Gutxieneko soldata propioaren Maiatzaren Lehena izan zen iazkoa, ñabardurak ñabardura sindikatu guztiek bat egin baitzuten 1.500 euroren zenbakiaren inguruan. Aurten, aldarrikapen hori inondik inora ez da itzali, eta lehen lerrora eraman dute, esaterako, ELAk eta LABek. Baina eskaera horri beste batzuk batu zaizkio 2026ko Maiatzaren Lehen eguzkitsuan: etxebizitza lortzeko zailtasuna, lanpostu askoren prekaritatea, eta giza eskubideen defentsa eskuin muturraren erasoen aurrean, besteak beste.
Baina, eta horretan ere aho batez, gerraren eta inperialismoaren aurkako ahotsak ere ozen entzun dira Euskal Herriko kaleetan, dela Palestinaren aurkako genozidioarengatik, dela Iranen eta Libanoren aurkako erasoengatik.
Manifestaziorik goiztiarrenak Maulen eta Baionan egin dituzte. Hego Euskal Herrian ez bezala, sindikatu nagusiek elkarrekin manifestatzera deitu dute. Prekaritatearen eta lan baldintzen okertzearen aurka borroka egitera deitu dute CGT, LAB, FSU, Sud, eta Solidaires sindikatuek, eta, lan baldintzarik okerrenak dituztenei eginiko keinu gisa, Lapurdiko hiriburuaren iparraldeko langile auzoan bukatu dute manifestazioa, Gaskoien plazan.
Ikusi gehiago
Gainera, testuinguru berezi bat ari da markatzen eguna. Izan ere, Frantziako Gobernuak atzera bota behar izan ditu Maiatzaren Lehenaren inguruko merkataritza liberalizatzeko saiakerak, protesten ondorioz.

Hego Euskal Herrian, berriz, gutxieneko soldata propioa da sindikatuen eskaera nagusietako bat, eta gai hori bere deialdiaren lehen lerrora eraman du ELAk, Bilbon eta Iruñean egindako mobilizazioetan. Bizkaiko hiriburuan izan da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, sindikatuaren arabera bertan elkartu dituen 10.000 manifestarien aurrean.
Gerraren eta kapitalismoaren aurkako aldarri batekin hasi du hitzaldia. «Txikizioa, miseria eta heriotza dakarren eredu kapitalista basati horren aurrean, ikuspegi matxista eta patriarkalak sortutako indarkeriaren apologiaren aurrean, Maiatzaren Leheneko balioak aldarrikatu nahi ditugu. Irango gerraren, Libanoren okupazioaren eta Palestinako genozidioaren aurrean, Maiatzaren Lehenaren balioak aldarrikatu nahi ditugu», esan du ELAko idazkari nagusiak. «Yankiak kanpora!» oihukatu, eta ziurtatu du munduaren «bi arrisku nagusiek» Donald Trump eta Benjamin Netanyahu dutela izena.
Ikusi gehiago
Gutxieneko soldata propioa izan da ELAren aldarrikapen nagusia azken hilabeteetan, eta Maiatzaren Lehenean ere gai horri heldu dio. «Ez dugu nahi beste inork gure izenean erabakitzerik; ez dugu nahi inork Madrildik bere prekaritatea inposatzerik. Izan ere, espainolista da esatea gutxieneko soldata hobetzea insolidarioa dela, eta gurean ezin da erraz saldu: alderdiek eta sindikatuek esaten dutenean 1.200 euroko soldata 1.500 eurokoa baino hobea dela, adarra jotzen ari dira egoerarik okerrenean dauden langileei. Izan ere, 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dugu herri honetako milaka eta milaka emakumeren bizimodua hobetzeko: 1.500 euroko gutxieneko soldatarekin justizia feminista lortu nahi dugu».
Herritarrek gutxieneko soldata propioa bere egin dutela eta martxoaren 17ko grebarekin erakutsi zutela uste du ELAk, eta horregatik agindu du ez dutela etsiko hura lortu arte. Eusko Jaurlaritzaren aurka ere egin du Lakuntzak, bere iritziz parte hartze instituzionaleko lege berrian «ELAri eta LABi mehatxua egiteagatik», eta, ELAk lehen aldiz bere historian 50.000 emakume kide dituela nabarmendu ondoren, «euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea» aldarrikatu du.
Euskara eta erdara juridikoki parekatzeko eskatu du, eta maiatzaren 9an LABekin eta Steilasekin batera euskararen alde antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu ditu bere aurrean bildutako milaka lagunak.

LAB
LAB sindikatuak ere gutxieneko soldata propioa eskatu du hiriburuetan eta herri nagusietan egindako mobilizazioetan, Etxebizitza eskubidea. Kalitatezko zerbitzu publikoak. Soldata eta pentsio duinak leloa erabiliz. Iruñekoan, Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak zorionak eman dizkie erresidentzietako langileei, lehen aldiz lan hitzarmen propio bat izango dutelako, eta horretan 1.500 euroko gutxieneko soldata bat bermatuko zaielako. Haren iritziz, itun horrek erakusten du Nafarroan negoziatzeak lan baldintza hobeak bermatzen dituela Espainian negoziatutako hitzarmenetan baino.
Ikusi gehiago
Iranen aurkako erasoen ondorioz, «energia enpresa handiek beren irabaziak handituko dituzte», hala ziurtatu du Karrerak, eta salatu du faktura herritarrek ordainduko dutela, prezio garestiagoak izango direlako eta zerbitzu publikoak hondatuko direlako. Horren aurrean, autogobernu handiagoa eta ekonomiaren kontrol publikoa aldarrikatu ditu LABeko ordezkariak.
CCOO eta UGT
Batera atera dira kalera, berriz, CCOO eta UGT, Hegoaldeko lau hiriburuetan. Eskubideak eta ez lubakiak. Soldatak, etxebizitza eta demokrazia izan da haien leloa. Gasteizen, dozenaka lagunekin batera izan dira PCEko, Ezker Anitzako eta PSE-EEko hainbat ordezkari, tartean zirela Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea.
Bi sindikatuen ikurrak eskuetan hartuta egin dute Florida parkerainoko bidea, eta tarte horretan ozen oihukatu dituzte «faxismoaren aurka, sindikatuen borroka», «gora langile klasearen borroka» edo «putreak etxebizitzetatik kanpora» leloak. Baina beste aldarri batzuk ere ikusi dira: komunistek kapitalismoaren aurkako pankarta propioa eraman dute, esaterako, eta Arabako metalgintzaren sektorearen eta Glovoko banatzaileen aldekoak ere eraman dituzte hainbatek.

EHKS
Euskal Herriko Koordinakunde Sozialistak ere Iruñean egin du manifestazioa, eta 3.000 lagun inguru elkartu ditu Gerra inperialistaren aurka NATO desegin eta sionismoa suntsitu lelopean. Amaierako ekitaldian, aldarrikatu du «gerra inperialisten aurka langile antolakuntza» dela bidea, eta gerrari ezetz esateak «NATOri, inperialismoari eta sistema kapitalistari» ezetz esatea dakarrela.
EHKSren arabera, gerrak logika inperialistari eta eredu kapitalistaren krisiari erantzuten dio. «Horri buelta emateko, indartsuenaren legea batere disimulurik gabe ari dira defenditzen; militarki lortu nahi dituzte beren negozioa mantentzeko behar dituzten baliabideak eta eremu estrategikoen gaineko kontrola». Sionismoa, berriz, «gizateriarentzat arrisku bat» dela nabarmendu du, eta gogora ekarri du Israelen asmoak ezin direla gauzatu «NATOren eta Europako Batasunaren konplizitaterik gabe».
Egoera horretan, koordinakundeak uste du «nor bere lurraldean gotortzeko» arriskua dagoela. «Euskal Herrian alderdi instituzional guztiak, ezkerretik eskuinera, bide horretan dira; baina oker daude». Gaineratu duenez, euskal herritarren ongizatea «euskal burgesiaren negozio inperialistetan oinarritzea langileen aurka joatea da. CAF, Repsol, Iberdrola, Sapa eta beste hainbat enpresaren irabaziek munduko milaka pertsonaren irabaziak eta miseria dituzte oinarri. Etikoki ez da onargarria».

Euskal Herriko Koordinakunde Sozialistako kideak, Iruñeko Foruen plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
CNT
Bilboko Kale Nagusitik Arriagara arteko bidea egin du CNTk, ehunka jarraitzaileren babesarekin. Antzokiaren aurrean, sindikatu anarkosindikalak Tubos Reunidosen langileen egoera gogorarazi du, eta 240 langileren kaleratzea, altzairutegiaren itxiera eta logistika sailaren azpikontratazioa salatu ditu, baita hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko mehatxua ere. Aida Arroyo Noval bozeramaileak adierazi du agindu bidegabeen aurkako desobedientzia eta ekintza zuzena direla erreformismoaren alternatiba. «Ez dago etorkizunik desobedientziarik gabe».
Endika Alabort Amundarainek, berriz, pospoloen metaforatik abiatuta —bakarra erraz hausten da; multzoa, ez—, azaldu du langile klasearen erresistentzia gaitasuna lantokietan duen antolakuntza egonkorraren araberakoa dela, ez soilik kalean puntualki agertzearen araberakoa. Bide horretan, esan du «oraindik amaitu gabeko antolaketa prozesu baten abiapuntu gisa» ulertzen duela martxoaren 17ko greba orokorra.
Iruñean, zenbait sindikatu batera
CNT, CGT, Steilas, Solidari eta ESK batera agertu dira Iruñean, Kapitalismoaren, gerraren eta beldurraren aurrean, elkarlaguntza eta klase elkartasuna lelopean. Egoera soziopolitikoa eta gerra izan dituzte hizpide: «Zerbitzu publikoen etengabeko hondatzea» salatu dute, eta prekaritatearen, ezegonkortasunaren eta beldurraren ondorioak nabarmendu dituzte: «Lan arriskuak areagotzen dituzte, eta, horrekin batera, istripuak, lan gaixotasunak eta heriotzak ugaldu».
Adierazi dutenez, horri gehitu behar zaizkio «eliteen interes ekonomikoek eragindako gerrak eta gatazkak». Sindikatu horien aburuz, klase sindikalismoak «anbiguotasunik gabe» aurre egin behar die faxismoari eta autoritarismoari: «Berriro ere, langileak dira haien sarraskien biktima nagusiak».
Maiatzaren Lehena borroka eguna dela aldarrikatu nahi izan dute sindikatuek: «Iraganeko borroken oroitzapenak lagundu egiten digu gaur egungo erronkei erantzuten».
Sexu langileak Bilbon
Sexu langileek eta haien aldarrikapenen aldeko zenbait lagunek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Sexu lana lana da goiburupean. «Eskubideak eta aintzatespena» eskatu dituzte: «Sexu lanaren jarduera ez aitortzeak lan hori kriminalizatzea dakar, oinarrizko gizarte eta lan eskubideak lortzea eragotziz», adierazi dute.

Elkarretaratzeak iraun duen bitartean, «abolizioa ez da soluzioa», «gura puten borroka», «eskubideak, ez debekuak» eta antzeko oihuak egin dituzte.