EH Bildu transferentzien auzian: «Estatuak neurria hartu dio EAJri»

Nerea Kortajarenak auzitan jarri du falta diren transferentzien harira jeltzaleek Espainiako Gobernuari emandako ultimatuma. Aitor Estebanek berretsi du kolokan dela ostiraleko bitariko batzordea, eta EAJk jarrera alda dezakeela Kongresuan.

Nerea Kortajarena, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Nerea Kortajarena, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko urtarrilaren 14a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk eta Eusko Jaurlaritza bera soka tenkatzen ari dira azken egunetan, ostiraleko bitariko batzordean egitekoak diren bost transferentzien harira. Batzar hori kolokan dago, Gasteizeko gobernuaren arabera, uztailean adostu zenaz gain Madrilen beste proposamen batzuk egin dituelako. Jaurlaritzaren haserre horri gehitu zaio Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa ez dela bete, eta EAJk mehatxu egin diola PSOEri Espainiako Kongresuan hartuko duen jarrerarekin. Bada, ultimatum hori auzitan jarri du gaur Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak. «Transferentzien inguruko eztabaida eta Estatutua betetzea duela 47 urteko eztabaida da», nabarmendu du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

EAJren gaitasunari erreparatu dio, nolanahi ere, eskumenen transferentzien atzerapenaz aritu denean: «Irudipena dut estatuak neurria hartu diola EAJri». Kortajarenak uste du transferentzien auziaren inguruko ika-mika hedabideetan bideratu dela, eta zalantzan jarri du «hori benetako politika den, eta herri honen benetako interesak» hor kokatzen diren. «Zer esan nahi du EAJk, Espainiako Gobernua bere jarrera aldaketaz konturatuko dela? Ez dakit zertaz ari diren». Bilkideak uste baitu «alderdien interesak» daudela ezer baino gehiago jeltzaleen eta sozialisten arteko egungo harreman tenkatuan. Eta «herriaren benetako interesak» zeintzuk diren aipatzen hasita, «ongizatea lortzeko bide eraginkorrena» zein den mahairatu du: «Estatus politiko berria lortzea».

«Zerrenda bateratuak proposatzen ditugu herri interesak alderdien aurretik jartzeko. Badakigu proiektu ezberdinak defenditzen ditugula: inondik inora ez gatoz bat Josu Jon Imazek Trumpen aurrean esandakoarekin»

NEREA KORTAJARENA EH Bilduko legebiltzarkidea

Estatus berriaren negoziazioei buruz esan du «lanean» ari direla alderdiak. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren artekoa da negoziazioa. «Lan asko egitea eta zarata gutxi ateratzea eskatzen dute horrelako eztabaida sakonek; foku mediatikotik ateratzea». EAJk esan du urtarrilerako izan beharko litzatekeela hiruko negoziazio horren emaitza, onerako edo txarrerako. Oraingoz, ordea, eduki horri buruz ez dago albisterik, alderdien aldetik. «Politika mediatizatuaren beharra dago goiburuak emateko, eta espekulazioetan sartzen gara. Honek eskatzen du espekulazioen jokotik kanpo aritzea. Denborak eta gertakariek erakusten dute ezinbestekoa dela auzia, eta horretan ari gara».

Estatusa eta Imaz

Kortajarenak mahai gainean utzi ditu berriro EH Bilduren ikuspegia: «Herri honek aitortua izateko beharra du, nazioa delako. Eta bere etorkizuna erabaki ahal izateko beharra du. Eta estatuarekin berdintasun harremana izateko beharra». Izan ere, koalizio abertzaleak uste du «euskal herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzeko tresna berriak» behar direla. «Eta bermeekin behar ditugu».

EH Bilduk Espainiako Gorteetarako bozetan Hego Euskal Herriko zerrenda bateratua aurkezteko nahia berretsi du egunotan, Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren bidez, eta Kortajarenak berriro azaldu du proposamen horren zergatia, nahiz eta EAJk erabat baztertu duen. «Herri interesak alderdien aurretik jarri behar dela esaten dugu beti. Agerikoak dira gure arteko desadostasunak. Badakigu proiektu ezberdinak defenditzen ditugula: EH Bildu, adibidez, inondik inora ez dator bat Josu Jon Imazek Trumpen aurrean esandakoarekin. Baina egoera honetan, beharrezkoa da herritarren beharrak erdigunean jartzea».

Bitariko batzordea, kolokan

EAJk, bitartean, Espainiako Gobernuari botatako hordagori eutsi dio gaur, EBBko presidente Aitor Estebanek berretsi baitu ostiraleko Transferentzien Batzorde Mistoa kolokan dagoela. «Ikusi beharko dugu zer gertatzen den, baina epemugak urratu dituzte jada». EAJko buruak gogoratu du «transferentzien eduki zehatzak adosturik eta sinaturik» daudela, eta, beraz, «ezin dira etorri azken egunean ezetz esatera». «Seriotasuna» exijitu dio Espainiako Gobernuari Estebanek, jeltzaleak «saiatzen» ei baitira horrela jokatzen.

Edonola ere, EAJko presidenteak gogorarazi du transferentziek «duela hilabete eginak» beharko luketela, eta «berandu» dela. Gernikako Estatutuan jasotako bost eskuduntza eskuratu beharko lituzke Jaurlaritzak etzi: itsas salbamendua, Barakaldoko makineria zentroa, langabeziari dagozkion prestazioak, kotizaziorik gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola asegurua.

Astelehenean emandako abisu berean sakondu du Estebanek: «EAJk ez du jarraituko jarrera berarekin», Espainiako Gobernuarekin dituen harremanei begira. «Litekeena da aurrerantzean gutxiago hitz egitea gai askori dagokienez; ikusiko dugu». Mehatxuak hor jarraitzen du Pedro Sanchezen gobernuarentzat, baina jendaurrean behintzat ez dago zehazturik zer egingo ote duten jeltzaleek Espainiako Kongresuan.

«Bai Eneko Anduezak, bai Mikel Torres lehendakariordeak ezagutzen dituzte Madrilekin sinatutako dokumentuak, baita orain Madrildik bidali dutena ere, eta badakite aldea dagoela, eta aldea zein den ere bai»

AITOR ESTEBAN EAJko presidentea

«Ostiralean ez badituzte betetzen sinaturik dauden akordioak, zergatik azaldu beharko dute, eta, gero, bakoitzak uste duen moduan jokatuko du». Astelehenean, atzo eta gaur goizean ere, elkarrizketak izan dituzte bi aldeek, Estebanek kontatu duenez, baina ez dago akordio bat itxita, eta berretsi du «itunik ez badago jeltzaleen jarrera aldatu» egingo dela. «Guk jarrera egokia dugu akordioak bilatzeko, eta malguak gara, baita guztiz ados ez gauden gai batzuetan ere». Esparru horretan egon daiteke EAJren erantzuna. «Ez dut iragarpenik egingo hemen, iragartzeak baino gehiago ekitza politikoak egiteak balio baitu politikan; ikusiko da».

Hurtado: «Bitariko batzordea egin egingo da»

Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu Javier Hurtadok (PSE-EE), berriz, ziurtatu du Madrilen egitekoa den bitariko batzordea egin egingo dela Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean, eta, hortaz, batzar horretan gauzatzekoak diren transferentziak egingo direla, edo behintzat bideratuko direla. Nolanahi ere, Hurtado «baikor» azaldu da transferentzien auziaren konponbide bati begira.

«Oxala», esan du horri erantzunez Estebanek, eta zera gehitu du: «Bai Eneko Anduezak, bai Mikel Torres lehendakariordeak ezagutzen dituzte sinatutako dokumentuak, baita orain Madrildik bidali dutena ere, eta badakite aldea dagoela, eta aldea zein den ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.