KASeko kidea

Kristina Fernandez: «Alkateari esaten ari gatzaizkio zerbait egin behar dugula KASera etortzen ziren horien beharrak asetzeko»

Salatu du boluntarioek «jazarpen poliziala» jasaten dutela afariak banatzen ari diren bitartean, eta alkateari dei egin dio berriz biltzeko.

Kristina Fernandez KASeko kidea, gaurko agerraldian. JAVI COLMENERO / EFE
Kristina Fernandez KASeko kidea, gaurko agerraldian. JAVI COLMENERO / EFE
Iratxe Muxika
Donostia
2026ko abuztuaren 14a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaleko Afari Solidarioak ekinaldi boluntarioko kidea da Kristina Fernandez (Donostia, 1996), eta hura solastatu da, hain justu, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. «Kezkatuta» dago egoerarekin, eta ardura har dezala eskatu dio Donostiako Udalari, «berehala bukatu behar delako honekin».

Debekuaren gainetik, zuengana jotzen segitzen dute afari eske?

Bai. Afariak debekatu arren haiekin harremanetan jarraitzen dugu, izan telefono bidez edo kalean elkar ikusten dugulako. Egunero etortzen dira afari eske, eta guk, ahal dugun neurrian, eman egiten diegu.

Modu indibidualean aritzen zarete orain?

Bai, ofizialki KASen izenean ezin dugu janaririk banatu, eta, beraz, talde txikitan aritzen gara janaria partitzen. Aurkitzen ditugun gazteei ogitartekoak edo tuper txikiak ematen dizkiegu. Dugunaren eta momentuan ahal dugunaren arabera, beti ez baita erraza izaten.

Jazarpen polizialagatik, adibidez?

Debekatu ondoko lehendabiziko egunetik dauzkagu gainean, bai, argazkiak ateratzen dizkigute, bideoak grabatu, identifikatzeko eskatu... Nondik nora ibiltzen garen kontrolatzen dute, eta ondo dakite nor den gutako bakoitza. Betikoa.

Elkarlana proposatu diozue udalari; zer da, zehazki, zuen alternatiba proposamena?

Jendeak ez baldin badu otordu bermaturik, guk derrigor jarraitu beharko dugu lanean. Hortaz, alkatearekin bildu ginenean esan genion elkarlan bat egin genezakeela, eta eztabaidatu zein izan daitekeen gazte horientzat aukerarik onena. Gizarte zerbitzuak hor daude, badakigu, baina guk sei urteko esperientzia dugu hemen, egunero egoten gara haiekin, eta zinez sinesten dugu gure harreman hori uztargarria izan daitekeela udalarekin. Hau da, bi aldeek bat egin dezaketela irtenbide duin bat lortzeko. Eztabaidatu besterik ez zen egin behar, hori bakarrik eskatzen genuen, guk ere ez baitakigu zein den alternatiba egokia. Baina ezezkoa jaso genuen, eta orain eskatzen dugun bakarra da, behintzat, afaririk gabe utzi dituzten pertsona horiei eskain diezaietela beste aukera bat.

Berriro bilduko zarete alkatearekin?

Lehendabiziko bileran erabat itxi zituen aukera posible baten ate guztiak, baita hurrengo bilera batenak ere. Ezer gehiago dakigu kontuaz; ez dugu geroztik erantzunik jaso. Gaur berriz egiten diogu gonbita, benetan uste dugulako adostasun bat lor dezakegula, eta, batez ere, udalaren planteamendua ez delako nahikoa. Zerbait egin behar dugu KASera etortzen ziren horien beharrak asetzeko, eta hori ari gatzaizkio esaten, baina ez du onartzen.

Alternatiba bat ailegatu arte, zer ari da gertatzen afaririk gabe gelditu direnekin?

Ba, ez dutela jaten. Ez dago inor haiek laguntzeko, haiei kasu egiteko. Pentsa, itxaron zerrenda batean ere ezin dira sartu, itxita daudelako.

Insaustik gaur bertan errandakoa da: «Ez politizatzeko» etxerik ez dutenen egoera.

Guk ez dugu ezer politizatzeko asmorik. Ez gara aritzen etengabe haien egoerari buruz hitz egiten; horrek ezin du eskubide bat baldintzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA