Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez ostiralean elkartuko dira Moncloan, besteak beste Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentziaz hitz egiteko. Auzi horri lotuta, eztabaidagai da egunotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportuen kudeaketa. Bi aldeek Jaurlaritzaren parte hartzea handitzeko aurreakordio bat sinatu zuten aurreko astean, baina ikusteko dago zer eragin izango duen. Hain zuzen, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak «espektatiba» gehiegi sortzea egotzi dio Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenari, eta gehitu du horrek «frustrazioa» eragin dezakeela gerora.
Anduezaren ustez, jeltzaleek «gehiegi» aurreratu dute eskumenaren eskualdaketaren gaineko negoziazioei dagokienez. Horiek martxan dira oraindik, eta, PSE-EEko buruzagitzan ere uste duten arren akordioa «gertu» dagoela, gehitu du ez dela EAJko ordezkariek nahi bezala gertatuko. «Baten batek espektatibak sortzen baditu eta gero hori gauzatzen ez bada, frustrazioa ailegatzen da. Hori ez da negoziatzen ari den beste aldearen errua; albiste hori eman duenaren errua da», adierazi du Euskadi Irratian.
Izan ere, aurreakordioaren berri Jaurlaritzak eman bazuen ere, Anduezak ez du ardura erakunde haren gain jarri nahi izan. «Gaia kudeatzen ari den sailburua eta EAJko ordezkariak» egin ditu erantzule: «PSEko sailburuek eta PSEk ez dugu ezer esan, eta Alderdi Sozialistak instituzioetan dituen ordezkariek jendaurrean zerbait esan badute, Maria Ubarretxena sailburuari erantzuteko esan dute».
Bide horretan, eta Jaurlaritzaren ostean Espainiako Gobernuak eta Aenak berak esandakoei erreparatuz, Anduezak argi utzi du Jaurlaritza ez dela «operadore» izango, lan hori Aenari dagokiolako. Azaldu du instituzioen arteko elkarlana posible dela, eta hura bakoitzaren eskumenen arabera definituko dela. Horiek horrela, «informazioa izateko eta gauza batzuk koordinatzeko» modua izango luke Jaurlaritzak, baina, betiere, operadorea Aena dela kontuan izanda. «Egia gordinak paperetan daude, eta paperek diotena argia da».
Hain zuzen, Aenak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari ohar bat bidali zion aurreko astean. Hartan, adierazi zuen Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean adostutako organoa «aholku emailea» izango dela, «ez erabakitzailea».
Forondako (Araba), Loiuko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuak ez dira Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaian dauden azpiegitura bakarrak. Azken asteetan, Pasaiako portuaren (Gipuzkoa) kudeaketaren harira, tirabira nabarmenak izan dituzte EAJko eta Alderdi Sozialistako ordezkariek; nagusiki, haren «interes orokorreko» izendapenaren kontura.
Jeltzaleak izendapena kentzearen alde azaldu dira, haren kudeaketa Jaurlaritzaren eskuetara igaro ahal izateko. PSE-EEk, baina, «tinko» baztertu du aukera hori, eta Anduezak esan du auziaren inguruko proposamen bat aurkeztuko diotela sozialistek Pradalesi. «Akordioa posible egiteko, desklasifikazioa alde batera utzita». Azaldu duenez, sozialistek Lezoko portu lehorra, interkonektibitatea eta trafikoa areagotzeko aukerak jorratu dituzte dokumentuan.
Alkateak bai, sailburuak ez
Irratian egindako elkarrizketan, Anduezak puri-purian dauden beste bi gai ere jorratu ditu. Biak ere euskarari lotutakoak: Korrika eta Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamena. Lehenari dagokionez, argi adierazi du ez dutela birplanteatu lasterketan parte hartzeko aukera: «Oso kontziente izan ginen erabakia hartu genuenean».
PSE-EEko idazkari nagusiak uste du «boikot» baten parte dela CCOO sindikatuaren zuzendaritzak lekukoa ez eramateko erabakia, eta Korrikaren inguruko «hausnarketa» bat eskatu du. «Batzuek euskara euren propietate esklusibo moduan sentitzen dute», kritikatu du.
Halere, alkate sozialistek ekimenean parte hartzea defenditu du. Haren esanetan, alkateak udalerrietako ordezkari gorenak dira, eta lekukoa «herri osoaren izenean» hartzen dute. Ez du iritzi bera, baina, Eusko Jaurlaritzako kargudunen rolari dagokionez. Uste du «koherentea» dela PSE-EEko sailburuek ez parte hartzea.
Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren inguruan, berriz, Anduezak baztertu egin du atzo EH Bilduko eledun Pello Otxandianok egindako eskaintza. «Oraintxe bertan, EH Bildurekin elkar ulertzea ez da posible». Sozialisten buruak esan du «dezente» hitz egin dutela bi aldeek, baina adostasun batetik urrun daudela.
EAJrekin akordio bat lortzeko aukerarik ba ote dagoen ere ez du baieztatu. Jeltzaleekin negoziatzeko prest azaldu da, baina gehiago zehaztu gabe. Izan ere, haien jarrera ere txarretsi du: «EAJk eta EH Bilduk duten helburu bakarra da administrazioan euskara eskakizunak igotzea, eta ez gaude ados».
Anduezak esan du eskakizunak «egokitu» behar direla, baina «inposiziorik» gabe: «Dena ez da euskara, eta behar ditugun profil asko hutsik geratuko dira. Adibidez, erresidentzia askotan gure adinekoak zaintzeko». Horiek horrela, dikotomia gisa planteatu du eskubide linguistikoen eta lan eskubideen afera, esanez eurek bigarrenen alde egingo dutela.