EAJk garrantzia kendu die Anduezak esandakoei, eta koalizio gobernuaren «egonkortasuna» nabarmendu du

EAJren legebiltzar taldea azken bi urteetako balantzea egiteko bildu da, eta hurrengo urteari begirako erronkak aztertu ditu.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, EAJko legebiltzarkideekin batera, gaur, Bilbon. EAJ
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EAJko legebiltzarkideekin batera, gaur, Bilbon. EAJ
Bilbo
2026ko uztailaren 15a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ziur nago Eneko Anduezak ez duela hori pentsatzen». Horrela erantzun die Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak PSE-EEko idazkari nagusiak egindako azken adierazpenei. Izan ere, Anduezak dio EAJk eta EH Bilduk bultzatutako Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreforma «nazionalismoaren obsesioetan» oinarrituta dagoela, eta Voxen «lehentasun nazionalarekin» alderatu du. Ez da jeltzaleen kontra jotzen duen lehenengo aldia. Diez Antxustegik, ordea, EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioaren balioa nabarmendu du, eta adierazi «herritarren interesei erantzuten diela».

Diez Antxustegik azaldu du koalizioa «martxa onean» lan egiten ari dela eta gai garrantzitsuei dagokienez ados jartzeko gai direla: «Mahai gainean ditugun erronkei erantzuteko ekimenak aurrera ateratzeko gai gara». Horretaz gain, adierazi du Anduezak «legebiltzarrean onartu denaren edukia» ezagutzen duela. «Badaki esan duena ez datorrela bat errealitatearekin», gehitu du.

Bestalde, EAJren bozeramaileak azkenengo bi urteen balantzea egin du gaurko lan jardunaldian. Diez Antxustegiren hitzetan, «ezegonkortasuna eta ezjakintasuna nagusi diren honetan», lortu dute «Euskadi eta Eusko Legebiltzarra babesleku izatea moderaziorako, zentraltasunerako eta egonkortasunerako». Erakunde horretan lortutako akordioak ere nabarmendu nahi izan ditu. «Ados jarri gara osasun itunaren inguruan, legeak onartu ditugu etxebizitza politikak arintzeko, aurrekontuak onartu ditugu, eta industria babesteko neurriak ere hartu ditugu legebiltzarrean», azaldu du Diez Antxustegik. Gainera, azaldu du hori horrela izan dela Eusko Jaurlaritzako koalizio gobernuak «egonkortasuna» bermatzen duelako.

Etorkizunera begira

Erronkei dagokienez, proiektu estrategikoak eta inbertsioak erakartzeko premiazko neurrien lege proposamena aipatu du jeltzaleak adibide gisa. Aurreko hilabeteetan izan dituzten liskarren ondoren, Aitor Esteban EAJko presidentea eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia elkarrekin agertu ziren prentsaren aurrera, ekainaren 4an, lege proposamen hori aurkezteko. Uztailean lantzen hasiko dira, eta irailean jarraituko dute.

Hori dela eta, EH Bilduri eta PPri «arduraz jokatzeko eta lege proposamenaren alde egiteko» eskatu die, horren kontra agertu baitira. Administrazioa Jarduera Ekonomiko Jasangarrirako Sinplifikatzeko eta Arintzeko Presako Neurrien Lege Proposamena izendatu dute, eta helburu nagusia da administrazio prozedurak arintzea eta epeak murriztea, proiektu estrategikoak eta inbertsioak erakarri ahal izateko. «Lege honen bidez burokrazia gutxitu nahi dugu», azaldu du Diez Antxustegik. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA