Petronorren atzo izandako istripuak alarma piztu du Muskizko (Bizkaia) eta inguruko herrietako biztanleengan. Gas isuriak eragindako usain are txarragoa nabaria zen egun guztian. Hala ere, gauera arte ez zieten etxean geratzeko gomendioa egin herritarrei. Hori dela eta, hartu beharreko neurriak «berandu» hartu izana egotzi die Meatzaldea Bizirik taldeak agintariei. Are, findegian «bata bestearen atzetik» gertatzen ari diren istripuak direla eta, «gardentasunik eza» agerikoa da, taldearen arabera.
Meatzaldea Bizirik-ek ziurtatu du ez duela orain arte Muskizko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko aukerarik izan azken aste eta hilabeteetako gertaerei buruz. «Gainontzeko herritarrek jaso dituzten abisuak baino ez ditugu jaso», zehaztu du Sara Ibañez taldeko kideak. Hori dela eta, «arduraz jokatzeko» eskatu die agintariei eta alderdi politikoei: «Batez ere EAJ eta PSE-EEri». Izan ere, «EH Bilduk hainbat galdera aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean dagoeneko, abenduan egin bezala», ekologistek aurreratu dutenez.
Erlazionatuta
Atzoko bentzeno isuria ez da izan Petronorrek Muskizen duen findegian azkenaldian gertatutako istripu bakarra: «bata bestearen atzetik gertatzen ari dira», gaitzetsi du Ibañezek. Abenduan ere antzeko istripu bat gertatu zen, gasolina tanke batean hura ere, eta bentzeno maila handiak antzeman zituzten inguru berean. Gainera, joan den asteburuan ere albiste izan zen findegia, argindar eten batek ke laino beltzak eragin zituelako Muskizen.
«Petronorrek, ordea, beti egiten du gauza bera: gas horiek erre, eta tximinietatik airera isurtzen dituzte. Gainera, bentzenoa soilik aipatu dute, baina tolueno eta xileno mailak ere oso handiak izaten ari dira», ohartarazi du Meatzaldea Bizirik taldeko kideak. Azken bi gas horiek oso kaltegarriak dira, «baina ez dago horien isurketa arautzen duen legerik».
Medikua ere bada Ibañez, eta gas horiek herritarren osasunean eragin ditzaketen kalteez mintzatu da: «Oso produktu toxikoak dira, kantzerigenoak. Eta egia da minbizia izateko arriskua handitzeko denbora asko eman behar duzula arnasten, baina oso arriskutsuak dira arnasteko zailtasunak dituzten pertsonen, adinekoen edo haurren osasunerako».

Azaldu duenez, arnasbideei eragiten diete. Larruazaletik ere xurgatzen dira, eta gernuaren bidez kanporatu. «Hori dela eta, Petronorreko langileei gernu azterketak egiten dizkiete maiz. Biztanleriari, ordea, ez». Urdaileko ondoeza, gorakoak eta buruko mina ere ohikoak izaten dira, Ibañezen arabera.
Egoera oso larria
Muskizen ez ezik, inguruko herrietan ere «herritarren ezinegona handia» da. Abantoko Las Carreras auzoko Stop Variante plataformak ere «oso larritzat» jo du egoera. «Bentzeno maila altua, usain txarra eta alerta dela eta, alarma sozial sakona sortu da. Ez gara gertakari bakanez ari; behin baino gehiagotan gertatu da, eta erantzun argiak, gardentasuna eta benetako irtenbideak behar dira», adierazi du talde horretako kide Jon Andoni Cobok. Bizitzen ari direna lau hitzetan laburbildu du hark: «sumina, haserrea, beldurra eta larritasuna».
«Egia da minbizia izateko arriskua handitzeko denbora asko eman behar duzula arnasten, baina oso arriskutsua da arnasteko zailtasunak dituzten pertsonen, adinekoen edo haurren osasunerako»
SARA IBAÑEZ Meatzaldea Bizirik taldeko kidea
«Haserre gaude; izan ere, 10:00etan ihes baten berri izan genuen; zerbait puntuala zela eta konponduta zegoela ematen zuen», gaitzetsi du Las Carreraskoak. «Egun osoan ohiko bizitza egin genuen, beti bezala», Cobok zehaztu duenez. «Eguraldi ona zegoenez, jende asko zebilen kalean. Haurrak eskolan ziren, entrenamenduak izan ziren arratsaldean, eta familiak paseoan zebiltzan».
Gauean iritsi zen larrialdi abisua: «Udaltzainek, megafono bidez, jendeari etxera joateko eta dena ixteko esan zieten», azaldu du Stop Variante plataformakoak.
Abisua, berandu
Abisua «berandu» iritsi zela uste du Covok: «Denok geure buruari egiten diogun galdera agerikoa da: zergatik ez zuten hasieratik argi informatu? Zergatik utzi zitzaien herritarrei bizitza normala egiten egun osoan?». Are, zera aitortu du: «Bizilagun askok irudipena dugu gas mailak hainbat orduz igo direla eta jakinarazpena berandu iritsi zela. Beldurtuta eta larri gaude, ez baitakigu zer arnastu dugun».
Galdera berberak egiten dizkio bere buruari Ibañezek. Gainera, Meatzaldea Bizirik taldekoak jakinarazi duenez, airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikor bat ere ari dira erabiltzen azken orduetan. «San Julian auzoan ikusi dut». Beraz, litekeena da unitate hori jasotzen ari den datuak «askoz larriagoak» izatea.
«Denok geure buruari egiten diogun galdera agerikoa da: zergatik ez zuten hasieratik argi informatu? Zergatik utzi zitzaien herritarrei bizitza normala egiten egun osoan?»
JON ANDONI COBO Stop Variante plataformako kidea
«Datu horiek zuzenean iristen zaizkie osasun arduradunei, ez dira publikoak. Baliteke horregatik erabaki izana atzo gauean Muskizko herritarrak etxean geratzeko agintzea. Hori guztia jakinda, zergatik ez zuten lehenago jakinarazi?», adierazi du Ibañezek.
Ekonomia «lehenesten» ari dira
Coboren arabera, gero eta bizilagun gehiagok uste dute «jarduera ekonomikoa lehenesten» ari direla biztanleriaren osasunaren gainetik. Ildo horretan, Petronorrek egingo dituen beste hainbat azpiegitura ekarri ditu gogora: «Gertatutakoa gutxiesten dute, eta bitartean, milioi askoko inbertsio berriak eta hidrogenoarekin lotutako proiektuak iragarri».
Jose Ignacio Zudaire Petronorreko presidenteak duela egun batzuk esandakoak ere aipatu ditu. Findegiko buruak esan zuen Abanto hidrogenoaren sektore energetiko berrirako «erakusleihoa» izango dela. «Proiektu berriak aurrera ateratzen ari dira, baina gaur egun dauden azpiegituretako segurtasunari buruzko zalantzak oraindik ez dira argitu», salatu du Cobok.
Horiek denak salatzeko, Stop Variante plataformak manifestaziora deitu du iganderako, eta eskualde osoko herritarrei horretan parte hartzera deitu: 12:00etan abiatuko dira Las Carrerasko Trinitate plazatik, eta Petronorren amaitu. Meatzaldea Bizirik taldeak ere bat egin du mobilizazioarekin.