Ertzaintzak Loiuko (Bizkaia) aireportuan egin zuen esku hartzea zuritu zuen herenegun Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean: adierazi zuen istiluak agenteen kontrako «erasoen» ondorioz hasi zirela. Euskal Herriko Global Sumudentzat, «onartezina» da «herritarrei leporatzen saiatzea Poliziaren neurriz kanpoko hedatzeak sortutako egoeraren erantzukizuna». Tentsioa ertzainak egoteak eta ertzainen jarrerak sortu zutela adierazi dute: «Ertzaintza da gure kideen kontrako eraso bortitz, neurrigabe eta nahita egindakoaren erantzule bakarra».
Euskal Herriko Global Sumudek bi eskaera egin ditu: alde batetik, Zupiriak dimisioa eman dezala «berehala»; bestetik, Eusko Jaurlaritzak eten ditzala Israelekin dituen harreman eta kontratu guztiak. Oharra kaleratu du Zupiriak Eusko Legebiltzarrean esandakoei erantzuteko. Ukatu egin du Loiuko aireportura joandakoek Ertzaintza probokatu izana eta ertzainen kontrako erasorik egin izana: «Hala erakusten dute irudiek».
Ikusi gehiago
Euskal Herriko sei ekintzailek parte hartu zuten Global Sumud Flotillaren maiatzeko ekintzan: itsasoz Palestinara iristen saiatu ziren. Israelgo armadak, baina, nazioarteko uretan atxilotu zituen, eta tratu txarrak eman zizkien ekintzaileei. Euskal Herriko bi partaide Turkiako ospitaleetan artatu behar izan zituzten. Sei ekintzaileak larunbatean iritsi ziren Loiuko aireportura, eta senideek, lagunek eta Palestinaren aldeko herritarrek harrera egin zieten, baina ertzainak zeuden ongietorrian, eta sei ekintzaileei oldartu zitzaizkien. Borraz jo zituzten, eta lau pertsona atxilotu: bi ekintzaile eta ongietorrira joandako bi pertsona. Atxilotuei «desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua» egozten dizkiete.
«Kriminalizatzeko» asmoa
Euskal Herriko Global Sumudentzat, Zupiria Palestinarekiko elkartasuna «kriminalizatzen» saiatzen ari da. Sailburuak Eusko Legebiltzarreko agerraldian adierazi zuen atxilotuetako biek kartzela zigorrak bete zituztela ETAko kide izateagatik, eta haiek eragin zituztela «probokaziorik larrienak». Euskal Herriko Global Sumudek erantzun dio Palestinaren aldeko elkartasuna kriminalizatzen saiatzea «askatasun politikoen eta zibilen aurkako erasoa» dela: «Elkartasuna ez da delitua. Ekintzaile humanitarioei harrera egitea ere ez».
Ikusi gehiago
Zupiriak barkamena eskatu zuen, eta gertatua «bene-benetan» sentitzen zuela esan zuen. Euskal Herriko Global Sumuden ustez, «aurpegia garbitzen» ari da. Ez du ulertzen benetan sentitzen badu zergatik egozten dien gertatutakoaren errua ekintzaileei eta haiek babestera joandakoei. Ez du ulertzen ertzainek zergatik jarri behar zuten segurtasun hesi bat «elkar besarkatu behar zuten senideen artean». «Zer segurtasun?», galdetu du Euskal Herriko Global Sumudek.
Bi ongietorri
Gogoratu du larunbatekoaren aurretik beste bi ongietorri egin dizkietela beste flotilla batzuetako kideei, eta haietan ez dela inolako arazorik sortu. Larunbateko arazoak ertzainek sortu zituztela salatu du, eta azaldu du ertzainak iritsi ziren arte arazorik gabe egin zirela aireportuko joan-etorriak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari esan dio Loiun gertatutakoa «auzi politikoa» dela. Ertzaintzari egotzi dio Israelekin elkarlanean aritzea, eta Eusko Jaurlaritzari, berriz, Israelekin «milioi askoko kontratuak» izatea. Euskal Herriko Global Sumuden iritziz, Zupiriak «hipokrisia handia» erakutsi zuen, Palestinaren kontrako genozidioa gaitzesten duela esan zuelako, nahiz eta aldi berean «Eusko Jaurlaritzak erakunde sionistarekin milioi askoko kontratuak dituen».
Ikusi gehiago
Zupiriak jakinarazi zuenez, zazpi ertzain zauritu ziren Loiuko aireportuan. Euskal Herriko Global Sumud «harrituta» dago, «ertzainak izan zirelako gu jo gintuztenak». Gaitzetsi egin du ertzainak «biktima gisa» aurkezteko asmoa.
Euskal Herriko Global Sumudek ez du onartuko flotillako kideen kontrako neurririk. Norbait epaitzekotan Zupiria eta «jipoian parte hartu zuten ertzainak» epaitu behar direla uste du.
EHKSren eta Askeren gaitzespenak
Ane Ibartzabal EHKSko eledunak ere erantzun dio Bingen Zupiriari. Kontseilu Sozialistak Lino Figueroa eta Patxi Calleiras Global Sumud Flotillako kideekin egin du agerraldia; biak atxilotu eta torturatu zituen Israelek, eta Calleiras berriro atxilotu zuten, Loiun. Flotillako kideen aurkako «bortizkeria» salatu du Ibarzabalek, eta elkartasuna adierazi die. «Mundu osoan zehar lotsa sorrarazi du Ertzaintzak emandako harrerak», esan du, eta erantsi du ezen Zupiriak, barkamena eskatu ondoren, gertatutakoa justifikatu duela, «probokazioez eta erasoez hitz eginda».
«Lotsagarri» deritzo «ETAren aitzakia» erabiltzeari: «Jaurlaritzari galdetu nahi diogu zer behar duen makilakadei erantzuteko, duela ia hamarkada batetik existitzen ez den erakunde bat aipatuz? Eta azkenaldiko mantra berria ere ekarri zuen, are larriagoa: ezker erradikalarena. ETAren faltan, horrela justifikatzen da Poliziaren etengabeko jarrera bortitza», ziurtatu du.
Mugimendu Sozialistaren aurka berriro tematu da Zupiria, haren aburuz: «Sailburuak aspaldi dio hainbat sektorek Ertzaintzaren aurkako kanpaina bat dutela abian»; Kontseilu Sozialistako kideak ez daude ados: «Ez dago ertzaintzaren aurkako kanpainarik: errepresioa da». EHKSren ustez, Eusko Jaurlaritzarentzat «edozein disidentzia biolentzia da». «Baina denok ikusi dugu Iker Aranari eta Aritz Ibarrari tiro egin zietela, Amaia Zabarteri buruan ostikada bat eman ziotela eta Xuhar Pazosi begi bat kendu ziotela», zerrendatu dute. Eta ohartarazpen bat egin diote Zupiria sailburuari: «Ertzaintzaren ekintzek uzten duten odolaren arrastoa Segurtasun Sailaren ateraino iristen da».
Era berean, Aske antolakundeak gogor kritikatu du Ertzaintzaren eta Zupiriaren jokabidea. Haien ustez, «Poliziak kapitalisten ordena soziala auzitan jar dezakeenaren aurka egiten du, eta sistematikoki urratzen ditu Euskal Herri langilearen askatasun zibil eta politikoak». Askek gaitzetsi egin du Zupiria «flotillaren borrokaren zilegitasuna auzitan jartzen» saiatu izana «ETAren mamua astinduta». Azaldu dutenez, ez da sailburuak argudio hori erabiltzen duen lehen aldia; «izan ere, errepresioari beharrezkoa zaio jazarriko zaion pertsona edo taldea kriminalizatzea, gerora datozen oldarra eta kolpeak zilegitzeko».
Errepresioaren kontrako antolakunde horren arabera, Ertzaintzaren jokaerak eragindako arazoen muina «ez da polizia eredu jakin bat, edo ardi beltz batzuk egotea». Erantsi dutenez, egoera hori ez da Euskal Herriaren berezko arazoa: «gizarte kapitalista guztietan» gertatzen da, horietan «Poliziak betetzen duen funtzio sozialaren ondorio zuzena da». Hori dela eta, «beharrezkoa da horrelako gertakari errepresiboen aurrean modu eraginkorrean erantzuteko tresna politikoak sortzea». Gogorarazi dutenez, horretarako aukera izango da ekainaren 6an, Askek Durangon antolatutako Amnistia Egunean.
LURREKO KONBOIKO KIDEA IRITSI DA
Itsasoko flotillaz gain, Global Sumuden lurreko konboi bat ere saiatu zen Gazara iristen, Afrika iparraldetik barrena. Hogei herrialde baino gehiagotako 230 pertsona ziren: medikuak, ingeniariak, hezitzaileak, abokatuak, ekoeraikitzaileak... Gazatarrentzako laguntza zeramaten: zazpi anbulantzia, hogei etxe mugikor eta hamar laguntza kamioi. Astelehenean eraso egin zieten Libian. Konboi horretan euskal herritar bat zihoan: Haizea Urkixo. Ekintzailea atzo gauean iritsi zen Loiuko aireportura. Ongietorria egin zioten, eta ez zen izan inolako gorabeherarik. Konboi horretako hamar pertsona atxilotuta daude, «Libia ekialdeko agintariekin elkartzen saiatzeagatik». Global Sumudek eskatu du atxilotuak berehala eta baldintzarik gabe aske uzteko.