Ertzaintzaren esku da jada aste honetako Azpeitiko (Gipuzkoa) ustezko hiltzailea. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bere burua entregatu du Ondarroako (Bizkaia) polizia etxean. Goizaldean agertu da, 05:30ean, eta su arma bat entregatu du. Atxilotu egin dute, astearte iluntzean taxi gidari bat hiltzea leporatuta. 43 urte ditu, eta azpeitiarra da.
Hilketa asteartean gertatu zen, 20:15ean. Ustezko hiltzaileak autoarekin jo zuen taxi bat, eta, taxilaria autotik jaitsi zenean, tirokatu egin zuen. Han bertan hil zen 31 urteko gizona, eta tiratzaileak ihes egin zuen. Haren autoa Azpeitiko beste toki batean aurkitu zuten gauean.
Harrezkero, ustezko tiratzailearen bila aritu da Ertzaintza. Hilketa gertatu eta berehala, kontrolak jarri zituen inguruetan. Ertzaintzaren unitate bereziko agenteak Azpeitiko etxebizitza batera eta lokal batera sartu ziren miaketa egitera. Azkoitian (Gipuzkoa), berriz, Estrada kalean izan ziren, eta herritik kanpo ere aritu ziren bila.
Ustezko erasotzailea Azpeitiko Landeta auzoan bizi da, eta gertutik zaindu dute haren etxea, baina Ertzaintzak ez du lortu gizonezkoa aurkitzea. Azpeitiko saltokietako zaintza kameren grabaketak eskatu dituzte agenteek, tiratzailea non zebilen jakiteko.
Udalak zuhurtzia eta errespetua eskatu ditu
Atxiloketaren berri izan ostean, Azpeitiko Udalak «zuhurtziaz eta errespetuz» jokatzera deitu du. «Hasieratik egin duen bezala, udalak zuhurtziaz jokatzeko eskatu nahi du, batez ere hildakoaren senideenganako eta inplikatutako guztienganako errespetuz», adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Gaineratu duenez, espero du aurrerantzean «lasaitasuna eta normaltasuna» itzultzea herrira.
Aste honetan beste tiroketa bat izan da Barakaldon (Bizkaia), ostegun iluntzean, eta haren ustezko egilea gaur espetxeratu dute. Ez du epailearen aurrean deklaratu nahi izan, eta hilketa delitua leporatu diote. Auziaren instrukzioa Barakaldoko epaitegi batean egingo da.