Zuri-gorriak ez diren arropak janzteko azken egunak iritsi dira Iruñera. Sanferminen usaina gero eta handiagoa da, eta Iruñeko Peñen Federazioak larunbatean hasiko du ospakuntza, uztailaren 6an hasi beharrean. Izan ere, larunbatean ospatuko dute Iruñeko Peñen Eguna, eta egun horretan kaleak apainduko dituzten pankartak aurkeztu dituzte gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian.
Urtero bezala, gaurkotasun politiko handiko gaiak landu dituzte Iruñeko kaleetan barna ibiliko dituzten oihaletan, eta joan den urteko kezka batzuk berriz ere islatu dituzte. AEBetako presidente Donald Trump irudikatu dute berriz; ilustrazio batean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera agertzen da, «Genozidioen jolasa» idatzita daukan kutxa batean sartuta, eta bonbak nahieran jaurtitzen. Beste batzuetan, deabruaren adarrekin irudikatu dituzte. Palestinar herriarekiko elkartasuna irudikatu dute askok: angurri batekin, banderarekin, eta genozidioa salatuz. Ertzaintzak Loiuko (Bizkaia) aireportuan Global Sumud Flotillako kideen kontra egin zuen esku hartzea ere salatu dute batzuek: ertzain bat ikus daiteke borraz angurri bat suntsituz.
Eskuin muturraren kontrako mezuak ere izan dituzte hizpide: «Faxismoa ziztu bizian» kartelarekin ageri da Voxen buru Santiago Abascal, abiadura handiko tren batean igota. «Faxismoa Iruñetik kanpo!» eta antzeko mezuak ere ikus daitezke aurtengo karteletan. Gainera, aipatzekoa da Vito Quiles faxista ere irudikatu dutela: Voxen txotxongilo bat balitz bezala irudikatu dute batzuek; besteek, Donald Trumpekin batera, Iruñeko kaleetatik ihesean. «Horrelako jarrerarekin datozenak ez dira ongi etorriak», idatzi dute horietako batean.
Erasoen kontra
Eraso sexisten aurkako eta feminismoaren aldeko mezuak ere ageri dira pankartetan, eta horrekin bat egiten dutela adierazi du Rakel Arjolek, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak: «Gure jaietan ez dago tokirik eraso sexistetarako, ezta beste edozein indarkeria edo diskriminazio motatarako ere». Arjolek argitu duenez, peñen federazioan koordinatzeko beharra ikusi dute: «Berretsi nahi dugu gure peña guztiak emakumeentzako gune seguruak direla eta halaxe izanen direla aurrerantzean, edozein eraso izanez gero arduraz eta erabakitasunez jokatzeko prestatuak, erasoa nork egiten duen kontuan hartu gabe».
Kartel horiek guztiak Iruñeko kaleetan ikusteko aukera izango da larunbatean, Iruñeko Peñen Egunean. Urtero bezala, peñek bazkaria prestatuko dute Iruñeko zezen plazaren kanpoaldean 09:00etan, eta lehiaketa bat ere antolatu dute: Reyno Gourmeten bi sorta gastronomiko izango dira lehiaketako sari nagusia. Sanferminei begira jarriko dira 10:30ean antolatutako elkarretaratzean; izan ere, eraso sexistei aurre egiteko protokoloak azalduko dituzte, Arjolek aipatu duenez: «Iruñeko Peñen Federaziotik jai feministak, inklusiboak, irisgarriak eta indarkeriarik gabekoak defendatzen jarraituko dugu». Gero, azoka solidarioa hasiko da, eta bertan izango dira BDZ, Nafarroako Yala, Salam Gaza eta Dravet sindromea elkarteak. Azkenik, pankartak aurkeztuko dituzte 12:30etik aurrera, eta bazkalordura arte egongo dira ikusgai.