4 LAGUNENTZAT
2 arkume izter.
2 tipulin.
2 azenario.
4 baratxuri ale.
10 piper txorizero.
Tomate heldu bat.
4 patata (Arabakoak).
Basokada bat ardo zuri.
Gatza.
Oliba olio birjina.
1
Arkume izterrak pusketatan ebaki. Puskak gaztu, eta, lapiko zabal batean, oliba olio txorrotada batekin frijitu, su bizian.
2
Bitartean, azenarioak eta tipulinak garbitu eta zuritu. Barazki horiek kubo txikietan ebaki, eta gehitu lapikora arkumea gorritzen hasten denean. Jarraian, baratxuri aleak puska txikietan moztu, eta gehitu.
3
Guztia ongi erregosten utzi, hamabost bat minutuz, su motelean.
4
Tomatea ere puska txikietan moztu, eta lapikora gehitu. Ardo zuri basokada bat bota lapikora. Hamar bat minutuz irakiten eduki.
5
Bitartean, patatak zuritu, eta pusketatan ebaki. Lapikora bota, eta ura gehitu, osagai guztiak ongi estali arte. Gatza bota.
6
Piper txorizeroak hartu, eta txortena eta barruko haziak ongi kendu. Erditik moztu, eta horiek ere lapikoan sartu.
7
Irakin motel bat lortzen denean, horretan eduki lapikoa ordu eta laurdenez, gutxi gorabehera. Ondoren, sua itzali eta epeltzen utzi.
8
Epeltzean, piper guztiak atera, eta piper txorizeroek barruan duten haragi guztia azaletik banandu, labana baten laguntzaz. Lortu den haragi guztia xehe-xehe egin, eta lapikora gehitu.
9
Mahaira zerbitzatu aurretik, ongi berotu.