Kartan bakarrik zegoena eguneko menura eraman nahi du GOE Gastronomy Open Ecosystem zentroak: berrikuntza, ikerkuntza, eta ekintzailetza. Hori izan da Donostian emandako inaugurazio menua: zizka-mizka garratzak kanpoaldean, mokadu hotz samarrak ezkaratzean, baina lehen plater, plater nagusi eta azkenburuko beroak eta gozoak eraikinean.
Bjarke Ingles arkitekto daniarrak diseinutako eraikina. «Olatu berde bat, itsasoarekin tupust egiten duena», arkitektoak dioenez. Zurezkoak dituenak harrera lekuak, eta gorri kolorekoak formakuntzakoak: «Kolore gorriaren intentsitatea txuletak prestatzeko modutik dator: gutxi eginda, asko eginda, edo puntuan». Berritzailea eraikina, eta aurreskua: txapelik eta txistularirik gabea. Emakume doinuz kantatua eta dantzatua. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabala, Imanol Pradales lehendakaria buru dutela. Espainiako Gobernuaren izenean, Luis Planas Nekazaritza ministroa. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Nekane Arzallus Donostiako alkatea. Joxe Mari Aizega BCCko zuzendaria, eta Vicente Atxa Patronatuko presidentea. Eta sukaldariak, nola ez:  Elena Arzak, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategi, Eneko Atxa, Aitor Arregi eta Joan Roca, besteak beste.

Berandu samar egin dute familia argazkia. Pradales lehendakariak eta Planas ministroak bilera pribatua egin dute eraikineko bulego batean. Joxe Mari Aizega zuzendaria izan da hitza hartzen lehena. Emozioa, konpromisoa eta ekarpena: «Herritarrentzat dago pentsatuta, nahiz eta kanpoan protestan ari diren horietako batzuek oraindik ez duten ulertu». Vicente Atxarena lekukoa. Anbizioa, ilusioa eta dimentsioa: «Etorkizun goxoa». Luis Planasen lehen agurra eta eskertza euskal sukaldariei, eta aitortza BCCri: «Elkarlanean hasi ginen, ari gara eta arituko gara». Nekane Arzallus alkateak Eneko Goia izan du gogoan —auditoriumean dago hura ere—: «Haren ahaleginari esker, haren ikuspegiari eta inplikazioari esker ere bada hau». Eider Mendoza ahaldun nagusia, pozarren: «Egitasmo honek gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu». Eta harro: «Halakorik ez dago munduan». Pradales lehendakaria azkena. Emozioa eta anbizioa: «Berrikuntza gastronomikoan erreferente izateko anbizioari eusten diogu. Horregatik apustu hau. Horregatik GOE». Eta gonbidapena: «Sar zaitezte, eta dastatu ezazue. Uxatuko zaizkizue zalantzak».
Â