Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du Sidenorren Basauriko egoitzan egindako miaketa

Epaileak ez du aintzat hartuko lantegian aurkitutako informazioa, fiskaltzak eta Jose Antonio Jainagaren defentsak eskatu bezala. Gainera, auzitegian deklaratu zuen Gazako medikuari ukatu egin dio akusazio partikular gisa aurkeztea.

Espainiako Poliziak otsailaren 10ean egin zuen miaketa. LUIS TEJIDO / EFE
Espainiako Poliziak otsailaren 10ean egin zuen miaketa. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2026ko apirilaren 15a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak Sidenorrek Basaurin (Bizkaia) duen egoitza arakatu zuen otsailean, informazioa bilatzeko asmoz Israelgo armagintza konpainia bati egindako altzairu salmentaren inguruan. Miaketa Espainiako Auzitegi Gorenak aginduta egin zuen, zabalik daukan ikerketaren harira, baina baliogabetu egin du orain, hura baimentzeko zantzu nahikorik ez zegoelakoan. Fiskaltza eta Jose Antonio Jainagaren defentsa ere egoitza nagusian eginiko ikerketaren aurka agertu ziren. 

Sidenorreko presidenteak helegitea jarri zuen enpresaren egoitzan egindako miaketa baliogabetu zezatela eskatzeko. Argudiatu zuen erabakiak ez zuela lege oinarririk eta haren bidez oinarrizko eskubideak urratu zizkiotela. Bada, apelazio auzitegiak arrazoia eman dio, eta argudiatu du miaketa baimentzeko Francisco de Jorge epaileak sinatutako autoan ez dagoela ikertzen ari diren delituei buruzko «zantzu nahikorik», ez eta «susmo sendorik» ere. Ebazpena sinatu duten epaileek adierazi dute, gainera, «atzera begirako ikerketa bat egiteko arriskua» ikusten dutela, eta eskatutako informazioa helarazi duela enpresak une oro, justiziarekin lankidetzan jarduteko borondatea azalduta. 

Epailea bi delitu posible ikertzen ari da: kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu baten konplizea izatea. Epaileak uste du Sidenorrek bazekiela altzairu hori armak ekoizteko erabiliko zuela Israel Military Industries (IMI) Israelgo armagintza enpresak. Izan ere, enpresa horrek armak ekoizten ditu soilik: ez du arlo zibilik. BERRIAk aurreratu zuen Sidenorrek 42 altzairu bidalketa egin zizkiola 5,8 milioi euroren truke, eta horietako 33 Gazako genozidioa hasia zenean izan zirela. 

Azaroan, ikerketaren ardura daraman Francisco de Jorge epailearen aurrean deklaratu zuen Jainagak, eta argudiatu ez zuela debekurik hautsi Israeli altzairua salduta, esportatutako altzairua ez zegoelako administrazioak kontrol berezipean jartzen dituen produktuen artean. Egoitza miatu ondoren ere, azaldu zuen ez zekiela saldutako altzairua obusak egiteko erabili ote zuten, agirietan hala adierazita agertzen bazen ere. Basauriko egoitzan aurkitutako mezu batean ageri zen informazio hori, hain zuzen ere. 

Agiria armagintzaren sektoreko hainbat bezeroren zerrenda bat da, herrialdeka sailkatuta dago, eta izenen alboan salgaia zertarako erabili den agertzen da, «pieza» izenburuko zutabe batean. Israelen epigrafean, IMI Systemsen lerroan, obusak hitza ageri da erabileraren zutabean. Israelgo beste enpresa bat ere ageri da, Israel Weapon Industries, eta, ustez, hark ere obusak egiteko erabili zuen altzairua. Agiri horrek ataka estuan jarri zuen enpresa, baina, miaketa baliogabetuta geratu denez, epaileak ezingo du aintzat hartu. 

Bide bat itxita

Horrez gain, apelazio auzitegiak ukatu egin dio Reffat Alathamma mediku gazatarrari akusazio partikular gisa aritzea auzian. Epaileak onartu egin zuen hasieran, eta medikuak martxoan eman zuen lekukotza. Apelazio auzitegiak argudiatu du, ordea, zigor zuzenbidearen arabera ezinbesteko baldintza dela kaltetuaren eta delitua egozten zaionaren artean «lotura zuzena» egotea, eta kasu honetan ez du halakorik ikusten.

Jainaga eta harekin inputaturiko zuzendaritzako beste bi kideak genozidio baten konplize gisa ikertzeko atea zabaltzen zuen horrek, genozidio horren zuzeneko biktima batek jarri behar baitu salaketa horretarako. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza akusazio horren aurka agertu zen, ordea, eta hiru zuzendariak kontrabando akusazioagatik bakarrik ikertzeko eskatu .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA