ELA sindikatuak grebara deituta zituen gaurko Kristau Eskolak eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoak kudeatzen dituzten eskoletako irakasleak, orotara, 9.000. 2024an sinatutako akordioa ez betetzea egozten die sindikatuak patronalei. Eta, haren esanetan, langileek deialdia babestu dute, eta «eragin nabarmena» izan du grebak: «Eusko Jaurlaritzak neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen arren, greba egiteko aukera zuten hiru langiletik batek greba egin du».
Ikusi gehiago
2024ko otsailean lortu zuten sindikatuek eta Kristau Eskola eta IZEA patronalek ados jartzea, eta bertan behera utzi zituzten hurrengo greba deialdiak. Gaur, ELAk deituta, greba ez ezik, manifestazioa ere egin dute, Bilbon, «patronalei exijitzeko greba amaieran adostutako akordioa osotasunean bete dezatela eta edukiak hitzarmenean txertatu ditzatela». Izan ere, sindikatuaren irudiko, patronalak ez dira betetzen ari «adostutako hainbat atal». Eta are: «Langileak auzitara jotzera behartzen ari dira». Gainera, salatu dute adostutako eduki horiek oraindik ez dituztela lan hitzarmen batean jaso.
Esaterako, irakasleek eskola ordu bat gutxiago emango zituztela adostu zuten; alta, ELAk salatu duenez, Kristau Eskolako hamar ikastetxetik batean bakarrik ari dira hori betetzen: «Eskola orduak ez dituzte murriztu, Kristau Eskolako patronalak hala aginduta». Horregatik, sindikatuek epaitegietara jo dute; ELAk, bere aldetik, eta Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, elkarrekin. Gai bera dela eta, bi auziak epaiketa bakarrean batu dituzte; gaur egin dute, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen «utzikeria eta fede txarra» salatu ditu ELAk, eta nabarmendu du egoera «onartezina» dela. «Hamasei negoziazio mahai izan dira azken bi urteetan, gehienak ELAren ekimenez bultzatuta, eta hainbat elkarretaratze eta mobilizazio eginda ere, aurrerapausorik ez dago».
Gainerako sindikatuek
ELAk bere aldetik egin ditu greba eta manifestazio deialdia; beste sindikatuek —Steilas, CCOO, LAB eta UGT—, berriz, elkarretaratzea egin dute elkarrekin EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian. Bertan, gaitzetsi dute Kristau Eskola eta IZEA orain bi urte sinatutako hitzarmena «urratzen» ari direla. Eta konponbideak galdegin dituzte: «Patronalei exijitzen diegu etxeko lanak egin ditzatela, urtarriletik aurrera aplikatu dezatela sinatu zuten eskola ordu murrizketa eta konpentsatu ditzatela irailaren 1etik aurrera irakasleek egin behar izan ditugun gehiegizko eskola orduak».

Â