Aireportuen kudeaketa: nola lurreratu hitzez esandakoa

Espainiako Gobernuarekin akordioaren oinarriak adostu ondotik, Jaurlaritzak uste du «erabaki ahalmen handiagoa» izango duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aireportuetan. AENAk esan du, ordea, ez dela ezer aldatuko.

Hegazkin bat lur hartzen Loiuko aireportuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Hegazkin bat lur hartzen Loiuko aireportuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
aitor biain
2026ko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego haizeak gogor jotzen duen egunetan hegazkinak ezin lur hartu ibiltzen dira Loiuko aireportuan. Halatsu dabil Eusko Jaurlaritza ere, aireportuen eskumenari eta kudeaketari dagokienez. Eskualdaketa Aste Santua baino lehen egitea adostu zuten Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak urtarrilean izandako bileran, eta astelehenean «akordiorako oinarriak» adostu bazituzten ere, hitzarmena gaur-gaurkoz airean dago. Hitzez esandakoak lurreratzea eta agiri batean jasotzea, horixe falta da.

Jaurlaritza baikor dago, baina mesfidati aldi berean, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak astearteko gobernu bilera osteko agerraldian adierazi zuenez. Uste du asteleheneko bileran hitzartutakoa betetzen bada akordioa ixteko moduan izango direla, Jaurlaritzak Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketan parte har dezan.

Bi gobernuak organo bat sortuko dute horretarako, aldebiko batzorde berri bat, hiru aireportuetan «elkarrekin lan egiteko, koordinatzeko eta kudeaketarako tresna gisa». Baina ikusteko dago organo horrek zein forma izango duen, ez baitago argi zer eginkizun izango duen eta zer eragin esparru. Bestela esanda: zehazteko dago mahai hori aholku emaile hutsa izango den edo azpiegituren kudeaketan eskua sartzeko ahalmena izango duen. Hori da eztabaidaren muina, hain zuzen ere.

Egun badago bi gobernuen arteko aldebiko batzorde bat, zeina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aireportuak koordinatzeaz arduratzen den. EAEko Aireportuen Koordinaziorako Batzordea 2014an sortu zuten, eta administrazio publikoek eta gizarte zein ekonomia arloko eragileek parte hartzen dute bertan. Horien artean daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, AENA eta merkataritza ganberak.

Organo horren zereginak askotarikoak dira, baina funtsean, aireportuen sustapenean AENArekin «lankidetzan» jarduten du, zerbitzua hobetzeko neurriak «proposatuz» eta bidaiarien nahiz salgaien garraioa areagotzeko jardunbideak «garatuz». Erakundeek dirua jartzen dute, adibidez, hegazkin konpainiak erakartzeko eta hegaldi berriak lortzeko; Via, Bilbao Air eta Ortzibia elkarteek dute horren ardura.

Baina Eusko Jaurlaritzak harago joan nahi du; «erabaki ahalmen handiagoa» izan nahi du hiru aireportuetan. «Ahotsa» eta «erabakitzeko eskubidea» izan nahi ditu, esaterako, inbertsioen, kostuen eta bidaiari kopuruen planean, Dora III delakoan. AENAk, ordea, argi adierazi du ez duela halakorik onartuko. Izan ere, nahiz eta Gernikako Estatutuak zehazten duen EAEk garraio azpiegiturak kudeatzeko ahalmena duela, Espainiako Estatua arduratzen da horietaz.

AENA, oztoporik handiena

Espainiako Gobernuak uko egin dio urteetan hiru aireportuen eskumena eskualdatzeari, «interes orokorrekoak» direla iritzita. Eta Espainiako Konstituzioaren arabera, izendapen hori duten azpiegituren kudeaketa estatuari dagokio. Hori nahikoa ez, eta aireportuen kudeaketaz arduratzen den sozietatea, AENA, publikoa izan ondotik erdi pribatu bilakatu da, eta korapiloa are gehiago estutu du.

Horrek esan nahi du Espainiako Gobernuaren oniritzia ez ezik, enpresarena ere beharko duela Jaurlaritzak. Eta Madrilek bidean aurrera egiteko nahia erakutsi badu ere, enpresa ez dago norabide berean arraun egiteko prest. AENAren zuzendariak behin eta berriz azpimarratu du ez duela onartuko sozietatearen egungo izaera estrategikoa eta araudia errespetatzen ez dituen akordiorik.

Are gehiago, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari ohar bat igorri dio asteon, astelehenean bi gobernuek hitzartutakoaren ingurukoak «argitzeko». Eta zera adierazi du: hitzartutakoa «legeak jasotzen duen autonomia erkidegoen parte hartzearen eta komunikazioaren esparruan» sartzen dela, eta organo berriak izaera «aholku-emailea» izango duela, «ez erabakitzailea». Hots, ez duela ezer aldatuko.

Egungo izaeraren eta araudiaren indarguneak eta abantailak nabarmendu ditu, eta mehatxu ere egin du. Ohartarazi baitu, «beharrezkoa izanez gero», neurriak hartuko dituela «indarrean dagoen legeria, enpresaren interesak eta akziodunen eskubideak (publiko nahiz pribatuak) defendatzeko».

Urardotzeko arriskua

Jaurlaritzak kudeaketan parte hartze handiagoa izatearen alde azaldu da Oscar Puente Espainiako Garraio ministroa, betiere AENAren «izaera estrategikoa» mantentzen bada. Baina parte hartzea eta erabaki ahalmena ez dira gauza bera, eta lehendakariak pitxerra eskutokitik helduta eduki nahi du, «apaingarri huts» izan barik. Bada, agiriek esango dute Madrilek hitzez esandakoa idatziz ere jasoko duen edo proposamen urardotu bat aurkeztuko duen azkenerako.

Kontuak kontu, Aste Santurako bi aste falta dira eta Lankidetzarako Aldebiko Batzordeak ez du datarik oraingoz. Eta ordurako aireportuen kudeaketaren transferentzia ez ezik, migrazioari eta segurtasunari lotutakoak ere adostuta beharko lituzkete. Horien artean daude EAE «iparraldeko muga» izendatzea eta Ertzaintzak atzerritarrak kanporatzeko prozeduretan parte hartzeko aukera izatea. Baina horiek ere airean daude gaur-gaurkoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA