Irailaren 10ean, PISA txostenaren emaitzak jakin berritan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburuak zera esan zuen Ser irratiari emandako elkarrizketa batean, D ereduak emaitza horietan izan zezakeen eraginaz galdetu ziotenean: «Egia da ikasleen hizkuntza gaitasuna emaitza txarrak azaltzen dituzten faktoreetako bat izan daitekeela, baina beste faktore asko ere badaude. Horietako batzuk beste herrialde batzuetako faktore berberak dira, eta beste batzuk, berriz, euskal hezkuntza sistemaren berezkoak izan daitezke». Bengoetxeak hitz horiek ñabartu behar izan ditu gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean, EH Bilduren eskariz han azalpenak eman dituenean. Kultura sailburuak argitu du ez zuela zalantzan jarri euskarazko murgiltze eredua, eta, txarretsi egin du bere hitzak zenbaitek modu jakin batean «interpretatu» izana: «Nik ez dut inoiz esan D eredua denik PISAren emaitza kaskarren arrazoia. Arduragabekeria da hori esatea».
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, euskarazko ereduaren inguruko zalantzak elikatzea egotzi dio Bengoetxeari; are, murgiltze eredua bera zalantzan jarri izana aurpegiratu dio, eta esandakoa argitzea galdegin. Bengoetxeak, ordea, esan du ez dagokiola berari PISAren emaitzen diagnostiko pedagogikoa egitea, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu baititu horren inguruko ondorioak. Hala ere, azpimarratu du PISAren emaitzak ez direla «faktore bakar baten ondorio», eta azterketa «serio eta zorrotza» egin behar dela. Gaineratu du bere adierazpenen xedea «zuhurtzia» eskatzea zela, ez D eredua zalantzan jartzea.
Sailburuak berretsi du D eredua ez dagoela zalantzan. «Nik ez dut D eredua zalantzan jarri, ezta gobernuak ere». Era berean, ohartarazi du PISAren emaitzek ez dutela euskararen inguruko zalantzak elikatzeko balio izan behar, eta defendatu du ez dagoela euskara ala kalitatezko hezkuntza aukeratu beharrik: «Herri honek aspaldi aukeratu zuen euskara eta kalitateko hezkuntza nahi zituela, biak, eta Jaurlaritzak bien alde egingo du».
Oldarraldiari hauspoa
Josu Aztiria EH BIlduko legebiltzarkidearen esanetan, ordea, «arduragabekeria» izan zen PISAren emaitza txarrak ikasleen hizkuntza gaitasunarekin lotzea, horretarako ebidentziarik aurkeztu gabe. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, adierazpenek D eta B ereduak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoak «indartzeko arriskua dakarte», eta susmoa eragin dute D ereduan lan egiten duten ikastetxe eta irakasleen inguruan.
Aztiriaren arabera, Jaurlaritzak ez du behar bezala babestu hezkuntza sistema eztabaida piztu denean. Gainera, uste du gobernuak euskararen aurkako diskurtsoei «hauspoa» eman diela, bai PISAren emaitzen inguruko eztabaidan, bai unibertsitatera sartzeko hautaprobaren auzian. «Orain da garaia D eredua indartzekoa: baliabide gehiago emateko garaia da», adierazi du. Haren ustez, euskara lehentasunezko eremuetan indartzen denean sortzen dira haren aurkako erreakzioak, eta hezkuntza sistemaren aurkako presioa ere horren barruan ulertu behar da.
EH Bilduko ordezkariak, halaber, hizkuntza ereduen sistema aldatzearen alde egin du: hizkuntzen araberako sistema «segregatzaile» batetik euskara ardatz duen sistema batera.
PPko Muriel Larreak, berriz, euskararen normalizazio politikak kritikatu ditu, eta Jaurlaritzari egotzi dio euskara gizartea banatzeko erabiltzea. Larrearen arabera, herritarren artean «hormak» eraiki dira hizkuntzaren inguruko politikekin, eta erdaldunak diskriminatu egin dira. Haren ustez, PISA txostenak agerian utzi du euskalduntze politikek porrot egin dutela.
EAJko Gloria Bilbao legebiltzarkideak bat egin du Bengoetxeak esandakoarekin. «Ez dago D eredua kolokan jartzerik». EAJko ordezkariaren iritziz, hezkuntza sistemaren sendotasuna aldarrikatu behar da, eta, aldi berean, ikasleen emaitzak hobetzeko neurriak hartu. Haren arabera, PISAren emaitzak ezin dira azaldu faktore bakar bat kontuan hartuta, eta beharrezkoa da diagnostiko «egokia» egitea, ondo funtzionatzen duenari eusteko eta hobetu beharrekoak identifikatzeko.