Hauteskundeetako hainbat gako

Espainiako Gorteetarako bozetan, funtsezkoak diren hainbat eztabaidagai eta galderei buruzko erreportajeak jorratu ditu BERRIAk azken asteotan. Segidan, landutako gaien lapurpen bat.

Santiago Abascal, bizkarrez, apirilaren 13an Donostian eginiko ekitaldian, hara joandakoak agurtzen. Ondoan, Juan de Dios Davila. MAIALEN ANDRES / FOKU
2019ko apirilaren 28a
14:26
Entzun

Hizkuntza. Hizkuntzak hizpide izango dira datorren legealdian Espainiako Gorteetan. Gai hori bandera gisara hartu du Espainiako eskuinak, eta programetan neurri bat baino gehiago sartu ditu, euskaraz ez dakitenek jasaten duten "diskriminazioa" eragozteko asmoz. PPren, Ciudadanosen eta Voxen programak bat datoz puntu batean: galarazi egin nahi dute euskara jakitea derrigorra izatea lanpostu publiko batzuk lortzeko. Gehienez ere "meritu" gisa kontuan hartzea nahi dute. Planteamendu horrek kolokan jarriko luke urteotan administrazioetan egindako bidea. Euskarari lekua kendu eta "hizkuntza komuna" lehenestea nahi dute talde horiek.

Autogobernua. PPren gobernuaren biurtekoa kamutsa izan da Hego Euskal Herriko erkudeen autogobernua sakontzeko bidean. Are, autogobernuaren aurkako helegiteek zedarritu zuten Rajoyren lurralde ikuskera. Horrez gain, Espainiako Gobernuak Katalunian konstituzioaren 155. artikulua aplikatu izanak ateak ireki zizkion Madrilek nahieran erkidego bat kontrolatzeko aukerari. Sanchezek, aldiz, eskumen ugari emateko konpromisoa hartu du, baina promesetan gelditu dira haren hitzak. Bai PSOEk bai PPk lerro gorria ezarri dute: autodeterminazioa. Igandeko emaitzek erakutsiko dute autogobernuaren arloan zein jokaleku zabaltzen diren.

Espetxe politika. PSOEren gobernuak aurrerapauso batzuk egin ditu espetxe politikan. Baina galdera da: nahikoa egin du, ala gehiago egin zezakeen? Edo galdetu daiteke auzia konpontzen hasteko ireki ote duen atea zerbait. EAJk, Sortuk eta Foro Sozialak uste dute gehiago egin zezakeela; PSE-EEk ontzat jo du egindakoa. PSOE iazko ekainetik Moncloan denetik, nagusiki gertatutakoa da: 27 euskal presori eman diete bigarren gradua, eta lauri hirugarrengoa; lau preso Euskal Herriratu dituzte, eta beste 25 gerturatu; hiruk lortu dute irteera baimena; eta preso eri bat askatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta beste bati espetxe arindua ezarri dio.

Emakumeen hautagaiak. Hamabi urte beteko dira Espainiako hauteskundeen legedian gizon-emakumeen berdintasunerako neurriak ezarri zirenetik. Zehatzago, kuota sistema bat abiarazi zen, bermatzeko emakumeak izatea hautagaitza zerrenden %40 gutxienez. Datozen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Hego Euskal Herriko zerrendaburuen %35 ere ez dira andrazkoak. Emakume politikarien kantitateak egin du gora, legeak hala eskatuta; presentzia horren kalitatea nolakoa den, ordea, eztabaidagaia da egun.

Vox. Nagusiki PPn aritutako hautagaiak aurkeztu ditu Voxek Hego Euskal Herrian, baina alderdi ultraeskuindarrera joandakoen jatorria zabalagoa da: badira UPD, DNE, UPN eta CTCko kide ohiak ere. Abascalek senideak sartu ditu zerrendetan.

Hezkuntza. Ezegonkortasun handiko urteak izan dira Hego Euskal Herriko hezkuntzan. 2013an, Espainiako Kongresuko gehiengoa baliatuz, LOMCE legea onartu zuen PPk. Erroko aldaketak ekarri zituen hezkuntzaren esparrura; besteak beste, edukiak gehiago zentralizatzea —gai nagusiak Madrilek zehaztea— eta errebalidak ezartzea, irakastaldi bukaerako azterketak. Ez dago erabat indarrean LOMCE, PPk berak atal batzuk gelditu baitzituen, aurkako jarrerak ikusita. Mamua bueltan da, baina: zentralizazioa eta errebalidak aipatu dituzte PPk, Ciudadanosek eta Voxek.

Pentsioak. Pentsioen erreforma aurreko legealditik zintzilik geratu diren gai ekonomikoetako bat da, Hego Euskal Herrikoa ez beste autonomia erkidegoetako finantzaketarekin, Google tasarekin eta trantsizio energetikoarekin batera. Baina pentsioena bereziki garrantzitsua da, pentsiodunen etorkizuna ez ezik, kontu publikoena ere baldintzatuko duelako. Hau da, etorkizuneko pentsioak ordaintzeko hartuko diren erabakiek baldintzatu ahal dute zenbat diru dagoen beste gai batzuetarako —Estatuko aurrekontuetatik ordaintzen badira zenbait atal—, eta zer neurri hartu behar diren kontu publikoak orekatzeko.

Zertarako joan joan eta zer ekarri. Hego Euskal Herriko indar politiko nagusiak bat datoz garrantzitsua dela Espainiako Gorteetan lan egitea, baina helburuak eta eragiteko moduak oso desberdinak dira. Aukerak ugaldu egin daitezke hauteskundeen osteko egoera aurreikusten den bezain irekia baldin bada.

Memoria historikoa. Ustelduta. 1.500 kiloko harlauza baten azpian. Hala segitzen dute Francoren gorpuzkiek Erorien Haranean (Madril), nork mugituko zain. Horretarako eguna jarria zuen jarduneko gobernuak: ekainaren 10a. Hauteskunde kanpainaren atarian egin zuen iragarpena, aurrez Espainiako Kongresuaren babesa jasota —PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren—, eta lege dekretu baten bidez. Baina baliorik ez du oraingoz. Izan ere, diktadorearen familiak jarritako helegiteak direla-eta, etenda dago erabakia, eta hobitik ateratzeko prozesua. Auzitegi Gorenak du azken hitza. Eta epaileek esandakoa obeditu beharko du gobernu berriak, gorpua handik ateratzearen alde egon zein ez.

Senatua. Sarri jendeak ahaztu ohi duen ganbera da Senatua; alta, uste baino garrantzitsuagoa da, lurraldeekin zerikusia duten auziak han erabakitzen baitira. Kongresuan ez bezala, Senatuan eserlekuak ez dira proportzionalki banatzen, herrialdeko lehen indarrak lortzen baititu jokoan dauden lau eserlekuetatik hiru. Horrek ahalbidetu du historikoki eskuinak kontrolatutako eremu bat izatea. Antzera gertatu izan da Nafarroan ere. Duela lau urteko hauteskundeetan, lau eserlekuetatik hiru eskuratu zituen UPNk. Horri aitzin egiteko, 2015eko bozetan egin bezala, Nafarroan Aldaketa hautagaitza bateratua aurkeztu dute Gero Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak.

Inkestak. Nola egin inkesta bat, bozetan gertatuko denetik gertu egon dadin? Nola bildu datuak, eta nola ustiatu? Hauteskunde portaera ikertzen dutenek zailtasunak izan ohi dituzte, baina badituzte horiek gainditzeko mekanismoak ere.

Madrilgo begirada. Alderdiak sartu dira bete-betean kanpainan, 1978an abiatu zen bipartidismoa guztiz amai lezakeen parlamentu berrian ahalik eta pusketarik handiena lortzeko. PSOErekin eta PPrekin batera, Ciudadanos eta UP Unidas Podemos egonkortze bidean dira, eta, eskuin muturreko Vox alderdia gehituko zaie apirilaren 28tik aurrera. Ezin alde batera utzi Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleak ere, Espainiako Estatuaren batasuna eta Kataluniako independentzia prozesua gai nagusia diren kanpaina honetan. Horrek guztiak ezbaian jar dezake Espainiaren gobernagarritasuna.
 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.