Kanpainako lehen asteburua da, eta alderdiek ez dute deskantsurik hartu. Bilbon manifestazio bat eta partida bat dauden egunean, EAJ ere bertan egon da. Euskal selekzioaren ofizialtasunean egingo diren urrats guztiak babestuko dituztela esan dute Maribel Vaquero Espainiako Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak eta Aitor Esteban EBB Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Bilbon, Venezuelaren aurkako partidaren atarian. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria ere haien alboan egon da; euskal selekzioaren arropa berdeak izan dituzte soinean hirurek.
Estebanek adierazi du Madrilera ere kamiseta berdea eramango dutela: «Izango dira PP-PSOE partida klasikoa jokatu nahi dutenak, baina guk ez dugu hori jokatuko». Vaquerok oroitu du 2022ko Kirol Legearen bidez surf eta pilota federazioak ofizial egitea lortu zutela, eta EH Bilduri aurpegiratu dio horretan lagundu ez izana. «Nazioarteko nazio asko lehiatzen ari dira, eta gu ere nazio bat gara. Zergatik ez gara lehiatuko?», gaineratu du Estebanek. EAJ bozkatzea bermea dela ziurtatu dute.
Hala ere, kanpaina zabala da, eta askotariko mezuak entzun ahal izan dira gaur. Esaterako, EAJ bera mugikortasunaz aritu da goizean, Tolosan. Vaqueroren ustez, abiadura handiko trenbide sarea Madrilgo ardatzaren inguruan egituratu da, «eta Atlantikoko korridore estrategikoa ez da batere garatu». «Estatuak Euskadi abandonaturik utzi du». Hala, aldiriko zerbitzuak zein inbertsio handiak egiterakoan «autogobernu handiagoa izatea» defendatu du.
Podemosek gonbidatu berezia izan du gaur Iruñean, San Frantzisko plazan: Ione Belarra idazkari nagusia, iruindarra. Belarrak nabarmendu du alderdi morea «ausardiaren aukera» dela. Haren arabera, Alderdi Popularraren eta Voxen boto paperak ez dira elkarrengandik bereizten, eta uste du PSOEk eta harekin adostu duten alderdiek «betikoa» ordezkatzen dutela. Han izan dira Neniques Roldan Nafarroako koordinatzailea eta Kongresurako zein Senaturako hautagaiak —Virginia Alonso eta Eva Calleja, hurrenez hurren—.

Bidenabar, Podemosek salatu du azken egunetan beren bi egoitzatan erasoak jasan dituztela. Ohar batean kontatu dute duela egun batzuk Donostiako egoitzaren aurka arrautzak jaurti zituztela; gaur, berriz, Errenteriako (Gipuzkoa) egoitzan itsatsita zegoen kartel bati Irene Montero Espainiako hautagaiaren aurpegia ezabatu diote, eta asko (nazka) eta nazi hitzak idatzi dituzte.
Jaume Collboni Bartzelonako alkatea ere izan da PSE-EEren Donostiako ekitaldian, Eneko Andueza idazkari nagusiarekin batera. Gaztelerazko hitz joko erraza egin du: herritarrek eskuinaren eta eskubideen artean aukeratu beharko dute. «Euskadin PPri botoa ematea Voxi ematea da, gauza bera baitira». Han izan dira Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta Rafaela Romero Kongresuko hautagaia ere. Ohartarazi du ez dela fidatzen inkesten emaitzekin.

UPN-PP koalizioko Sergio Sayas Kongresuko zerrendako bigarrenak Pedro Sanchezen aurka jo du, haren bisitaren biharamunean. Haren ustez, nafarrei irain egin zien atzo Sanchezek. «Lotsa eman beharko lioke Nafarroara etortzeak, hona ustelkeria eta Bildurekin egindako itunak baizik ez baititu ekarri».
Jon Etxeberria PPko Gipuzkoako hautagaia eta alderdiko beste kide bat Hernanin (Gipuzkoa) izan dira gaur; hauteskundeetako kanpainaren harira, karpa bat jartzeko asmoa zuten bertan, Ezkiaga pasealekuaren inguruan. Baina ezin izan dute, salatu dutenez «etazale mordo batek» eraso egin dielako «petardoak, arrautzak eta harriak» botata. PPk adierazi du bertan behera utziko duela Gipuzkoako hainbat herritan egin behar zuen hauteskunde bira. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu dute. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «erabat gaitzetsi» du Etxeberriari egindako erasoa, eta elkartasuna adierazi dio: «Nahikoa da».
Geroa Baik bozei begirako dokumentu politikoa aurkeztu du gaur goizean. Lehentasunen artean izango ditu autogobernuaren eta ongizate estatuaren defentsa. Geroa Baik uste du eskuin muturraren mezuari aurre egiteko herritarren bizimodua hobetuko duten politikak egin behar direla: «Voxek Hitzarmen eta Itun Ekonomikoa bertan behera uztea planteatu du, eta, Alderdi Popularraren gobernu batean parte hartzen badu, Nafarroak ezin du ahaztu tresna hauek arriskuan egongo direla».