Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irailaren 8an, ikasturtea hastearekin batera, eskola segregazioaren kontra egiteko asmoa adierazi zuen, eta, hala, ekinbide bat abiarazi zuen: Eskola bikaina denontzat izeneko prozesua. Lehendakaritzak bultzatuta egin zuen urratsa, iaz osasun arloan akordio zabal bat lortzeko hasitako prozesuaren antzeko bat egiteko. Oraingo prozesuaren helburua da hezkuntzan «ekitatea, inklusioa eta kalitatea» bermatzeko oinarriak jarriko dituen itun bat lortzea. Bilera hartan, diagnostikoa egiteko txosten bat aurkeztu zuen administrazioak, lehena, eta modua eman zien eragileei zuzenketak egiteko. Bada, gaur, bigarren bilera egin da, eta bilkura horren ostean egindako agerraldi batean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak jakinarazi du diagnostikoaren «behin betiko» dokumentua «partekatu» dutela eragile horiekin; batzuk, haatik, ez dira prozesuaren emaitzarekin kontent agertu; LAB eta EH Bildu, kasurako.
Sailburuak nabarmendu du gaurko bilera «beste urrats bat» izan dela itun bat lortzeko bidean. Eta elkarrizketarako asmoa azaldu du: «Zerbitzu publikoak indartzeak zera eskatzen du: elkarrizketa, erantzukidetasuna eta ikuspuntu ezberdinen arteko elkarrekintza».
Prozesuaren «zabaltasuna» nabarmendu du hasieratik Jaurlaritzak. Izan ere, mahaiaren bueltan eseri dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoetako ordezkariez gain, beste eragile asko: LAB, UGT, CCOO eta Interinoak sindikatuak, familien eta ikasleen elkarteak, unibertsitateak, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP alderdiak, itunpeko sareko patronalak, eta hezkuntza sistemako beste zenbait eragile. Baina kritikak ere ozenak izan dira. Eta mahaian ez daude, gainera, hasieran gonbidatutako eragile guztiak.
Kritika artean
ELA sindikatuak hasieratik jakinarazi zuen ez zuela parte hartuko foroan: salatu zuen administrazioa «neurri zehatzik gabeko eztabaidak» abiarazten ari dela, eta oso bestelako neurriak hartu behar direla segregazioaren auzia bideratzeko: «aldaketa estrukturalak» eskatu zituen. Steilasek ere prozesua hasterako adierazi zuen ez zegoela ados.
LAB ere oso kritikoa da: lehengo astean bertan, segregazioari aurre egiteko bere neurri propioak proposatu zituen, eta ezkor mintzatu Hezkuntza Sailak abiarazitako prozesuaren inguruan: sindikatuaren arabera, osasun mahaian erabilitako metodologia bera aplikatu nahi dute orain ere Jaurlaritzako buruek: «Hau da, argitasun gutxi, ados jartzeko borondate handirik ez, eta itxurakeria handia». Gaur berritu egin dute kritika, eta protesta bat ere egin dute.
Prozesua kritikatu dute, bere zabalean: Jaurlaritzak lan egiteko jarri duen modua bera. Salatu dute gaurko bilerara joan direla, adibidez, zertara zihoazen argi izan gabe. «Ez da argitu nahi izan zein metodologia izango zuen eta ez da argitu bilera zehazki zertarako zen». Eta esan dute gaur Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen dokumentua ez dutela onartzen. Esaterako, gogoratu dute testuak «legez debekaturik dauden kuoten kobrantzaren errealitatea» jaso behar duela, «bestelako eskola planifikazio baterako» oinarriak ere jaso behar direla, eta hizkuntzagatik gertatzen den segregazioa ere propio aipatu behar dela.
EH Bilduk ere bere «kezka» adierazi du. Hain zuzen, Hezkuntza Sailak Eskola bikaina denontzat foroa eskola segregazioari aurre egiteko erabili baitu, Bildukoek zalantzan jarri dute «Eusko Gobernua ez ote den konprometituago salmenta komunikatiboarekin gobernatzearekin baino». Mahaian parte hartzen zuen Ikoitz Arrese parlamentariak salatu du bilera ondoko adierazpenek ez dutela islatzen bileran benetan gertatutakoa: «Badirudi haien prentsa oharra aurretik idatzita zegoela». Halere, berretsi nahi izan du EH Bildu «konprometituta» dagoela eskola segregazioa ezabatzeko, baina esan du proposatutako ebaluazioari aurkeztu zituzten ekarpenak «ez direla kontuan hartuak» izan.
Hezkuntza Sailak espero du prozesua maiatzean biribiltzea, erabaki eraginkorrak hartuta: eskola segregazioari aurre egiteko behin betiko neurriak onartu nahi dituzte orduan, «gauzatzeko epeak ezarrita».
SEGREGAZIOAREN KONTRAKO MANIFESTAZIOA
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eskola segregazioaren kontrako manifestazioa egingo du azaroaren 29an, Bilbon, aldarri nagusi bat hartuta: «Publikoa da bidea». Asteburu honetan, agerraldia egin dute Ordizian (Gipuzkoa). Propio salatu dute Gipuzkoako herri horretan itunpeko eskolen eta publikoaren artean dagoen «desoreka erabatekoa». Datuak eman dituzte: «Behar sozialak dituzten ikasle edo familia ia guztiak eskola publikoan daude, baita atzerritar jatorriko ikasleen %87 ere». Gogoratu dute beste herri askotan ere tankerako egoerak ez direla ezohikoak. «Ordizian bildu gara, bai, baina berdin bildu gintezkeen Santurtzin edo Durangon, Andoainen edo Errenterian, Amurrion edo Oionen, Gasteizen, Bilbon edo Donostian...». Kritikatu egin dute Jaurlaritzak eskola segregazioaren kontra abiarazi duen prozesua. «Hezkuntza Sailak egindakoa berrestea eta babestea du helburu». Horiek horrela, iritzita gai horren inguruko eskaerak kalean entzunarazi behar direla, kalera irtetera deitu dute.