Negoziaziorako aukerak agortuta, Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeek aurrekontu proiektua erreteritzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. EH Bilduk, Alderdi Popularrak, Sumarrek eta Voxek osoko zuzenketa bana jarri diote lege proiektuari, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen beharrei eta erronkei eratzuten ez dielakoan. Gaur amaitzen zen zuzenketak aurkezteko epea, eta taldeek proiektu osoari jarritakoez gain, dozenaka partzial ere aurkez dizkiete.
Etxebizitzari bideratutako diru kopurua da kontuei zuzenketak jartzeko arrazoi nagusietako bat, eznahikoa baita oposizioaren gehiengoarentzat. EH Bilduk joan den astean iragarritako proposamena berretsi du, eta esan du gobernuak zorpetzera jo beharko lukeela bizitoki krisiari irtenbidea emateko. Zehazki, mila milioi euroko zorra hartzea proposatu du, epe luzera etxebizitza publiko gehiago eraikitzeko, besteak beste.
Halaber, kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin, kontuak negoziatzeko izandako modua dela eta. Pello Otxandiano koalizio subiranistaren eledunak berretsi du gobernua berandu ibili dela, elkarrizketak azaroan hasi zituelako, proiektua jada osatuta zegoenean. Horrek akordioa lortzeko maniobra tarte oso mugatu utzi ziela berretsi du. Hala, EH Bilduk 26 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio proiektuari.
Sumar taldeak ere iritzi dio Jaurlaritzaren 2027ko aurrekontu proiektuak ez diola etxebizitza krisiari behar bezala erantzuten, salatu baitu «bizitoki larrialdi betean ia izoztu» egin dituela alor horretara bideratutako diru sailak. Aurtengoarekin alderatuta, soilik %0,4 handituko baita Etxebitza Sailaren aurrekontua: 502 milioi euro ditu aurten, eta 504 milioi euro izango ditu datorren urtean.
Jon Hernandez legebiltzarkideak adierazi du Jaurlaritzaren lehentasunak beste batzuk direla, eta, beraz, herritarrek gehiago ordaindu behar dutela oinarrizko beharrei aurre egiteko. Horren aurrean, beste aurrekontu proiektu bat egiteko eskatu dio, eta proposatu dio, besteak beste, alokairuko etxebizitza publikoaren erosketa eta sustapena finantzatzea, 300 euroko etxebizitza prestazioa handitzea, eta alokairuaren mugak betearazteko bitartekoak jartzea.
Sumarrek 49 zuzenketa aurkeztu dizkio guztira aurrekontu proiektuari. Alderdi Popularrak, aldiz, 1.500 inguru. Oso kritiko azaldu da PP Jaurlaritzarekin, eta «ahal duen neurrian» kontuek dituzten «hutsune izugarriak» zuzentzeko eskatu dio. Izan ere, kritikatu du alor batzuetan «murrizketak» aplikatzen dituen bitartean, «propaganda, EITB, kanpo ekintza eta agenda abertzalea» hauspotzen dituela aurrekontuekin.
Lege aldaketak
Pentsatzekoa da zuzenketa horiek denak edo ia denak ezerezean utziko dituztela EAJk eta PSE-EEk, gehiengoa baitute Eusko Legebiltzarrean. Eta gehiengo hori baliatu dute, halaber, Jaurlaritzaren aurrekontuei bide emateko, baita zenbait lege aldaketa egiteko ere. Aurreko urteetan egin moduan, jeltzaleek eta sozialistek aurrekontuen tramitazioak ematen dien lasterbidea baliatuko dute etxebizitza legearen aldaketa onartzeko.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak irailean, lehendakariak ordezkari politiko eta sozioekonomikoekin egindako bileraren ostean, iragarri zuen jada asmo hori zutela, 2003. urtea baino lehen eraikitako etxebizitza babestuek ere kalifikazioari eusteko modua izan zezaten. Proposamen horri beste batzuk erantsi dizkiote orain, ordea, aurrekontuei jarritako zuzenketa bidez.
Horietako bat da erakunde publikoei bidea erraztea funtsen eskuetan dauden etxebizitzak erosteko, Donostiako Bentaberri auzoko kasuan egin moduan. Lege aldaketak zera proposatzen du, Jaurlaritzak aurrekontuen diru sailak egokitzeko baimena izatea baldin eta etxebizitzari lotutako esku hartzeak egiteko bada. Izan ere, aldatu nahi den diru kopuruaren arabera, Gobernu Kontseiluaren edo Eusko Legebiltzarraren baimena behar da gaur egun.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen geldialdiaren ondoren ekingo diote zuzenketen tramitazioari. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak zuzenketak kalifikatu ondotik, osoko bilkura egingo da datorren astean osoko zuzenketak eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Zuzenketa partzialak, berriz, batzordean eztabaidatuko dituzte, eta abenduaren 21ean proiektu osoarekin batera bozkatuko dituzte.