Euskara atzentzeko argudio juridikoen bilduma, berriro

Funtzio publikoko lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna eskatzea egokia den galdetu dio EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari auto batean; erabili dituen argudioen bitartez euskara bazterreko hizkuntza izaten segitzea du helburu.

Hizkuntza eskakizunen kontra ebatzitako epai baten harira langileak protestan, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA  / FOKU
Hizkuntza eskakizunen kontra ebatzitako epai baten harira langileak protestan, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen aurkako oldarraldi judizial betean, 2025. urtea amaituta, administrazio publikoan euskara normalizatzea helburu duen lege esparrua are mehartuago dago, eta ondorio artegagarriak izan ditzaketen auzibide berrien mehatxupean. Kezka handiena piztu duten ekinbideetako bat zera izan da, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari egin dion galdera: izan ere, auto baten bidez eskatu dio argitzeko Euskal Enplegu Publikoaren 187.5 artikuluak konstituzioa konplitzen duen. Berebiziko garrantzia du legearen artikulu horrek, esaten baitu lanpostu publiko guztiek —guzti-guztiek— izan behar dutela ezarria hizkuntza eskakizun bat, lanpostuaren eginkizunei egokitua. Artikulu horrek xedatzen duen bakarra da lanpostuek hizkuntza eskakizuna ezarria izan behar dutela, baina derrigortasunari erreferentziarik egin gabe. EAEko Auzitegi Nagusiak galdera horren defentsa egiteko plazaratu duen autoa zera da, euskararen tokia atzentzeko argudio juridikoen bilduma bat. Beste bat. 

Autoa idatzi duten EAEko Auzitegi Nagusiko epaileen arabera, «arrazoi asko» daude hizkuntza eskakizun orokortuaren inguruan zalantza izateko eta, ondorioz, galdera egin behar da. Zehaztu dute irizpide horrek konstituzioaren 23. artikulua urra dezakeela. Herritarrei enplegu publikorako sarbidea izateko eskubidea onartzen dien artikulua da. Halaxe dio: «Berdintasun baldintzetan eskubidea dute, legeek ezartzen dituzten baldintzetan, funtzio eta kargu publikoetara heltzeko».

PPk eta Voxek abiarazitako helegiteen ondorioa da EAEko Auzitegi Nagusiaren itauna. Hain justu ere, euskara administrazio publikoan normalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren 2024ko dekretuaren gaineko helegiteak jarrita dauzkate bi talde politikoek, eta horien harira erabaki dute EAEko Auzitegi Nagusiko epaileek Konstituzionalera jotzea. Hain zuzen ere, galdera egiteko autoa idatzi duten magistratuen iritziz, 2024ko dekretuaren aurka jarri diren helegiteak ebazteko nahitaezkoa da aurrez argitzea dekretuaren oinarria den enplegu publikoari buruzko legeak konstituzioak ezarritako irizpideak betetzen dituen. 

Udal legea

EAEko Auzitegi Nagusiak bere autoan ematen dituen argudioetan, besteak beste, udal legea deiturikoaren kontra Auzitegi Konstituzionalak 2023ko uztailaren 5ean ebatzitako sententzia aipatzen du. 2016koa da arautegi hori; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeen jardunbideak, betebeharrak eta funtzioak zehazten ditu. Hainbat irizpide ematen ditu tokiko administrazioetan euskara lehenesteko bidea irekitzeko. EAEko Auzitegi Nagusiak orain argudiatu du, ordea, Konstituzionalak epai hartan ebatzi zuela ezin dela ontzat jo «hizkuntza koofizialetako» bat «lehenestea». Arloan Konstituzionalak emandako beste hainbat ebazpen ere gogora ekarri dituzte autoan, eta hainbatetan nabarmendu dute argudio bera: «Hizkuntza eskakizuna lanpostu guztiei ezartzeak urratu egiten du proportzionaltasuna».

Arretaz irakurri du autoa Iñigo Urrutia legelariak. Aditua da hizkuntza eskubideekin lotutako gaietan, eta propio hizkuntza eskakizunen derrigortasuna orokortzeko euskalgintzak 2024an aurkeztu zuen proposamena berak idatzitakoa da. Udal legearen gaineko epaiari buruz egiten den interpretazioari erreparatu dio, bereziki. «Funtsean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak planteatzen du udal legearekin euskararen normalizazio sistema aldatu dela. Udal legearen aurretik, bi hizkuntzei tratamendu simetrikoa ematea zen arau nagusia, baina, udal legearen ondorioz, euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza bihurtu da. Ondorioz — Auzitegi Nagusiko magistratuen arabera—, euskarak erabilera orokorrekoa behar badu izan, normaltasunez erabili beharrekoa; horrek berez lekarke lanpostu guztietako hizkuntza eskakizuna derrigorrezko bihurtzea, konstituzioa urratuz». 

Hain justu ere, autoaren arabera, hizkuntza eskakizunak lanpostu guztiei ezartzen bazaizkie, ezin da esan horiek «gaitzik» ez dutenik egiten. Halaxe dago jasota: «Ezartzen badira, zerbaitetarako ezartzen dira: egunen batean, derrigortasun dataren bidez, aktibatu ahal izateko. Behin une horretatik aurrera, exijitu ahal izateko moduko obligazioa dira». Eta hori, EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, «disuasio» bidea da euskaraz ez dakitenentzat. Propio aipatzen ditu Euskal Herritik kanpoko herrialdeetan bizi eta administrazio publikoan lan egin nahi dutenak eta, baita ere, Euskal Herrian bizi arren gaztelaniaz aritzeko «hizkuntza askatasuna» erabili nahi dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoko legeei buruzko ebazpenak ez ezik, Kataluniako Estatutua kimatzeko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean ebatzitako sententziako argudioak ere erabili dituzte hizkuntza eskakizunen kontrako arrazoibide gisara. 

Katalunian eta Galizian

Ez dago erabateko adostasunik, ordea. EAEko Auzitegi Nagusiko epaileetako batek, boto partikular baten bitartez, argudiatu du ez dagoela motiborik Konstituzionalera joateko. Aintzakotzat hartu behar da, gainera, Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa baino eredu aurreratuagoak badirela gaur egun indarrean: hain justu ere, egun funtzio publikoan sartzean egiaztatu beharrekoa izaten da hizkuntza gutxituen ezagutza Katalunian eta Galizian. 

«Auzitegi Konstituzionalak ez dio arazorik jarri hizkuntza eskakizunen nahitaezkotasuna orokortzen ez duen sistemari, eta ezta lanpostu guztietara hedatzen duenari ere»

IÑIGO URRUTIA Legelaria

«EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuen autoan Konstituzio Auzitegiko epai batzuk aipatzen dira baina ez denak eta ez modu sistematikoan», azaldu du Urrutiak. «Konstituzio Auzitegiak ez dio arazorik jarri hizkuntza eskakizunen nahitaezkotasuna orokortzen ez duen sistemari —alegia, egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoenari—, eta ezta nahitaezkotasuna lanpostu guztietara hedatzen duen sistemari ere —Galizian Katalunian indarrean dagoenari—. Biak konstituzioaren araberakotzat jo ditu. Arazoa ez da sistema, haren proportzionaltasuna baizik». Boto partikularra ere arretaz irakurri du Urrutiak, eta mamia duela uste du: «Interesgarria da, batetik islatzen duelako EAEko Auzitegi Nagusiko salan ez dagoela irizpide bateraturik Euskal Enplegu Publikoaren legearen konstituzionaltasuna interpretatzeko orduan, eta bestetik argi agertzen duelako konstituzio berarekin Kataluniako eta Galiziako sistemak egokitzat jo badira nola ez den ba konstituzionaltzat joko EAEko sistema, askoz ere arinagoa baita eta ez baitu orokortzen hizkuntza eskakizunen nahitaezkotasuna».

Xehetasun bati erreparatu dio Urrutiak. «Nire ustez, eredu baten edo bestearen alde egiteko, faktore askok dute eragina: faktore soziolinguistikoak, adostasun politikoak… Bereziki inportantea da administrazio eginkizunetan hizkuntza propioari eman nahi zaion rola, edo funtzioa. Erakundeon jardueretan hizkuntza propioa erabilera normal eta orokorreko zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izango bada, edo horren aldeko trantsitua planteatzen bada, beharrezkoa izango da nahitaezkotasuna lanpostu guztietara hedatzen duen eredurantz abiatzea». 

Hala ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak zer norabide hartuko duen ikusi beharko da orain. «Ez dago argi zein izango den emaitza», onartu du Urrutiak. «Auzitegi Konstituzionalak azkenaldian tinko eutsi dio hizkuntzen arteko berdintasun formalari, eta gaitzetsi egin ditu hizkuntza koofizialen aldeko tratamendu desorekatuak. Nire ustez, galderari eman beharko litzaiokeen erantzuna da Euskal Enplegu Publikoari Buruzko Legeko 187.5 artikuluak ez duela konstituzioa urratzen. Lanpostuek hizkuntza eskakizuna izatea ez da berez gaitzesgarria, betiere lanpostuaren funtzioei egokitutakoak baldin badira, eta are gutxiago denak ez badira nahitaezkoak».

«Bereziki inportantea da administrazio eginkizunetan hizkuntza propioari eman nahi zaion rola, edo funtzioa»

IÑIGO URRUTIA Legelaria

Ezinegona

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ekinbide judizial honen harira, ezinegona azaldu dute hainbat eragilek. Adibidez, abenduaren 9an agerraldia egin zuten Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak eta eledun Maria Ubarretxenak. Hizkuntza eskakizunen defentsa egin zuten: «Ez dago arrazoirik Auzitegi Konstituzionalera jotzeko». Bengoetxeak bereziki ahalegina egin zuen gogora ekartzeko hizkuntza eskakizuna lanpostu guztiei ezarrita ere hori konplitzeko derrigortasunik ez dutela denek izaten egungo ereduan. Euskalgintzak, berriz, salatu du Konstituzionalera joateko erabakiarekin EAEko Auzitegi Nagusiak «baldintzatu» egin nahi izan duela Euskal Enplegu Publikoaren Legearen gainean abian dagoen prozesu legegilea.

Izan ere, Eusko Legebiltzarrean erregistratuta daude araudi hori erreformatzeko bi proposamen. Biak ere landu dira propio hizkuntza eskakizunak ezartzen dituzten instituzioen segurtasun juridikoa handitzeko ahaleginetan. EAJk aurkeztua da bat. Egun hizkuntza eskakizunen derrigortasuna ebazten duen indizea ezabatzea da proposamen horren helburua, era horretan epaileek kontrako sententziak jartzeko argudio gutxiago izango dituztela iritzita. EH Bilduren proposamenak erreforma sakonagoa du helburu: ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna lanpostu guztiei ezartzea da helburua, eta eskabide hori «malgutuz» joatea gero horretarako propio sortutako indize baten bidez. Urrutiak uste du aski garrantzitsua dela Eusko Legebiltzarrean martxan dagoen prozesua. Argi du segurtasun juridikoa lortzeko legeak berak «parametro lotesleak» ezarri behar dituela: «Azken erabakia administrazio bakoitzaren esku utziz gero, epaitegien errebisioaren menpe segituko du gaiak». 

gaiari buruzko glosario txikia

  • Hizkuntza eskakizunak. Sektore publikoan diharduten langileen euskara gaitasuna egiaztatzeko bidea dira hizkuntza eskakizunak: lanpostu bakoitza betetzeko eta horretan jarduteko euskaraz beharrezkoa den gaitasun maila egiaztatzeko tresna. Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikuluak jasotzen du lanpostu publiko guztiei esleitu behar zaizkiela: «Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko».
  • Derrigortasun indizea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezarrita dagoen ereduan, euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da derrigortasun indizea. Hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, gutxienekotzat hartzen zen ehuneko hori. Ikuskera murriztailea nagusituz joan da gero, ordea, eta gehienez hori eska daitekeela ondorioztatu dute, esaterako, hainbat epailek urteotan. Datu soziolinguistikoak kontuan hartuta kalkulatzen da indizea.
  • Derrigortasun data. Indizeak ezarritako ehunekoan sartzen diren lanpostuek derrigortasun data bat izaten dute. Eskakizuna derrigorrezkoa izaten hasten den egunetik aurrera, lanpostua eskuratzeko eta betetzeko ezinbestekoa da, berez, eskakizuna egiaztatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.