La Sirena aterpetxea «harrera eta gizarteratze zentroa» izango da aurrerantzean

«Hiriaren errealitate sozialak» bultzatuta, Donostiako Udalak urte osoan izango du irekia. Abendutik, Martuteneko agustindarren eraikin zaharra hustu zutenetik, 50 lagun bizi dira han.

Martuteneko agustindarren eraikina hustearen aurkako protesta Donostian, abenduan. JUAN HERRERO / EFE
Martuteneko agustindarren eraikina hustearen aurkako protesta Donostian, abenduan. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 16a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizarte eragileen eskariari jaramon egin dio Donostiako Udalak, eta behin-behinean hartutako erabakia iraunkor bilakatu. Abenduan 50 lagun hartu zituzten Ondarretako La Sirena aterpetxean, printzipioz martxora arte, baina aurrerantzean ere zerbitzu hori ematen segitzea erabaki du gaur udal batzordeak. Ondorioz, gazteentzako aterpetxe izateari utzi eta urte osoan «harrera eta gizarteratze zentroa» izango da orain La Sirena. Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak kudeatuko du.

Udalaren arabera, abenduaren 3an aterpetxea irekitzea «erantzun koiunturala» izan zen —Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharra hustu aurreko gauean zabaldu zuten—, baina, orain, «hiriaren errealitate sozialak eta Herrerako beste hustuketa batek agerian utzi dute harrera eta gizarteratze baliabideak indartzeko beharra». Bi eraikin horiek hustu izanaren ondorioz, «pertsona asko egoera bereziki zaurgarrian» geratu direla adierazi du udalak.

Azken hilabeteetan, kalean lo egiten zuten hiru pertsona hil dira Donostian; azkena joan den ostiralean, Altzan.

Aterpetxean ostatu hartzen duten pertsonak Aukerak izeneko programa batean sartuko ditu udalak, «egonkortasuna berreskuratzeko, prestakuntza jasotzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta bizitza autonomo batera gerturatzeko». Mariaje Idoetak, Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarte Ekintzako zinegotziak, azaldu du programa horrek «bi irizpide» dituela oinarrian: «Humanismoa eta exijentzia. Eskubideak eta betebeharrak».

Gizarte eragileek salatu izan dute udalaren jarrera horrek migratzaileen gaineko «ikuspegi kriminalizatzailea» sustatzen duela. Gainera, aterpetxearen baldintzak gaitzetsi izan dituzte, «oso urriak» direlako eta ordutegia «murritza» delako: 22:00etatik 08:30era baino ez dute zabaltzen. Hortaz, ordu horietatik kanpo kale gorrian egotea beste aukerarik ez dute La Sirenan aterpe hartzen dutenek.

Aterpe bakarra

Zinegotziak kontatu du Donostiako Udalak urte osorako 234 leku dituela kalean bizi direnentzako aterpeetan, eta ehun gehiago neguan. Dena den, aitortu du «lurraldera iristen diren etxerik gabeko pertsonen kopuruaren hazkunde esponentzialak» gainditu egiten dituela dituzten baliabideak. Izan ere, Donostiako Hiritarron Harrera Sarearen arabera, hirian bostehun pertsonak baino gehiagok egiten dute lo kalean.

Hain justu, azken hilabeteetan, kalean lo egiten zuten hiru pertsona hil dira Donostian, azkena joan den ostiralean, Altzan, txabola batek su hartu ondoren. 

La Sirena da udalak eskaintzen duen aterpe bakarra. Non bizi ez zuten dozenaka migratzailek Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharrean hartu izan dute babes azken urteetan, baina joan den abenduaren 4an eraikina hustu zuen Ertzaintzak. Horietako batzuei La Sirenan aterpe hartzeko aukera eman zieten —noizean behin eta azken orduan jakinarazita, gizarte eragileen arabera—, baina beste asko nora joan ez zekitela gelditu ziren. Halaber, urtarril amaieran Herrera auzoko Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu zuten, eta bertan bizi ziren 31 lagunak etxegabetu. Haietatik zazpi hartu zituzten La Sirenan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.