Aurreikuspen ekonomikoak motz geratu dira Nafarroan. Nastat estatistika erakundeak atzo iragarri zuen jarduera ekonomikoa %2,3 handitu zela iaz, gobernuak espero baino hamarren bat gehiago, alegia. «Erakusten du Nafarroa ekonomikoki sendo eta erresiliente dagoela nazioarteko testuingurua konplexua eta ziurgabea den honetan», azpimarratu zuen Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Joan den astean, Eustatek aurreratu zuen EAEko ekonomia %2,3 handitu zela, eta, beraz, ondoriozta daiteke Hegoaldeak hazkunde tasa hori izan zuela 2025ean.
Ikusi gehiago
Goizean aurkeztutako emaitzak lehen aurrerapena baino ez dira, eta martxoaren 26an emango ditu behin betiko datu ofizialak Nastatek. Dena den, koadro makroekonomikoak agerian uzten du iaz BPG barne produktu gordinak abiada iraunkorra izan zuela hiruhilekoz hiruhileko. Hau da, urritik abendura bitartean %0,5 azkartu zen jarduera, aurreko hiruhilekoetan bezala. Urte arteko hazkunde tasa, berriz, %2,1ekoa izan zen, 2024ko azken hiruhilekoarekin alderatuta.
Beraz, urte osoko dinamikari eutsi dio ekonomiak, nahiz eta azken txanpan bultzada handiagoa izan. Horri esker hobetu dira aurreikuspenak. Hala, barne kontsumoak eta zerbitzuen sektoreak eutsi diote neurri handi batean hazkundeari, eta eraikuntza «sendo» ibili da, Arastiren hitzetan. Industriak, baina, ezinbestean nabaritu du nazioarteko merkataritza gatazkaren eta tentsio geopolitikoen eragina. «Ekipo ondasunen inbertsioa ahuldu egin da industriaren ataka zail horren eraginez».
Nafarroari dagokionez, industriako fabrikarik handienaren egoerak ere galgatu du jarduera. Volkswagenen fabrika murgilduta dago auto elektrikoen produkziora egokitzeko lanetan, eta, horren ondorioz, hala ibilgailuen produkzioa nola esportazioak nabarmen jaitsi dira; zehazki %18 —225.225 auto ekoitzi zituen iaz—. Horrek autogintzari eragin dio, baina Europako industriaren motelaldiak eta nazioarteko eskari ahulak ondorioak izan dituzte sektore osoan.
Industria produkzioa, behera
Urtarriletik azarora bitartean, industria produkzioa %1,9 beheratu zen, 2024ko epe bereko datuekin alderatuta. Azpisektoreen artean, beherakada batik bat metalgintzan (-%3,9) eta autogintzan (-%10,3) nabaritu zuten. Beste alor batzuek, aldiz, dinamismoz jardun zuten, hala nola elikagaien industriak (+%2.1), papergintza-zurgintzak (+%3,5) eta energiaren sektoreak (+%11,9). Dena den, azarora arteko datuak aintzat harturik, atzerrian %5,3 gutxiago saldu zuten enpresek.

Lan merkatua «sendo» ikusten du Arastik. Aurreko urtean baino 5.000 langile gehiagok eman zuten izena Gizarte Segurantzan; hortaz, «beste marka historiko bat» ezarri da okupazioari dagokionez, 317.337 afiliatu baitzeuden abenduan. Dena den, «alerta seinale batzuk» antzeman ditu gobernuak. INE estatistika erakundearen Biztanleria Aktiboaren Inkestak islatu du enplegu sorkuntzak «indarra galdu» duela eta langabeziak gora egin duela. «Datu horiek zuhurtziaz interpretatu behar dira, eta, horren ondorioz, arreta jarri beharko dugu ondorengo hilabeteetan aterako diren lan merkatuko adierazleetan», esan du Arastik, INErenak inkesta bateko datuak direla azpimarratu nahirik.
Hasi berri den urteari begira, ekonomia %1,8 haziko dela uste du Nafarroako Gobernuak. %1,6 eta %2,1 artekoak dira finantza erakundeen aurreikuspenak, eta gobernuarena, hortaz, erdibidean dago. Arastiren arabera, barne kontsumoak indartsu eusten dion artean, oinarri egonkorra du ekonomiak. Dena den, arriskuez ohartarazi du: «Industriaren suspertze motelak eta nazioarteko merkataritza tentsioek ekonomia baldintzatuko dute aurrerantzean ere».
Industria funtsa
Iazko otsailean partaidetza publiko-pribatuko funts baten berri eman zuen Nafarroako Gobernuak. Arastik aurreratu du «aurki» jakinaraziko dutela zenbat diru bildu duten eta zer enpresek parte hartuko duten bertan.
Gainera, 2025etik 2029rako ekarpenaren negoziazioak ez dira hasi ere egin. Arastiren arabera, «hizketan» ari dira Madrilekin, baina negoziazioei ekiteko funtsezkoa da 2025eko Espainiako aurrekontuak finkatuak izatea. Halaber, kontuan hartuta gaur-gaurkoz Espainiako Gobernuaren egoera politikoa delikatua dela, Arasti ez da ausartu esatera noiz hasiko diren negoziazioak ofizialki.