Auzapezek euskararen aldeko engaiamendua berretsi dute Pauen

Administrazio auzitegiaren aitzinean euskara ofizialki aitortzeko deliberoak defendatu dituzte, azpimarratuz ez dutela araubiderik sortzen. Prefeturari elkarrizketarako deia egin diote.

Hautetsiak, Paueko Administrazio Auzitegiaren aitzinean. NATHALIE GUIRONNET
Hautetsiak, Paueko Administrazio Auzitegiaren aitzinean. NATHALIE GUIRONNET
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paue
2026ko azaroaren 4a
12:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara zaintzeko, Frantziako Estatuaren eta Ipar Euskal Herriko erakundeen arteko «lankidetza eraikitzailea» eskatu dute Ipar Euskal Herriko zortzi auzapezek Paueko administrazio auzitegi aitzinean. Euskara ofizialki aitortzeko erabakia hartu zuten guztiek haien herriko etxean, baina Pirinio Atlantikoetako prefeturak horien kontrako helegiteak jarri zituen. Auzi saiora sartu aitzin, dei egin diote estatuko ordezkariari: «Prefetarekin biltzeko prest gaudela adierazten dugu, elkar ulertzeko zailtasunak gainditu eta elkarrekin lan egiteko, euskara gure lurraldeko ondare komuna zaindu eta transmititzearen alde», adierazi du Mathieu Elgoihen Hiriburuko (Lapurdi) auzapezak denen izenean. Ondoren, euskararen aldeko engaiamendua berretsi dute auzitegiaren aitzinean. Auzi saiora ez da prefeturaren ordezkaririk agertu. 

Herriko bozetako kanpainan, Euskal Konfederazioak euskararen aldeko engaiamenduak har zitzatela eskatu zien tokian-tokian aurkeztu ziren hautagaiei. Hogei neurriko zerrenda bat argitaratu zuen, gerora herriko etxeen hizkuntza politikaren segipena egiteko xedearekin. Barometro horren barruan proposatu zuten herriko etxeek euskara ofizialki aitortzea. Honako adierazpena bozkatu dute herriko kontseiluetan: «Ofizialki aitortzen dugu euskara gure lurraldeko hizkuntza dela, frantsesaren ondoan». Batzuek, okzitaniera gaskoiari ere egin diote erreferentzia.

Uztailean iritsi ziren lehen deliberoak. Uztailaren 2an Sarako herriko etxeak bozkatu zuen, eta uztailaren 25ean, Baionakoak. Bien kontrako helegitea jarri zuen Jean Marie Girier orduko prefetak. Lehen instantzian prefeturaren alde egin zuen Paueko Administrazio Auzitegiak, baina dei egin zuten bi herriko etxeek. Orain, Bordeleko Administrazio Dei Auzitegiak aztertu beharko du gaia; azaroaren 12rako finkatu dute auzi saioa. Frantziako Estatu Kontseiluraino iristeko borondatea agertua du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak.

Urri hasieran, prefetak berretsi zuen herriko etxeek hartu dituzten deliberoak ez direla legezkoak. «Euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen dute, eta ez dute horretarako eskumenik», baieztatu zuen. Alta, deliberoek ez diote halakorik: ez dute euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen; ofizialki aitortzen dute euskara beren lurraldeko hizkuntza dela. Hitz joko horretan dago auziaren giltza. Erabaki sinboliko bat da, euskararen estatus legala aldatzen ez duena. Izan ere, hori da 2018an Euskal Hirigune Elkargoak erabili zuen formulazioa, urte hartan Ipar Euskal Herriko instituzioak onartu zuen lehen euskara plana bozkatzeko deliberoan. Bere garaian, Paueko prefeturako zerbitzuekin adostu zuten esaldia, hain zuzen ere Frantziako konstituzioaren esparrua errespeta zezan. Hori bera oroitarazi dute azken asteetan administrazio auzitegian izan diren hainbat auzi saiotan.

«Osagai» ala «hizkuntza»

Izan ere, udatik hona, euskara aitortzeko gisa bereko deliberoa hartu dute beste hainbat herriko etxek, eta ia guztiek jaso dute prefeturaren helegitea. Asteazken honetan, horietako zortzi herri deitu dituzte batera Paueko Administrazio Auzitegira: Uztaritze, Hiriburu, Senpere (Lapurdi), Baigorri, Irulegi, Izpura, Aiherra eta Bidarrai (Behe Nafarroa). Auzi saiora sartu aitzin, Elgoihenek herriko etxeen asmoa agertu nahi izan du prentsa aitzinean: «Gure deliberoek borondate politiko sinple bat adierazten dute, euskarak gure herrietan duen leku historikoa aitortzea eta haren zaintzaren, transmisioaren eta garaipenaren alde dugun engainamendua berrestea. Ez dute inolaz ere frantsesak errepublikako hizkuntza gisa duen lekua zalantzan ezarri nahi, ez eta araubide juridiko berri bat sortu nahi ere».

Hautetsiek deitoratu dute eztabaida hizkuntzaren aitortzaren eremutik, hautetsiei egozten zaizkien asmo politikoen eremura lerratu izana. «Gure deliberoak diotenaren arabera aztertu behar dira, eta ez beste batzuek egozten dizkiguten asmoen arabera». Euskal Konfederazioaren aginduetara aritzea egotzi zien prefetak; auzapezek zehaztu nahi izan dute herriko kontseiluek beren erabakiak «independentzian» hartu dituztela.

Hori bera defendatu du Pierro Rouget Uztaritzeko auzapezak auzi saioan: «Kanpaina denboran eragile anitzen eskaerak jasotzen ditugu engaiamenduak hartzeko». Aipatu ditu Bizi!, Cade, Batera edo E-cho proiektuaren kontra ari den elkartea. «Eragileen rol legitimoa da eztabaida politiko publikoa bultzatzeko». Era berean, zalantza agertu du prefeturaren asmoei buruz: «Azkaingo herriak hartu zuen deliberoaren kontra ez zuen helegiterik jarri prefeturak. Alta, kasik gurearen identikoa da». Azkaingo deliberoan euskara lurraldeko «osagai» zela zioten; Uztaritzen «hizkuntza» hitza erabili zuten. 

Euskarari etorkizuna

Frederic Hernandez Aiherrako auzapezak erran du deliberoa ez dela «probokazio» modura hartu behar. «Ez du koofizialtasunik arautzen. Borondate bat agertzen du euskara sustatzeko». Hala, esplikatu du bera ez dela euskal hiztuna: «Ez naiz ari interes pertsonal baten alde. Euskarari etorkizuna emateko borondatea dugu, sinpleki. Nik jasotzeko aukerarik izan ez dudan hizkuntza bat babestea da helburua, ondorengoek jaso dezaten».

Christophe Jauregi Senpereko auzapezaren hitzetan, euskara lurraldeko identitatearen parte da. «Oraindik erabilia eta transmititua da biztanleen parte batengandik, baina hauskor dago», esplikatu du. «Desagertze progresibo baten arriskuaren aitzinean gaude ez baditugu kolektiboki neurriak hartzen. Horregatik uste dugu erakunde publikoek badugula zer egin; Ez dugu ikusle gelditu nahi hizkuntzaren desagertzearen aitzinean». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA