Laura Pego. Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlaria

«Torturaren errealitatera gerturatu gaitu, baina ez dugu argazki osoa»

Asteon, Laura Pegok Nafarroako Parlamentuan azaldu du 1979tik gaurdainoko tortura kasuen azterlana. «Orain dela hamar urte ezinezkoa izango zen». Argi utzi du institutuak ikertzen jarraitzeko asmoa duela.

GORKA RUBIO / FOKU.
joxerra senar
Donostia
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Iaz, ekainetik azarora bitartean askotariko diziplinatan aditu diren hamabost ikerlarik 1979tik 2015era arteko Nafarroako tortura kasuak ikertu zituzten. Kriminologiaren Euskal Institutuko lantalde zabal horren zuzendari izan da Laura Pego (Pasaia, Gipuzkoa, 1968), eta asteartean txostenaren emaitza aurkeztu zuen parlamentuan. Argi utzi du ez dela azken txostena izan. «Orain dela hamar urte ezinezkoa zen torturaren auziari heltzea; gaur, aldiz, egin daiteke. Bide bat egin dugu. Badakigu berandu gatozela, baina lortutakoa azpimarratu eta aurrera begiratu behar da».

Nafarroako Gobernuak bultzatu du ikerketa egiteko deialdia, eta haren babesa nabaritu duzue?

EAEko proiektuarekin alderatuta, diferentea izan da. Nafarroan, 1978tik gaurdainoko torturaren ikerketa ez da izan gobernuaren enkargu zuzena, eta deialdi publiko batera aurkeztu behar izan gara. Balorazioa oso ona izan da.

Nabarmendu duzue azterlana ez dela bukatu. Zergatik?

Deialdia ekainean ebatzi zen, baina aurretik lan bat eginda genuen. Aurreko ikerketatan, honetarako baliagarriak izan diren nafarren kasuak genituen bilduta. Dena den, ez dugu denbora askorik izan kasuen bolumen guztiari aurre egiteko. Gainera, azaroan, txostena amaitu aurretik, albiste batzuetan kaleratu zen ikerketa egiten ari ginela, eta kasu berriak sortzen dira. Unibertsitateak egiten du ikerketa, talde independentea da, ez du erlaziorik gobernuarekin, eta horrek bermea ematen du.

Kanpoko laguntza izan duzue?

Bai. Ez dut gogoko ezein talderen izena aipatzea, baina Nafarroako Torturatuen Sareak lan garrantzitsua egin du. Euren laguntza izan dugu. Izan ere, garrantzitsua da proiektuarenganako eta gure taldearenganako konfiantza. Esperientzia traumatikoa da. Prozesu oso bat behar du, eta gogorra da, gogoratzen hasten baitira. Zer gertatu zitzaien galdetzen dien paper zuri bati egin behar diete aurre. Ez diegu guztiei elkarrizketa egiten, baina egiten diegunen artean askok lehen aldiz kontatzen dute bizi izandakoa. Kontatzen digutenez, elkarrizketa gogorragoa da. Guregana etorri baino aste edo egun batzuk lehenago urduritzen hasten dira. Zenbaitek esaten digute ezin dutela lorik egin. Elkarrizketaren ostean, gauza bera. Hala ere, askok diote kontatzeak mina arintzen diela.

Emaitza kontuan hartuta, tortura sistematikotzat jo daiteke?

Frankismoan eta trantsizioko lehen urteetan sistematikoa izan zen, eta, hortik aurrera, intentsitate handiko garaiak izan zituen. Amnesty Internationalek esaten du ordutik tortura noizbehinka baino gehiago erabili zela. Txostenean diogu maila garrantzitsukoa izan zela, terrorismoaren aurkako borrokaren eta inkomunikazio erregimen peko testuinguruan eman zela nagusiki eta abusu horiek iraun dutela orain gutxira arte, nahiz eta azken urteetan kasu gutxiago izan.

Hego Euskal Herrian, hiru txostenak aintzat hartuta, 5.000 tortura kasu inguru identifikatu dituzue. Kalkulu bat da, baina arazoaren tamaina islatzen du?

Errealitatera gerturatzen gaitu; dena den, ez da argazki osoa. 2017an, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako azterketako 4.113 kasuko kopuru hori txiki geratu zaigu. EAEko proiektuan jarraitzen dugu aztertzen, kasuak bilatzen, eta joan gara gure datu basea zabaltzen, gure artxiboa handitzen. Gure asmoa da azterlanaren berrikuspena ekainean aurkeztea.

Bide hori jorratzen jarraitzeko, garrantzitsua al da babes politikoa eta finantzaketa izatea?

Nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzarekin finantzaketa berritu egin dugula urtero. Haren babesa dugu. Nafarroan, ez da gauza bera. Deialdi batera aurkeztu gara. Badakigu beste bat egingo dela, eta aurkeztera gonbidatu gaituzte. Egiteko asmoa dugu. Zertarako? Lanean jarraitzeko. Dena den, argi geratzea nahi dut, edozein delarik emaitza, gure asmoa da eskaera aurkezten diguten guztiei erantzutea. Finantzaketarik ez izanda ere, lan hori gure gain hartuko dugu.

Zer balio izan dute Estrasburgoko Auzitegiaren epaiek?

Oso garrantzitsuak dira, nahiz eta zenbaitek garrantzirik ez eman. Epai horietan, Porturen eta Sarasolaren kasuan salbu, ez da frogatu torturatu zela; aldiz, esaten dute ez dela tortura ikertu. Nire ustez, horregatik epai horiek garrantzi handiagoa dute. Esaten dute zigorgabetasuna erabatekoa dela, delituok ikertzeko ardura duten botere judizialek ez baitute ezta ikertu ere egiten.

1997tik aurrera auzitegi medikuentzat atxilotuak egoki artatzeko protokolo bat ezarri zen, baina, diozuenez, ez zen bete.

Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuen txostenak oso pobreak dira. Protokoloan ezarritako irizpideak ez dira betetzen. Zer diote tortura jasan duten atxilotuek? Askotan, azterketa medikoak baldintza desegokietan egiten zirela. Hasteko, atxiloketa zentroan egiten ziren. Askotan, ez zekiten auzitegi mediku gisa identifikatzen zen pertsona benetan hala ote zen, ez zegoen konfiantzazko eremurik gertatzen ari zitzaiena kontatzeko. Dena den, zenbaitetan, kontatu egiten zitzaien, eta, zenbaitetan, medikuek txostenetan kexa horiek jasotzen zituzten.Informazio horrek ez zuen gero ondoriorik izan.

Bere burua eta esaten dutena demostratzera behartuta egon dira maiz torturaren biktimak?

Arriskutsua da birbiktimizazioa, min gehigarria eragiten baitu ukazioak. Frogak exijitzea parekatu daiteke genero indarkeriarekin edo haurren sexu abusuekin. Nola frogatu daiteke hain toki itxian eta hain lekuko gutxirekin egindako delitua? Frogaren zama biktimaren gain jartzen da, eta hark ezinezko du frogatzea.

Biktimaren profilari begira, gehienak gazte ziren, eta %87 gizonezkoak dira.

Egiteko geratzen zaigu emakumeek aurkeztutako alegazioak sakonago aztertzea. Deigarria da adingabeen kopurua. Gutxi dira, baina 11 adingabe inkomunikatu eta torturak salatu zituzten.

Txostenean torturaren hamalau metodo identifikatzen dituzue...

Inkomunikazioa hamar egunekoa zenean, indarkeria fisikoa aplikatzen zen gehiago eta agerikoak ziren ondorioak. Denborarekin, pasatzen da psikologikoagoa, sotilagoa, den beste batera. Uzten dituzte seinale gutxiago. Fisikoki ez dira hain gogorrak, baina psikologikoki izugarriak dira. Ezin diogu balioa kendu tortura psikologikoari.

Istanbulgo Protokoloa aplikatu diezue hamahiru pertsonari. Zertan datza?

Erreminta bat da torturaren biktimen lekukotasunaren sinesgarritasuna neurtzeko. Horretarako espresuki diseinatutako erreminta bat da, eta Nazio Batuen babesa du. Guk arlo psikologikoari erreparatu diogu. Bost ordu inguruko grabaketak dira, proba psikometrikoak, galdeketak... Egun askoko lana da. Aipatzen digutenean soilik hamahiru direla, kontuan eduki behar da prozesu luzea dela. Emaitza izan da sinesgarritasuna handia izan dela.

Txostenak datu bidez torturaren errealitatea deskribatzen du; bestalde, aztergaia sufritu duten pertsonak dira. Nola uztartu bi aldeok?

Euskal Kriminologiaren Institutuan ahalegintzen gara alde teorikoan ez geratzen. Errealitatearen dimentsioa ezagutzeko ezinbestekoa da zenbakiak ematea. Baina, bestalde, norbanakoa dago. Zer gertatu zaio? Bi dimentsio horiek daude, elkarren osagarri. Datuak hotzak dira, eta laguntzen dute arazoa ikusten; aldi berean, biktimarengana gerturatzen gara, eta norbanakoari begirako lan egiteko modu hori interesgarria da. Kostu handia du, pertsonaz pertsona ibili behar garelako.

Zertan lagundu dezake aitortzari begira?

Biktima orok du egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidea. Gu egiaren bila gabiltza. Tortura jasan duten gehienek eskatzen dute tortura egon dela aitortzea, eta negazionismoari aurre egitea. Askok esaten digute, entzutea, esaten dutena zalantzan ez jartzea, lekukotza onartzea mina arintzeko modu bat dela. Horrelako ikerketak ere garrantzitsuak dira politika publikoei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.