Negozio propioan zentratzeko eta zorra arintzeko beste urrats bat egin du Eroskik. Iragarri du Petroprix enpresari salduko dizkiola bere markako berrogei gasolindegiak. Ez du zehaztu zenbat diru jasoko duen.
Kooperatibak jakinarazi duenez, «trantsizio ordenatua» egingo dute; horretarako jarritako baldintzak bete ahala joango dira gasolindegiak Eroskiren eskuetatik Petroprixen eskuetara pasatuz. Prozesuak iraun bitartean, kontsumitzaileek ez dute alderik nabarituko, eta zerbitzua bermatu egingo dute. Eroskiren negozio nagusian, hots, elikagai salmentan ere ez du eraginik izango eskualdatzeak. Bi aldeek espero dute operazioa urte bukaerarako amaituta egongo dela.
Euskal Herrian ez ezik, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian ere baditu gasolindegiak Eroskik, berrogei orotara. Den-denak salduko ditu. Eroslea, berriz, Petroprix da, prezio apaleko gasolindegietan espezializaturiko Espainiako enpresa bat. Operazioa burututa, alor horretan duen lidergoa indartuko du Petroprixek, eta 245 zerbitzuguneko sare baten jabe izango da. Gasolindegi gehienak Espainiaren administraziopeko herrialdeetan ditu, baina Portugalen, Txilen eta Panaman ere baditu zerbitzuguneak.
Saldutako atalakÂ
Supermerkatuen negozio hutsari lotuta ez zeuden atalak saldu ditu azken hamarkadan Eroskik, nagusiki bere hedapen fasean pilatutako zor handia arintzeko. Horrela, 2017an If lurrindegi katearen ehundik gora denda saldu zizkion Alemaniako Douglas lehiakideari.
2022an, berriz, Iberostarrek erosi zion bidaia agentzien negozioa eta haren 140 dendak.
Aurretik, 2013an, Abac aisialdi eta kultura dendak itxi zituen.
Gasolindegiak salduta, Forum Sport kirol jantzien denda da Eroskiri banaketatik kanpo geratzen zaion negozio bakarra.
Ikusi gehiago
Desinbertsioen politika defendatu du Rosa Carabel Eroskiko presidenteak, eta horri esker gaur egun taldearen finantza osasuna ona dela adierazi du.