Otsailerako espero zen; Frederic Espenel Baionako ospitaleko zuzendariak urte hasierako agiantzetan eman du data zehatza: otsailaren 2tik aitzina ospitalearen esku izanen dira Donibane Lohizuneko (Lapurdi) klinikako larrialdi zerbitzuak. Mediku gehienak kontratupean hartu ditu ospitaleak, eta 35 pertsonako lantaldea gidatuko du.
Mobilizazio andana izan dira azken urteetan Donibane Lohizuneko larrialdi zerbitzua atxikitzearen alde. Izan ere, ekainean zuzendaritzak jakinarazi zuen ez zuela berrituko larrialdi zerbitzuaren atxikitzeko ARS Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziari egin behar zion galdea, diru galtzeak handiegiak zirelakoan; zerbitzua irailean hetsi behar zuten, ondorioz. «Azken urteetako lerratzea ez da onargarria. Irabazi asmoko egitura pribatuak dira, baina zerbitzu publiko bat emateko betebeharra dute», adierazi zuen Peio Dufau EH Baiko diputatuak uztailean. Poliklinikako larrialdi zerbitzua irekirik atxikiko zutela hitzeman zuen Frantziako Osasun ministroak uztailean.
Irailerako jakinarazi zuten adostasuna lortu zutela. Baionako ospitalearen laguntza ez ezik, ARSren laguntza ere jaso du poliklinikak, batez ere obrak egin behar zirelako.
Larrialdiez gain, orotako medikuntza zerbitzu berria ere plantatuko dute, baita onkologia zerbitzu bat ere, astean bi egunez irekiko dutena.