Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ostiralean egitekoak diren bitariko batzordea kolokan dago orain ere. Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxena haserre azaldu da gai horri buruz galdetu diotenean: «Transferentziak egin ahal izateko, zenbait gai itxi behar dira aurretik, eta, beraz, ez dakigu bilera egingo den». Bitariko batzorde horretan, 2025eko uztailean gobernu biek adostutako bost eskumenak gauzatzekoak dira, baina Jaurlaritza ez dago konforme Madrilek egin dituen zenbait proposamenekin, ez direlako zehazki uztailean sinatu zirenak. Ubarretxenak «seriotasuna» eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta gogorarazi dio uztaileko akordioa «itun instituzionala» dela, «ofiziala, bi gobernuen artean ziurtatua».
Gernikako Estatutuan jasotako bost eskuduntza eskuratu beharko lituzke Jaurlaritzak ostiralean: itsas salbamendua, Barakaldoko makineria zentroa, langabeziari dagozkion prestazioak, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola asegurua. Baina hiru egun falta dira bi gobernuen batzar horretarako, eta Jaurlaritza, gaur-gaurkoz, ez dago prest bilera horretara joateko, aurretik eduki guztiak ikusten ez baditu uztaileko akordioan jaso ziren moduan.
«Bete dezatela uztaileko akordio instituzionala, interes pertsonalak alboratuz eta adostu zenari etengabe beste interpretazio bat eman gabe»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako eleduna
Autogobernu sailburua abenduan hasi zen abisua ematen egitekoak diren bost transferentzien harira; «arazoak» daude azken xehetasunak adosteko garaian, urtea amaitu aurretik esan zuenez: «Aurrerapenen partez, atzerapausoak eman dira», azaldu zuen, gobernuen bilera teknikoen eboluzioa ikusita. Bada, orduko abisua ozenagoa da gaurdanik, Ubarretxenak garbi esan baitu Jaurlaritza ez dagoela prest bitariko batzordean biltzeko, «interes pertsonalak» alboratzen ez badira, «adostu zenari etengabe beste interpretazio bat» emateari utzita.
Behar diren ordu guztiak
«Behar diren ordu guztiak» emateko prest dago Jaurlaritza, hizpide diren bost transferentziak ostiral honetan egin daitezen, baina aldaketarik ez bada Espainiako Gobernuaren azken proposamenean, litekeena da bitariko batzordea ez biltzea azkenerako: «Airean dago», esan du Uberretxenak.
Jaurlaritzak ez ditu transferentzia guztietan ikusten arazoak, batzuetan baizik, eta langabeziari lotutako prestazioak dira haietako bat. Bost transferentziak ez, baina bat edo beste gauzatu ote daitekeen galdetuta, gobernuko bozeramaileak ziurtatu du Jaurlaritza ez dagoela «merkataritza dinamika batean». Hau da, uztailean sinatutakoa bere horretan betetzea baino ez du onartuko Imanol Pradales buru duen gobernuak. Izan ere, Ubarretxenak berriro gogoratu du ez dela akordioa politiko soila, baizik eta «gobernu biren artean egindako akordio ofiziala». Transfernetziak «berme guztiekin» egin behar direla erantsi du eledunak: «Bete dezatela sinatuta dagoena».
EAJren haserrea
Jaurlaritzak beste bost eskuduntza jaso behar zituen urtea amaitu aurretik, 1979ko Gernikako Estatutua osatze aldera. Abenduaren 29an izenpetu behar zen eskumen horien transferentzia, egun horretarako baitzen Transferentzien Batzorde Mistoa. Baina bertan behera geratu zen, Imanol Pradales buru duen gobernuak helarazitako ezadostasunen ondoren.
Eskumen horien inguruko akordio politikoa uztailean eta irailean lortu zuten bi aldeek, baina eskualdaketa nola egingo zen zehaztea falta zen. Asteak eman dituzte xehetasun horiek negoziatzen, eta akordioa lortu zen azkenerako. Hala, txostenak sinatzea baino ez zen falta, baina ez da halakorik egin. Horiek horrela, datozen bi egunetan argitu beharko dute ostiraleko bitariko batzordea egingo duten edo berriro atzeratuko den.
EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako akordioaren arabera, 2025a amaitu aurretik Eusko Jaurlaritzaren esku egon behar zuten Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztiek. Errealitatea, baina, bestelakoa da. Hala, Jaurlaritzak eta EAJk kezkaz erreparatzen diote auziari eta atzo jeltzaleen presidente Aitor Esteban izan zen Madrili abisua eman ziona. Adierazi zuen eskualdaketak ostiralerako egiten ez badira eurak ez direla «besoak gurutzatuta» geratuko. «Espainiako Gobernua berehala konturatuko da», esan zuen, euren erantzuna zein izango den aurreratu gabe. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, baina, ez du kezkatzeko arrazoirik ikusten, uste baitu Madril eginahalak egiten ari dela ostiralerako akordio bat ixteko.