Zelenski ez da Trumpez fio

Ukrainako presidenteak esan du «aliatu benetan lagungarriak» behar dituela, eta aireko Patriot defentsa sistemak ez bidaltzea leporatu die AEBei.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, joan zen asteburuan, Kieven. EFE
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, joan zen asteburuan, Kieven. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 27a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berez aliatua duena ez ote den beste aldearengana gehiegi hurbiltzen ari. Horixe iradoki du gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak: «Erasotzailearekin oso neutralki jokatzen duzunean... Horrek esan nahi du biktimen alde zaudela, eta erasotzailearen alde ere bai. Ez dago ondo». Zelenskik adierazi du «xelebrea» dela Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak «lagun» deitu izana Vladimir Putin Errusiakoari; are, ez du ulertzen nolatan duen jarrera hori: «Erasotzailea da, eta hiltzailea... Ezin du lagun izan».

Etxe Zuriko eta Kremlineko agintariak joan den astean bildu ziren APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanak urtero egin ohi duen foroan, Txinako Shenzhen hirian, eta, besteak beste, bi horien arteko hurbilketa izan du hizpide Zelenskik, BBC hedabideak gaur kaleratu duen elkarrizketa batean. Ukrainak «aliatu benetan lagungarriak» behar dituela nabarmendu du, «zeinak Errusia bultza dezaketen» gatazkari konponbide bat topatze aldera; erantsi du AEBek «indartsu eta errespetagarri» ospea dutela, eta hori erakutsi beharrean daudela.

Izan ere, Washington ari da bitartekari Kieven eta Moskuren artean. Bi aldeek atzera berrekin zieten negoziazioei duela bi aste, Abu Dhabin, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan. Bi eguneko bilera erronda hori baino lehen, otsailean bildu ziren Suitzako Geneva hirian.

Zelenskik espero du abenduan egingo dutela beste bilera sorta, eta nahi du Europako aliatuak bertan egotea. Horien izenean arituko dira Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Polonia, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak duela bi aste jakinarazi zuenez. Dena den, Errusiak esana du AEBak dituela bitartekari bakartzat, eta ez duela zertan bildu Europako diplomaziaburuekin.

Trumpek atzo adierazi zuenez, Shenzheneko bileran Putini eskatu zion gerarazi zitzala eraso militar guztiak «Europan zehar, Errusiaren eta Ukrainaren arteko akordio bat lortzeko esperantzaz». Sare sozialetan idatzitako mezu batean erantsi zuen espero duela «agudo» lortzea akordio hori, iritzita badela «aukera sendorik».

Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiarekin bildu eta gero egin zituen adierazpen horiek; presidentearen Mar-a-Lago oporlekuan izan zuten hitzordua (Florida, AEB). Bileraren ondoren kaleratutako ohar bateratu batean, biek nabarmendu zuten zer den garrantzitsuena: Errusiak «gerra hedatzea eragiten duten ekintzak ekidin ditzala».

Ukrainako armategiak, husten

Trumpek berriro du hizpide Errusiak 2022ko otsailean abiatu zuen inbasioa, noiz-eta Irango gerra ez atzera eta ez aurrera dagoen honetan —AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zuten otsailaren amaieran, islamiar errepublikak arma nuklearrak ekoiztea galarazteko aitzakiaz—. Hain zuzen, Ukrainako presidenteak AEBetakoari leporatu dio «pena bat» dela Ekialde Hurbilean zentratu izana: «Pena bat da hori», errepikatu du Zelenskik, «eta egundoko galderak ditugu horri buruz».

Jakinarazi du misil balistikoak eraisteko aireko defentsa sistemak falta zaizkiola Ukrainari, eta AEBak atzeratzen ari direla Patriot sistemen bidalketa. Dena den, zehaztu du Errusiak jaurtitzen dituen hamar dronetatik zazpi eraisteko gaitasuna duela Ukrainako armadak.

Halaber, baieztatu du Errusiak okupatuta dituen Ukrainako lurraldeetan oraindik ere mugatuta jarraitzen duela Ukrainako armadak erabiltzen duen satelite bidezko Internet zerbitzua, Startshield delakoa —Space X enpresaren Starlink satelite bidezko Internet zerbitzuaren erabilera militarrerako bertsioa da, Pentagonoarentzat propio garatua—.

Sistema horrek ahalbidetzen du Kieven droneek Moskurenak atzeman eta eraistea. Urrian, Space Xk hamar egunez mugatu zuen zerbitzu horren erabilera, eta Abu Dhabiko negoziazioen bueltan ere halaber jokatu zuen. Zelenskik ez daki horren ardura erabat nori egotzi: «Teknikoki, Space X; politikoki, berriz, ez dakit. Benetan, ez dakit. Ping-pongaren antzera: alde bati galdetzen diogu, eta esaten digu bestearen errua dela». Reuters agentziak duela bi aste kaleratu zuenez, AEBetako Defentsa Departamentuak agindu bat jaso zuen Ukrainako militarrei Starshield zerbitzua moteltzeko.

Bestalde, joan zen ostiralean, Ukrainako armadak itsas drone bidez egin zien eraso Errusiako bi ontziri Bengaziko portuan, Libia ekialdeko kostaldean: Errusiako armadaren Mercury gerraontzia hondoratu zuten, eta MV Angara zamaontziari ere egin zioten eraso —Zelenskik argudiatu zuen Moskuk armak garraiatzeko zerabilela—. Elkarrizketan, Ukrainako presidenteak esan du «helburu erabat bidezkoa» zela Mercury gerraontzia, eta operazio horren gisakoak «oso arriskutsuak» izanagatik ere, herrialdeko armadak ez duela «inoiz erasorik egiten» aurrez kideekin koordinatu gabe; «muzin egin dio zehaztapenak egiteari», adierazi du BBCk.

NATO-k gerra hegazkinak hedatu ditu bart letonian

Letoniako armadak gaur jakinarazi duenez, drone bat atzeman dute bart herrialdeko aire eremuan; hori dela eta, 

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak gerra hegazkinak hedatu ditu, eta Letoniako armadak jaurtigailuak atzemateko drone bat ere aireratu du —jaurti duten eremura itzularazi dute ondoren—. Ordu txikietan alerta laranja ezarri dute herrialdearen ekialdeko Ludza herrian; 02:30ean izan da hori, eta alerta horia ezarri dute gero Balvi herrian. 03:30etarako bertan behera utzi dute abisua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA