Martxoaren 3ko biktimen elkartea eta 78ko Sanferminak Gogoan taldea batera ari dira lanean, Espainiako Gobernuak « egitea falta zaion urrats nagusia» egin dezan. Estatua erantzule izenburupean, ekinaldi bat bultzatu dute bi talde horiek, eskatzeko Madrilek onar dezala bere erantzukizuna bai 1976ko Gasteizko sarraskiaren inguruan bai eta 1978ko sanferminetako hilketaren harira ere.
Sabino Cuadrak eta Andoni Txaskok eman dute ekinaldiaren berri gaur, Iruñean, bi taldeetako ordezkari gisa. Asteazkenean, Espainiako Kongresuko Memoria Demokratikoaren Batzordeko taldeekin bilduko dira, PPrekin eta Voxekin ez beste guztiekin. Helburua da babes politiko nahikoa lortzea Kongresuko osoko bilkuran legez besteko proposamen bat eztabaidatu dadin eta Espainiako Gobernuak bere gain har dezan bi krimenen inguruko erantzukizuna «mailarik gorenean».
Biharamunean, ostegunean, ekinaldia abiarazi duten bi taldeek bultzaturiko mozio bat eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan. Aurretik, Gasteizko, Iruñeko, Donostiako eta Astigarragako udalek onartu zituzten mozioak, eta Iruñean onarturiko mozioa eramango da parlamentura. Martxoaren 31n, 78ko Sanferminak Gogoan taldeko eta Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kideak izan ziren parlamentuko batzorde batean, eta aurrez aurre egin zieten eskaera hori alderdietako ordezkariei.
Mozioaren edukia
Hiru puntu ditu testuak. Batetik, Espainiako Gobernuari eskatzen diote bere gain har dezala 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren eta 1978ko uztailaren 8an sanferminetan izandako krimenen «erantzukizun nagusia eta zuzena». Bigarrenik, galdegiten dute gobernuak edo presidenteak «maila goreneko adierazpen bat» egin dezala. Azkenik, erakundeak premiatzen dituzte «benetako urratsak eta behin betikoak» egitera egia jakiteko eskubidea bermatu dadin.
EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurkeztu dute mozioa, eta martxoaren 31n adierazi zuten babestuko zutela. Dena den, hura aurrera ateratzeko, erabakigarria izango da PSNren botoa, eta martxoan Javier Lekunberri parlamentariak iragarri zuen beste puntu bat erantsiko diola testuari. Lekunberrik ordu hartan esan zuen «garai hartan izandako indarkeria guztia» gaitzetsiko dela puntu horretan, baina Sabino Cuadrak ez du edukiaren berri. «Iruñeko Udalean, PSNk aldeko botoa eman zuen, eta itxaropen handia dugu parlamentuan ere halaxe gertatuko dela». Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zutenean, sozialistek zuzenketa bat adostu zuten jeltzaleekin, eta estatuak izandako «rola» aitortzea lehenetsi zuten, «erantzukizun» eskaeren gainetik.
«Bi krimen horien atzean, goi mailan bultzaturiko eta antolaturiko plan bat zegoen, gertatu zen hori gerta zedin prestatua»
SABINO CUADRA 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kidea
Espainiako Kongresuko ekinaldiak zer eman dezakeen galdetuta, Cuadrak espero du bilkura eraginkorra izango dela. «Espero dugu haietako batzuek legez besteko proposamena aurkeztea osoko bilkuran eztabaidatzeko».
Horren harira, Espainiako Memoria Demokratikoaren Ministerioak bi gertaeren harira izandako berrogei biktimaren eskaerak jaso ditu, eta guztienak aitortu. Dena den, Cuadraren ustez, aitortza indibidualak ez dira aski: «Bi krimen horien atzean, goi mailan bultzaturiko eta antolaturiko plan bat zegoen, gertatu zen hori gerta zedin prestatua». Bide beretik jo du Jose Luis Martinez Ozio Martxoak 3 elkarteko kideak. «Aurkeztutako eskaerak onartzea keinu garrantzitsua da, aitortza moral bat baita. Urrats garrantzitsua da, baina pausorik garrantzitsuena falta da: estatuak sarraskiaren erantzukizuna bere gain hartzea».
«Aurkeztutako eskaerak onartzea keinu garrantzitsua da, aitortza moral bat baita. Urrats garrantzitsua da, baina pausorik garrantzitsuena falta da»
JOSE LUIS MARTINEZ OZIO Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kidea
Gasteizko sarraskian bost langile hil ziren —Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar Clement, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral—; Iruñeko sanferminetan, berriz, German Rodriguez Saiz hil zuten polizia armatuek. Gainera, dozenaka pertsona zauritu zituzten, horietako batzuk balaz, larri.