Salbuespeneko aurrekontuak aurkeztu zituen iaz Eusko Jaurlaritzak, mila milioi euroko aparteko zorpetze bat jaso baitzuen industria bultzatzeko. Datorren urterako, ordea, ez da halako gasturik espero, ez inbertsioei, ez zorrari dagokionez, eta, beraz, kontuak «neurrian» haziko direla iragarri du Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak. Hala ere, «zuhurtzia eta anbizioa» uztartu beharko dituztela azpimarratu du, ekonomiak hazkundeari eutsiko badio ere nazioarteko testuinguru «konplexuak» eta industriaren krisiak kolpetik alda dezaketelako dena.
2027rako aurrekontu proiektua egiteko lehen urratsa bete du gaur Eusko Jaurlaritzak, gidalerro ekonomikoak onartuta. Aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta egin du urratsa Ogasun eta Finantza Sailak. Eta, hain justu ere, apirileko argazkiari eusten dio: 2026an BPGa %1,9 haziko dela uste du, eta 2027an %1,6. Moteltzea agerikoa dela azpimarratu du sailburuak, baina ñabartu du Europako herrialde nagusietan ere aurreikuspena hori dela.
Hazkunde apalago horrek enpleguaren sorrera ere motelduko du, gainera. Aurten %1 inguru handituko dela uste du, baina %0,7ra jaitsiko dela datorren urtean. Horrek esan nahi du 10.000 lanpostu berri sortuko direla 2026an, eta 7.000 inguru, 2027an. Edonola ere, langabezia tasa %6,2 ingurura jaitsiko dela espero du Jaurlaritzak, hots, bost hamarren apalduko dela.
«Zorroztasun fiskala»
2027ko aurrekontuei dagokionez, ez da aldaketa handirik espero, ez gidalerroetan, ez kopuruetan. Ekonomiaren hazkundeari lotuta, diru bilketa ere hazi egingo dela esan du D’Anjouk, eta, beraz, aurrekontua ere «zertxobait handiagoa» izango dela. Dena den, eta bilketaren bilakaera «positiboa» den arren, azpimarratu du goizegi dela urtea nola itxiko den jakiteko. Urrian egingo den Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran egingo dute urte amaierara begirako aurreikuspena, eta horren arabera onduko dute aurrekontuen lehen zirriborroa gero.
Sailburuak azaldu duenez, bost ardatz izango ditu egitasmoak: «pertsonak politika publikoen erdigunean jartzea; hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bultzatzea; eraldaketa energetikoan eta jasangarritasunean aurrera egitea; bizikidetza, memoria eta giza eskubideak aintzat hartzea; eta, autogobernua eta nazioarteko proiekzioa indartzea». Eta premisa bat: «Herritarren berehalako premiei erantzutea eta etorkizunerako garapenaren oinarriak finkatzea».
Nolanahi ere, D’Anjouk ohartarazi du inbertsio estrategikoak bultzatzearen aldeko apustuaren eta «zorroztasun fiskalaren» arteko orekari eutsi beharko diotela. Gogorarazi baitu, besteak beste, Europako Batasunaren arau fiskalen esparrura egokitu beharko dutela. Jaurlaritzak jada badaki %0,3 defizit muga izango duela, eta %13ko zorpetze muga. Izan ere, hala adostu zuen Espainiako Gobernuarekin martxoan —2028ra arte luzatzea hitzartu zuten—.
«Gobernu honek gizarteak behar dituen eraldaketak bultzatzeko konpromisoa du, orain baita horretarako garaia, eta horretan ari gara»
NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua
Edozein kasutan, Madrilen baimena du malgutasunez jokatzeko, eta, aurten inbertsiorako gastu handirik espero ez bada ere, D’Anjouk nabarmendu du beharrezkoa balitz baliatu egingo dutela marjina hori. «Gobernu honek gizarteak behar dituen eraldaketak bultzatzeko konpromisoa du, orain baita horretarako garaia, eta horretan ari gara», azpimarratu du. Bide horretan, adierazi du legealdi hasieran onartutako plana garatuko dutela aurrerantzean ere. Hala, lehendik hartutako konpromisoak eta inbertsioak lehenetsiko dira, baina gizarte politiketan jarriko du diru gehiena, ohi bezala.
Urrian onartuko du aurrekontu proiektua Jaurlaritzak, eta Eusko Legebiltzarrera igorriko du ondoren. Hala ere, D’Anjou prest agertu da egitasmoa aurkeztu aurretik oposizioko taldeen ekarpenak jasotzeko. Iaz ere borondate hori erakutsi zuen, baina EH Bilduk negoziazio seriorik izan ez zela ziurtatu zuen. Bada, koalizioari mintzatu zaio gaur sailburua, zuzenean aipatu ez badu ere. «Ekarpen serioak» egiteko eskatu dio, eta handitu nahi duen diru sail bakoitza nondik kenduko duen zehazteko.