Joan den asteazkenean lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurreneko ekitaldian egin ez bezala, gaur bai, gaur Pedro Sanchezi mintzatu zaio zuzen-zuzenean Imanol Pradales. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran bere alderdiak, EAJk, egindako galdera baliatu du Espainiako Gobernuko presidenteari eskatzeko balia dezala legealdiari geratzen zaion apurra Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenak eskualdatzeko eta azkar ibil dadila etxebizitza dekretuekin egin moduan.
Lehendakariak adierazi du Sanchezek hauteskundeetara deitu izanak ez duela esan nahi «dena hankaz gora» jarri denik. Izan ere, gogora ekarri du Madrilek «azeleragailua zapaldu» duela etxebizitzari buruzko bi dekretuak Espainiako Gorteetako Diputazio Iraunkorrean onartu ahal izateko: «Alegia, nahi badu, ahal du». Bada, eskumenekin ere borondate eta konpromiso bera erakustea galdegin dio: «Estatutua osatzeko abiadura eta ausardia bera ikustea gustatuko litzaidake. Denbora badago oraindik».
Pradalesek aitortu du aurrera egin dela bide horretan, baina ohartarazi du Espainiako Gobernuak ez duela hitzartutako guztia bete. Izan ere, Sanchezen inbestiduraren truke EAJk eta PSOEk adostu zuten estatutua 2025. urtea amaitu aurretik osatzea. Baina epea aspaldi gainditu zen, eta luzapen denboran ere ez dira falta diren eskumenak eskualdatzeko gai izan. Are, uztailean ere bertan behera utzi zuten aldebiko batzordearen bilera, ordurako espero ziren eskualdaketak egiteko akordiorik lortu ez zutelako.
Udako etenaren osterako utzi zuten hurrengo bilkura, baina iraila pasatu da, eta bilera egunik ez da ageri agintarien agendan. Eta ez dirudi biltzekoak direnik, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuaren mezu ezkorrei erreparatuz gero. Pradalesek, ordea, argi utzi du ez duela amore emango, itxaropena baduela, hala falta diren eskumenak eskualdatzeko nola bi gobernuek adostutako beste neurri batzuk onartzeko, energia sarearen ahalmena handitzekoa, kasurako.
Horiek horrela, lehendakariak oposizioari eskatu dio helburu horretan indar egiteko. Nagusiki EH Bilduri galdegin dio etxebizitza dekretuak «itsu-itsuan onartzeko» erakutsitako irmotasun bera azal dezan 1979ko Gernikako Estatutua defendatzeko ere. «Etorri gurekin batera». Izan ere, koalizioko buruzagi Arnaldo Otegik asteazkenean esan zuen Jose Antonio Agirrek bi dekretuen alde egingo zukeela. Zera erantzun die Pradalesek: «Ez naiz ausartzen esatera Agirre lehendakariak zer bozkatuko lukeen. Baina gauza batez seguru nago: gure autogobernua baldintzarik gabe defendatuko luke, eta, horrekin batera, behar ditugun gaitasun politiko berriak eskatuko lituzke».