Apirilera arteko luzapena emanez itxi zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den urtarrilean Espainiako Gobernuarekin izandako aurrez aurrekoa, Gernikako Estatutua osatzeko falta ziren eskumenak direla eta. Imanol Pradalesek erabaki zuen azterketa eguna beste bi hilabete atzeratzea, Pedro Sanchezek autogobernuan sakontzeko borondaterik ba ote duen neurtzeko. Bada, datorren ostiralean ikusiko da hori, bi gobernuburuek Madrilen egingo duten aldebiko batzordearen bileran. Eskumenen transferentzia gehiago ixtea izango dute helburu, baina baita Ekialde Hurbileko gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak adostea ere, aktualitateak hala behartuta.
Bi agintariak zazpigarren aldiz bilduko dira aurrez aurre. Azkenekoz urtarrilaren hondarrean bildu ziren, Madrilen, Moncloa jauregian orduan ere, eta hitzartu zuten Aste Santua baino lehen egitea Lankidetza Iraunkorrerako Aldebiko Batzordearen bilera. Bi gobernuek sei hilabetean behin egin ohi duten batzarra da; ez da, teorian, eskumenei buruzko itunak egiteko mahaia —Transferentzien Batzorde Mistoa dago horretarako—, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Autogobernu sailburuak gogorarazi duenez, baina balio du jarrerak hurbiltzeko eta negoziazio mahaian landuko diren gaietan sakontzeko.
Bada, horixe egiten ahaleginduko dira Pradales eta Sanchez ostiralean. Esaterako, EAEko hiru aireportuak bi administrazioen artean kudeatzeko akordioa ixten saiatuko dira. Izan ere, Ubarretxenak adierazi duenez, joan den astean bi aldeek akordioaren aurreko testu bat egin bazuten ere, oraindik ez dago amaituta. Eusko Jaurlaritzak «ahotsa» eta «erabakitzeko eskubidea» nahi ditu Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketan, baina ikusteko dago Madrilek hori bermatuko ote duen, eta hala egiten badu nola bermatuko duen.
Bi gobernuek hitzartu zuten organo bat sortzea, aldebiko batzorde berri bat, hiru aireportuetan «elkarrekin lan egiteko, koordinatzeko eta kudeaketarako tresna gisa». Baina ikusteko dago organo horrek zein forma izango duen, ez baitago argi zer eginkizun izango duen eta zer eragin esparru. AENA Espainiako aireportuen kudeaketaz arduratzen den sozietateak, esaterako, urardotu egin zuen Jaurlaritzaren iragarpena. Joan den astean Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako ohar batean adierazi baitzuen organo horrek izaera «aholku-emailea» izango duela, «ez erabakitzailea».Â
Aireportuena da aldebiko batzordea elkartu aurretik itxi beharreko eskumenetako bat, Pradalesek jarritako baldintzen arabera. Bestea migrazioarena eta segurtasunarena da. Jaurlaritzak migrazioaren alorreko «eskumen politiko propioak» nahi ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Besteak beste, EAE «iparraldeko muga» izendatzea nahi du, baliabide gehiago lortu nahian Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarotzen duten migratzaileei arreta emateko. Segurtasunari dagokionez, berriz, Ertzaintzak atzerritarrak kanporatzeko prozeduretan parte hartzeko aukera izatea nahi du.
Akordioa itxita daukate dagoeneko, berriz, ICOren bitartez enpresa txiki eta ertainei laguntzak emateko eskumenari dagokionez, baita EAE Unesco eta Munduko Turismo Erakundeko kide izateari dagokionez ere. Ordea, ez da akordiorik espero Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren inguruan. Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenetan korapilatsuena da, eta jarrerak urrun daude oraindik. Dena den, Ubarretxenak nabarmendu du «lanean» jarraitzen dutela.Â
Gerra hizpide nagusi
Edonola ere, Jaurlaritzak beste gai batzuk ere hartuko ditu hizpide Sanchezekin egingo duen bileran. Are, Ubarretxenak aditzera eman duenez, Irango gerraren ondorioz piztutako krisiari aurre egiteko neurriak izango dira bilerako hizpide nagusietako bat. Izan ere, sailburuak aitortu du Jaurlaritzak «kezkaz» bizi duela egoera: «Asko kezkatzen gaitu bizi dugun egoera geopolitikoak, ez dakigulako noiz arte iraungo duen eta ikusten ari garelako gure enpresei eta gure familiei kalte egiten ari dela. Beraz, guretzat lehentasuna izango da hori».
Sanchezen gobernuak lehen neurri sorta bat onartua bazuen ere, lehendakariak gehiago nahi ditu. Haietako batzuk gutun bidez bidali zizkion Sanchezi, dekalogo batean jasota, baina aurrez aurre eskatuko dizkio orain. Izan ere, Jaurlaritzaren bozeramaileak gogora ekarri du Pradalesek Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu ziola foro bat martxan jar zezala neurriez eztabaidatzeko, baina, halakorik egin ez zenez, azpimarratu du proposamenak ostiralean eramango dizkiola.
Horrez gain, medikuen grebari irtenbide bat emateko proposamenak ere egingo dizkio. Ubarretxenak ohartarazi du medikuak hilabetero egiten ari diren lanuzteak Osakidetzan «eragin nabarmena» izaten ari direla, eta erantsi du kezka «areagotzen» ari zaiela egoerak bere horretan dirauelako eta, oraingoz bederen, Espainiako Osasun ministroak ez diolako konponbiderik eman. «Ez ministerioa, ez ministroa ez dira grebari erantzun bat emateko gai; ez diote konponbiderik ematen grebaren arazoari, eta soluzio bat behar dute ahalik eta azkarrena».