Halloween haizeak nabari dira New Yorken. Zabaldu dituzte mozorroen pop-up dendak, aldi baterakoak alegia; hiritarrak hasi dira fatxadak eta atarietako eskailerak atontzen, eta giroan ere igartzen da.
Aurrekoan, 24 orduz zabalik dagoen botika batera joan nintzen ilundu eta gero. Botika diot, baina botikez gain janaria ere izaten dute, garbitzeko gauzak, edozer. Esnea eta gurina falta zitzaizkidan hurrengo goizerako.
Kutxara iritsi nintzenean, kutxako mutila emakume heldu batekin hizketan zegoen. Hala ere, pasatzeko agindu zidan. Jende asko joaten da botika hartara bakardadetik ihesi.
Emakumeak esaten zion mutilari eskuan hazka ez egiteko.
—Eskumako eskuan hazka egiten baduzu, esan nahi du norbaiti dirua zor diozula.
—Ez naiz ari eskumakoan, ezkerrekoan baizik —erantzun zion segituan mutilak.
Emakumea niri begira geratu zen.
—Sorgin bat naiz —esan zidan.
—Ezagun duzu —bota nion nik, maitasunez—. Baina sorgin ona izango zara, ala?
Emakumea pentsakor geratu zen.
—Ogia ere ona da, eta denek nahi dute jan. Ez pentsa ona izatea beti ona denik.
Mutila barrez hasi zen. Han utzi nituen biak kalaka, eta dendatik atera nintzen.
Zebra-bidean geldirik nengoela, gizon bat nuen alboan.
—Begira ilargiari —esan zidan.
Ez nuen ezagutzen. Ilargiari begiratu nion. Eder zegoen, sandia xerra baten itxurarekin.
Gizonak behatz lodia gorantz jarri eta alde egin zuen.
A zer enkontru magikoak, pentsatu nuen. Halloween haizeak.
Etxera iritsi eta hazkura sentitu nuen eskuan.
Ezetz asmatu eskumakoan edo ezkerrekoan zen.





