Hotza hurbiltzen, eta biltegiak ezin bete

Europako Batasunak azken urteetako maila baxuenean ditu gas erreserbak. Nazioarteko gatazken ondorioz, garestitu egin da energia, eta orain zalantzan dago Bruselak neguari aurre egiteko adina baliabide izango dituen.

Greziako gasontzi bat Bilboko portuan deskargatzen, iragan apirilean. LUIS TEJIDO / EFE
Greziako gasontzi bat Bilboko portuan deskargatzen, iragan apirilean. LUIS TEJIDO / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik giro epela nagusi den arren, badator negua Europara, eta laster hasiko gara etxean hotza sumatzen. EB Europako Batasuna, baina, oraindik ez dago horretarako guztiz prest, gas biltegiak behar bezala bete gabe baititu. Izan ere, nazioarteko gatazkek berriro astindu dute energia merkatua aurten, eta Ekialde Hurbileko ezegonkortasunak estutu egin du Brusela: gasaren prezioa gora egiten ari da berriz, eta erreserbak azken urteetako mailarik baxuenetan daude.

2022an, Ukrainako gerra hasi zenean, ageria izan zen Europaren energia horniduraren ahulezia. Moskuk gasa presio politikorako tresna gisa erabili zuen, eta prezioek inoiz ikusi gabeko gorakada izan zuten. Egoera hari erantzuteko, EBk neurri sorta zabal bat onartu zuen: estatu kideak behartu zituen gas biltegiak gutxienez %90ean betetzera negua hasi aurretik, hornidura sareak dibertsifikatzen hasi zen, eta GNL gas natural likidotuaren azpiegituretan inbertsio handiak egin zituen.

Neurri horiek emaitzak izan zituzten krisialdian, eta hurrengo urteetan Europa neguei aurre egiteko gai izan da. Baina aurten egoera bestelakoa da. Gas biltegiak %70 inguruan daude, urte sasoi honetan ohikoa den %86ko batezbestekotik urrun. Hala, erreserbak azken urteetako mailarik apalenetan daude, eta horrek kezka sortu du merkatuetan.

Hobekuntzaren zain

Aurten ere, EBko herrialdeak lurpeko gas biltegiak betetzen hasi ziren udaberrian, negurako prestatzeko; baina Ormuzko itsasartearen blokeoak hankaz gora jarri zituen europarren asmoak. Itsasarte hori estrategikoa da, handik igarotzen baita munduko GNLaren parte handi bat. 

Ondorioz, gasaren prezioa bikoiztu egin da AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik, eta, hala, azken urteetako preziorik handienera iritsi da. Horiek horrela, Europako energia enpresa askok estrategia aldatu zuten uda iritsi aurretik: gasa gero eta garestiago dagoenez, biltegiak betetzeko erosketak atzeratu zituzten, merkatuaren egoera noiz hobetuko zain. 

Hobekuntza hori, ordea, ez da iritsi. Ormuzko itsasarteko trafikoa ez da oraindik leheneratu —gerra aurretik igarotzen ziren ontzien %15 eta %25 bitartean igarotzen dira orain—, eta Qatarrek, munduko GNL esportatzaile nagusietako batek, aurreko astean iragarri zuen gas entregak berriro hilabete bat atzeratu beharko dituela.

Nazioarteko gatazken ondorioek ez ezik, Asiako eskariaren hazkundeak ere eragina izan du GNLaren prezioan. Azken urteotan, Indiak, Pakistanek eta Bangladeshek, besteak beste, nabarmen handitu dute energia eskaria. Hala, duela urte batzuk Europak erraz eskuratzen zuen GNLaren parte bat Asiako merkatuetara bideratzen da gaur egun, eta erosle horiek ezarritako prezioan ordaintzeko prest daude. Horrek lehia zuzena sortu du Asiaren eta Europaren artean, eskaera handituta merkatu globala are gehiago tenkatu baita.

Prezio igoerak zer dakarren

Adituek, dena den, azaldu dute egoerak ez duela zertan hornidura eskasia eragin, baina EBren marjina askoz txikiagoa izango da. Hau da, Europak aurreikusi baino segurtasun txikiagoz egin beharko dio aurre neguari.

Iragan urteetan, tenperaturak jaistean, EBko kontsumoaren heren bat lurpeko biltegietan gordetako gasak betetzen zuen. Aurten zaila izango da herrialdeek aukera hori izatea. Horregatik, estatu kideek erabaki beharko dute zer egin: prezio handitan gasa erosi eta biltegiak bete, edo ziurgabetasunari eutsi eta erreserba txikiagoekin iritsi negura.

EBk mantendu egin du urritik abendura bitartean biltegiak %90era izateko helburua. Baina egoera ez da orduan bezain larria, eta, beraz, %10eko malgutasun tartea onartu du merkatuaren egoera bereziari erantzuteko. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak urriaren 6an adierazi zuen energia krisia EBko larrialdi politiko nagusietako bat zela, eta iragarri zuen Bruselak erosketa bateratuak indartuko dituela, baita Europako findegiekin harremana gehiago landuko zutela ere, Europako hornikuntza autonomoa eta garbia bizkortzeko. Europako erakundeek, hala ere, azpimarratu dute beren asmoa ez dela biltegiak kosta ahala kosta betetzea; horrek prezioak are gehiago puztu ditzakeelako. Horren ordez, hornidura segurtasuna eta merkatuaren egonkortasuna uztartu nahi dituzte.

Dena den, gasaren garestitzea dagoeneko hasi da herritarren poltsikoetara iristen, eta, neguko gastuen igoera aurreikusita, EBko herrialdeak laguntzak prestatzen hasi dira. Esate baterako, Espainiako Gobernuak neurri berriak iragarri zituen iragan astean, eta gas naturalaren tarifa arautua mugatzea erabaki zuen. Gasaren prezio igoera %35era mugatuko du urrian, eta ondorengo berrikuspenetan %15era.

Errusiako gasik gabe geratuko da Bilboko portua

2022an Errusiak Ukrainari eraso egin zionetik, Europako Batasuna neurriak ezarriz joan da Moskuren energiarekiko zuen mendekotasuna murrizteko. 2021ean, EBk 150.000 milioi metro kubiko baino gehiago inportatu zituen Errusiatik; 2025ean, berriz, kantitate hori 36.000 milioira jaitsi zen. 

Ildo horretan, udaberrian guztizko debekua iragarri zuen Bruselak: 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezingo da kontratu berririk sinatu Errusiako gas enpresekin, eta irailetik aurrera indarrean dauden kontratuak ere amaitu beharko dira. 

Debeku horrek eragin zuzena izan dezake Bilboko portuan, azken urteotan gas asko inportatzen baitu handik. Are gehiago, aurten bertan handitu egin da Errusiatik iritsitako gas bolumena. Urteko lehen bost hilabeteetan Bilboko portura sartutako Errusiako gasa %59 handitu da, eta AEBetatik iritsitakoa %40 apaldu. 

Dena den, EBren debekua indarrean sartzean, joera hori irauli beharko da, eta hornidura berriak bilatu beharko dira Amerikan eta Afrikan, besteak beste.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA