Bertan behera geratu da Israelen enbaxadako ordezkari bat Bilbon ematekoa zen hitzaldia

Datorren astean eman behar zuen hitzaldia, eta hainbat elkartek haren aurkako protestak antolatuta zituzten. Hitzaldia iragartzeko kartelean Bilboko Udalaren logoa agertzen zen, eta Aburtok logoa kentzeko eta ekitaldia bertan behera uzteko eskatu zien.

Ekitaldiaren gonbidapenean Bilboko Udalaren irudia ageri da. BERRIA
Ekitaldiaren gonbidapenean Bilboko Udalaren irudia ageri da. BERRIA
aitor biain
2025eko irailaren 12a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dana Erlich Israelek Espainian duen enbaxadako misioburua hitzaldia ematekoa zen Bilbon, datorren astean. Baina ez du halakorik egingo azkenean; antolatzaileek bertan behera utzi dute, protestak direla medio. Izan ere, ekitaldiak harrabotsa eragin du, bereziki sare sozialetan, eta bertan behera uzteko eskatu dute hainbat alderdi politikok, elkartek eta norbanakok. Hitzaldia El Sitio elkarteak antolatu zuen, Israelen ikuspegi orokorra eskualdeko testuinguruan izenburupean.

Bilboko Palestinarekin Elkartasuna taldeak, esaterako, elkarretaratzera deitua zuen hitzaldiaren egunerako, hilaren 17rako. «Probokaziotzat» jo dute ekitaldia, eta haren aurkako protesta egitera deitu zieten herritarrei. Silken Indautxu Bilbao hotelean antolatua zuten bilkura, hitzaldia egitekoa zen tokian, 18:30ean.

Bilboko EH Bilduk ere kritikatu du hitzaldia antolatu izana, eta salatu du «onartezina» dela Bilboko Udalaren irudia erabiltzea «genozidioa zuritzeko» ekitaldi bat iragartzeko. Erantsi du neurriak hartzeko eskatu diola udalari. Izan ere, Bilboko Udalaren logoa ageri da elkarteak zabaldu duen gonbidapenean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak sare sozialen bidez erantzun du. Alkateak ukatu egin du udalak hitzaldia babestu duela, eta adierazi du antolatzaileei eskaria bidaltzekoak zirela udalaren logoa kendu eta ekitaldia bertan behera uzteko. Aburtok argitu duenez, Bilboko Udalak diruz laguntzen dituen elkarte eta talde askok erabiltzen dute udalaren logoa euren ekitaldien berri emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.