Eusko Jaurlaritzak tresna berri bat du etxebizitzaren arazoari aurre egiteko: Etxebizitzen Gizarte Funtsa. Asmoa da zortzi urtean alokairurako 10.000 etxebizitza eraikitzea «erdiko klasearentzat neurrizko prezioan» alokagai jartzeko, «aliantza publiko-pribatuaren» bidez. Imanol Pradales lehendakariaren arabera, «formula berritzailea» da, baina, egitasmo berritzaile orok bezala, ilusioa adina mesfidantza eragin du.
«Finean, Jaurlaritzak kapital publikoa eta pribatua elkartu nahi ditu promotore handi bat sortzeko eta haren bidez etxe gehiago eraikitzeko». Horrela laburbildu du ekinaldia Unai Fernandez de Betoño EHUko hirigintza irakasleak; haren iritziz, «interesgarria» da, baita Massimo Cermelli Deustuko Unibertsitateko ekonomia irakaslearen iritziz ere: «Ona da Jaurlaritzak etxebizitza eskuragarriak hedatzeko bide berriak topatzea».
«65.000 euro irabazten dituztenek egingo duten esfortzua askoz txikiagoa da 35.000 irabazten dituztenek egingo dutena baino»
UNAI FERNANDEZ DE BETOÑOEHUko hirigintza irakaslea
Bi adituek, ordea, zalantza asko dituzte. Diruaren jatorrian jarri du begirada Fernandez de Betoñok; ontzat jo du banku fundazioen eta BGAEen parte hartzea, «badutelako nolabaiteko oinarri soziala edo komunitarioa», baina uste du arriskutsua dela bestelako inbertitzaile eta sustatzaile «pribatu-pribatuei» ere ateak irekitzea: «Funtsa, azkenean, ohiko promotore bat gehiago bihurtzeko arriskua dago, non Jaurlaritza zati baten jabe den, besterik gabe».
Inbertitzaile pribatuak erakartzeko, %6,6ko etekinak hitzeman zituzten asteleheneko aurkezpenean. «Nik ez dakit hori nola egingo duten», aitortu du EHUko irakasleak, eta Vienako adibidea jarri du: han, etxebizitzak eraikitzen dituzten irabazi mugatuko enpresek %3,5eko etekinak izaten dituzte. «%5 baino gehiago eskaintzea arriskutsua iruditzen zait».
Cermellik ez du uste funtsa «opari bat» denik inbertitzaileentzat, ezta sekulako errentagarritasuna lortuko dutenik ere: «Zilegi da errentagarritasuna eskuratzea, baina ebaluatu beharko da ea lortzen dituzten etekinak proportzionatuak diren hartzen dituzten arriskuen aldean». Gehitu du Jaurlaritzaren egitekoa izango dela egitasmoa «putre funts bat» ez bilakatzea, «espekulatzeko proiektu bat», eta ikusteko dagoela funtsak nolako dimentsio soziala izango duen. «Nola erantzungo du maizter bat diru sarrerarik gabe geratzen bada?», galdetu du; izan ere, alokairuak inbestitzaileek kudeatuko dituzte, eta ez Alokabidek.
Kontrol publikoa
Etxebizitzen Gizarte Funtsak sustatutako promozioetan Jaurlaritzak jarriko du lurzorua, eta, horri esker, lagapenaren baldintzetan zehaztu ahalko ditu alokairuen prezioak. Printzipioz, 75 urtez babestuak egongo dira etxeak, eta, epe hori pasatutakoan, lurzorua eta haren gainean eraikitakoa Jaurlaritzaren jabetzara itzuliko dira.
Fernandez de Betoño, ordea, mesfidati agertu da. Erakunde publikoek lurren kontrola galtzeko arriskua dagoela uste du, eta 75 urtez Jaurlaritzak lurrak ez saltzea bermatu beharko litzatekeela adierazi du: «Noizbait Jaurlaritzak dirua behar badu, iruditzen zait saldu diezazkiokeela lur horiek funtsen bati, edo dena delakoari. Orain arteko aurrekariak ez dira oso esperantzagarriak».
«Arauek bermatu behar dute proiektuak interes orokorrari erantzungo diola hasieratik bukaeraraino»
MASSIMO CERMELLIDeustuko Unibertsitateko ekonomia irakaslea
Beldur bera du Cermellik. Ontzat jo du elkarlan publiko-pribatua, «betiere argia den ordain publiko bat baldin badago», baina azpimarra egin du kontrolean: «Arauek bermatu behar dute proiektuak interes orokorrari erantzungo diola hasieratik bukaeraraino».
Zeresana eman du egitasmoa urtean 25.000 eta 65.000 euro artean irabazten dituztenentzat prestatu izanak ere. Fernandez de Betoñok badu susmo bat: Jaurlaritzak zalantzak dituela egitasmoak arrakasta izango ote duen, eta horregatik hautatu dituela maizter horiek. «Ez dira pobreak, eta horiek hautatu dituzte, hain zuzen ere, inbertitzaileei bermatzeko errentak kobratuko dituztela».

Aurreikusi du, gainera, gobernuak dekretu bat onartu beharko duela Etxebiden izena emateko araudia berriro aldatzeko eta gehienez 65.000 euro irabazten dituztenek izena eman ahal izateko. Maiatzean aldatu zuten araudia 46.500 eurorainoko diru sarrerak dituztenak apuntatu daitezen. Horrek, EHUko irakaslearen iritziz, agerian uzten du Jaurlaritza «gehiegi pentsatu gabe» ari dela: «Badakite arazo handi bat dagoela, hauteskundeak datoz, etxebizitzaren gaia zurrunbiloaren erdian dago, eta zerbait egiten ari direlako itxura eman behar dute».
Fiskalitate erregresiboa
Dena den, adierazi du hori ez dela larriena: «Mesedez, funtsari kendu diezaiotela gizarte adjektiboa, zeren, nire ustez, urtean 65.000 euro irabazten dituen batek ez du laguntzarik behar etxea erosteko; eta, laguntza behar badu ere, berak baino gutxiago kobratzen dutenek are gehiago beharko dute».
Cermellik, berriz, esan du ondo dagoela «lan egin arren etxebizitza bat eskuratzeko modurik ez dutenei» laguntzea, «orain hori gertatzen ari baita», baina gehitu du etxeak erdiko klasearentzat eskuragarriak izateak ez duela esan nahi denentzat eskuragarriak direnik, eta egitasmoa «baliabide gutxien dituztenentzako etxebizitza sozialekin» osatu behar dela babestu du.
Azkenik, Fernandez de Betoñok kritika egin die Jaurlaritzak ezarritako prezioei; izan ere, proposatu du alokairu bera ordaintzea —680 euro 70 metro koadroko etxeetan— 35.000 eta 65.000 euro artean irabazten dituzten guztiek: «Fiskalitate progresiboa aplikatu ordez, erregresiboa aplikatu dute. 65.000 euro irabazten dituztenek egingo duten esfortzua askoz txikiagoa da 35.000 irabazten dituztenek egingo dutena baino. Eskandalagarria da».
«EH BILDUK PROPOSATU ZUEN IDEIA HORI LEHENENGO»
EH Bilduk maiatzean aurkeztu zuen Posible 30K ekinaldia, eta lehendik ere proposatua zuen etxebizitzak eraikitzeko funts publiko-pribatu bat sortzea.
Gauza bera al dira, ordea, koalizio subiranistak eta Jaurlaritzak proposatutakoa? Fernandez de Betoñoren arabera, bi proposamenek antzeko epeak dituzte, biek EIB Europako Inbertsio Bankuari laguntza eskatzea jasotzen dute, baina badira aldeak ere: handienak, tamaina eta parte hartze publikoaren garrantzia, EHUko irakaslearen iritziz.
EH Bilduk zioen Jaurlaritzak 1.000 milioi euro jarri beharko lituzkeela funtsean, eta gainontzekoa, beste 1.000 milioi, BGAEek eta banku fundazioek jarri beharko luketela. Astelehenean aurkeztutako egitasmoan, berriz, 100-120 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak, eta, BGAEek eta banku fundazioek ez ezik, inbertitzaile eta sustatzaile pribatuek ere parte hartuko dute.