Buruntza mendian (Gipuzkoa) hiru haize errota handi eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen 2024ko abenduan Mendiko Haizie SM enpresak. Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oriako lurrei eragingo zien proiektuak. Zenbait hedabidek, enpresa sustatzailearen iturriak aipatuta, jakinarazi dute Bilbon egoitza duen enpresa horrek erabaki duela zentral hori ez eraikitzea, Eusko Jaurlaritzak ezin dituelako bete hori egiteko ezarritako segurtasun baldintzak.
Izan ere, parke eoliko bat jarri asmo zuten eremu horretan, batetik, harrobi baten ustiapena dago, eta, bestetik, legez babestuta dagoen Buruntzako Herrixka Gotortuaren Arkeologia Gunea. Eremu horretan azpiegitura eoliko bat ipintzeko, harrobi eta herrixka gotortua instalaziotik gutxieneko distantzia batera daudela bermatu beharko luke Mendiko Haizie SM enpresak, segurtasuna bermatzeko.
Harrobiari dagokionez, ustiapena egiten duen enpresaren eskariz, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ezarri zuen aerosorgailuak harrobitik 284 metrora jarri behar direla gutxienez, lanean ari diren beharginen segurtasuna bermatzeko.
Buruntzako Herrixka Gotortuaren gune arkeologikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak kultur ondasun izendatu zuen 2010ean, eta monumentu multzoaren kategoria eman. Horrek guneari babes berezia ematen dio, eta legeak galarazi egiten du eremuari kalte egin diezaioketen tamaina handiko azpiegiturak egitea, aerosorgailuak barne.
Hainbat proiektu bertan behera
Buruntzakoa ez da bertan behera geratu den parke eolikoen proiektu bakarra. Azken hilabeteotan bata bestearen atzean etorri zaizkie enpresa sustatzaileei administrazioen ezezkoak: segurtasuna dela edo ingurumenean eragingo luketen kaltea dela. Berriena, Nafarroako Mendialdean egitekoa zen parkearen bidearen amaiera. Joan den astean jakin zen Abo Energy enpresak ez zuela aurrera jarraituko Nafarroako Mendialdean jarri nahi zuen dozenaka haize errotako zentral eolikoarekin. Ituren, Zubieta, Beintza-Labaien, Eratsun, Ezkurra eta Goizueta udalerrietako lurretan ziren errotak jartzekoak, baina enpresak posta elektroniko bidez jakinarazi die udal horiei azkenean ez duela proiektuarekin aurrera egingo.
Joan den astean ere, Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman zien zazpi parke eoliko egiteko egitasmoei: Olaibar, Odieta, Anue eta Esteribar udalerrietan eraikitzekoak ziren, baina Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuen osatu dituen ingurumen txostenak proiektuaren kontrakoak direla.Â
Bestalde, urrian, Espainiako Trantsizio Energetikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak behin betiko ukatu zion baimen administratiboa Statkraft enpresa norvegiarrari Itsaraz (Araba eta Gipuzkoa) parke eolikoa gauzatzeko. Ingurumen inpaktu kaltegarria eta sarbide baimenen iraungitzea izan dira proiektua baztertzeko arrazoi nagusiak.
Bizkaiko Enkarterrin egin nahi zituzten bi proiektuei ere ezekoa eman zien Eusko Jaurlaritzak. Haya 1 eta Haya 2 proiektuak bertan behera utzi zituen, ingurumenean izango luketen eraginagatik. Erabakia azaltzeko, Jaurlaritzak azaldu zuen eskualdea sai zuriaren populazio gune «garrantzitsua» dela; sai zuria Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan dago. Proiektuen eragina «zuzenekoa, jasanezina eta kritikoa» litzatekeela ebatzi zuen Jaurlaritzak.Â