zen adar nagusia, baina arabiarrak eta beste gutxiengo batzuk ere bildu zituen. 100.000 miliziano inguru edukitzera iritsi zen.
  • 2017. SDFk Raqqa hiritik kanporatu zituen islamistak; alegia, Sirian ezarri zuten hiriburutik.
  • 2019. Islamistek Sirian zuten azken gotorlekutik bidali zituzten, Irakeko mugan. EI garaitu zutela aldarrikatu zuten SDFkoek.
  • 2026. Hainbat astez borrokan aritu ondoren, SDFk eta Damaskok akordio bat egin zuten urtarrilean, milizianoak armadan integratu zitezen. Siriako kurduen instituzio autonomoak desegitea ere ekarri zuen itun hark.

Baina Siriako egoera aldatu egin da. Baxar al-Assad ia 25 urtez presidente izandakoa erorarazi zuen 2024ko abenduan HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak, matxinada baten bidez —matxino kurduen etsai Turkiaren laguntza eduki zuen—, eta beren burua jarri zuten herrialdeko presidente: Ahmed al-Xaraa. Boterera iritsi eta gutxira, 2025eko martxoan, Abdik eta Al-Xaraak adostu zuten Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea. 

Horretarako prozesua, ordea, katramilatu egin zen, eta hurrengo hilabeteetan Siriako estatu indarrek eta Turkiak babestutako tropek maiz eraso zioten SDFko milizianoei; Alepoko auzo kurduak ere bonbardatu zituzten. SDFkoek erantzun egin zuten, eta borrokak gogortu egin ziren urtearen hasieran. Halere, erasoka segitzen zuten bitartean, Siriako presidenteak zenbait eskubide aitortu zizkien kurduei; tartean, kurduera «hizkuntza nazional» gisa onartu zuen. Urtarrilaren erdialdea zen.

Egun batzuk geroago, AEBek Siriako Gobernua lehenetsi zuten bazkide gisa, kurduen milizien tokian. Washingtonek SDFkoei eskatu zien estatu egituretan integratzeko. Urtarril amaieran jakinarazi zuten Damaskok eta kurduek hitzarmen bat egin zutela, eta atzo egin zuten azkeneko urratsa, orduan adostutakoa gauzatzeko.

Kurduera ikastea

SDFkoen buru Abdik atzo adierazi zuenez, bukatu da haien «misioa». Areago joan zen azalpenean: «Gaurko [atzoko] eguna eraldaketa baten hasiera izatea nahi dugu: pasa gaitezen gudu zelaitik eraikuntza esparruetara; arma aro batetik bake garai batera».

Azpimarratu zuen, bide batez, hainbat hamarkadaz borrokatu direla kurduera ikasteko eskubidea bermatzearen alde, eta Siriako presidentea bera eskubide hori «babestearen» agertu dela. Abdiren hitzetan, «ama hizkuntzan» ikasi ahal izatearen aldeko «ikuspegi argi bat» dago, eta beren asmoa litzateke aurten bertan «erabaki hori ezartzea».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA