Euskara larrialdian, eta beste indarraldi baten beharrean

Hizkuntzaren etorkizuna jokoan dela agerian geratu da aurten. Siadecoren ikerlanak zeresan handia eman du, besteak beste arnasguneen desagertzea irudikatu baitu. Erakundeak eta taldeak hasiak dira euskarak behar duen bultzadarako proposamenak egiten.

Batuz Aldatu dinamikakoak, irailaren 26an, itun soziopolitiko berrirako eskaintza aurkezteko ekitaldian, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Batuz Aldatu dinamikakoak, irailaren 26an, itun soziopolitiko berrirako eskaintza aurkezteko ekitaldian, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
ander perez zala
2025eko abenduaren 3a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen egoeraren larritasuna agerian utzi dute aurten hainbat erakundek eta norbanakok: gelditze baten zantzuak daude, eta hizkuntzaren etorkizuna ez da ona. Laburbilduz, normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu egin da, eta horrek ohartarazpenen ardatzean jarri du euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela, Euskalgintzaren Kontseiluak iragan urtearen amaieran adierazi zuen modura.

Diagnostiko horren inguruko adostasuna erabatekoa da, bai euskalgintzan, baita erakundeen partetik ere. Eta, hortaz, euskararen indarberritzean pausoak eman beharra ere bai, gelditze joera aldatu, eta hizkuntzari beste bultzada bat emateko, horren aldeko olatu berri bat sortzeko. Errealitatea interpretatzea, eta aurrera begirako neurriak hartzea, garai hau giltzarria baita euskararen bilakaerarako; egoerak eskatzen duen neurrian aritu behar izatea, alegia.

Hori da analisia. Eta sentsazio hori berretsi dute aurten euskararen egoeraz aritzerakoan. Horrekin lotuta, zeresanik handiena eman duen ikerlana Siadecok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz joan den uztailean argitaraturikoa izan da, Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa deiturikoa. Hamar urte barruko egoera irudikatu dute txosten horretan, eta zera da ondorio nagusia: «Euren eguneroko bizimoduan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak gero eta gehiago izango dira».

Oro har, ikerlan horrek agerian utzi du, betiere proiekzioa betez gero, 2036rako euskararen ezagutza maila apalagoa izango litzatekeela, eta etxean nagusiki herritar gutxiagok erabiliko luketela. Eta horrek guztiak eragingo luke, beraz, euskararako joera berezkoa ez dutenek toki handiagoa hartuko luketela gizartean.

Siadecoren proiekzio demolinguistikoaren ondorio horiek zeresan handia eman dute, batetik, eta ikerlanak irudikatu duen balizko beste gertakari batek ere bai, bestetik: betiere aurreikusitakoa betez gero, euskara, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzatekeela. Arnasgunerik gabe geratzeko bidean dela, alegia. Gaur egun, ahultzen eta urritzen ari dira eremu horiek, eta txostenean ondorioztatu dute hamar urteren buruan ez dela izango euskararen erabilera %60tik gorakoa duen udalerririk. Lurraldeen arabera, hamar urte barru Bizkaian ez litzateke geratuko euskararen nagusitasun eremuko herririk, eta halakoak Gipuzkoan eta Nafarroan egongo lirateke soilik.

Iñaki Iurrebasok hizkuntza politika eremuka lantzea proposatu du, euskararen nagusitasunaren arabera, eta toki bakoitzeko politikek elkar osatzeko eran

Hori guztia aintzat harturik, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak proposatu zuen, iragan urrian Azpeitian (Gipuzkoa) arnasguneez egindako nazioarteko konferentzian, hizkuntza politika eremuka lantzea, euskararen nagusitasunaren arabera, eta toki bakoitzeko politikek elkar osatzeko eran. Zehazki, bost irizpide aipatu zituen: batetik, lurralde eremu guztietan eragitea; bigarrenik, lurraldeka esku-hartze molde «ezberdindu eta egokituak» egitea; hirugarrenik, ingurune euskaldunagoei «motor lidergo aitzindariaren» rola ematea; laugarrenik, «arreta berezia» jartzea eremu euskaldunetan; eta bosgarrenik, zona euskaldunagoak gainerako eremuak euskalduntzeko «baliabide eraginkor» bihurtzea.

Edonola ere, gelditzearen zantzuak dauden arren, badira «alde positiboak» ere euskararen bilakaeran, eta horiek ere aipatu zituzten Siadecoko ikerlariek, txostenaren aurkezpenean. Gaur egun, hizkuntza horren ezagutza handiagoa da biztanle helduen artean; gaztelaniarekin batera bada ere, hainbat etxetan euskarak sarbidea izan du; transmisioaren eta erabileraren bilakaera positiboa da atzerrian sortutakoen artean; lurralde eta eremu jakin batzuetan egin dira aurrerabide nabarmengarriak; eta hizkuntzaren «bizitasunari» eutsi egin zaio zenbait eremutan.

Horiek horrela, alde positiboei «heldu» eta horietan «sakontzeak» berebiziko garrantzia izango duela nabarmendu zuten euskararen etorkizunari begira.

Jaurlaritzaren estrategia

Erakundeek zenbait iragarpen egin dituzte hizkuntzaren geroarekin zerikusia dutenak. Joan den ekainean, kasurako, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek jakinarazi zuen 2027an biltzar bat egingo dutela euskararen biziberritzearen inguruan, eta hitzordu hori bide berri baten amaiera izango dela, dinamika bat abiatu baitute dagoeneko, Jauzia gara lelopean, hain justu euskararen biziberritzeari dagokionez adostasuna lortzeko.

Zehazki, hainbat prozesu, ekinaldi, ikerketa eta eztabaidaren bitartez «euskararen geroa» irudikatzea izango dute helburu 2027rako. «Asmoa da bi urteko epean lanketa zabala eta plurala egitea, eta nazioarteko biltzar handi, heterogeneo eta esanguratsu bat eginda amaitzea», zehaztu zuen Pradalesek.

Dinamika horren leloak azaltzen duen modura, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen bere gobernuak bere esku dagoena egingo duela jauzia egiteko, hizkuntza politikak indartuz eta, preseski, jauzi horretarako gizarte baldintzak sortuz. «Datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala» lortu behar dela uste baitu Pradalesek, «euskara beste norabide eta bultzada baten premian» dagoela argudiatuta. Jaurlaritzako lehendakariak ezinbestekotzat jo zuen erronka horiei «erantzun gaurkotuak eta egokiak» ematea: «Horren araberakoa izango da euskararen etorkizuna, neurri handi batean».

(ID_17494948548065) Jauzia Gara ekitaldia
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bilboko Azkuna zentroan euskararen etorkizunaz egindako agerraldian, iragan ekainean. IREKIA

Euskararen biziberritzeari buruzko ekitaldi horretan hainbat arlotako 270 lagun bildu ziren; besteak beste, erakunde publikoetako, enpresetako, komunikabideetako, sindikatuetako, osasungintzako, kultur arloko, euskaltegietako eta euskalgintzako ordezkariak. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi zuenez, horietako askorekin bildu ziren legegintzaldiaren lehenengo urtean: «Seiehun eragilerekin baino gehiagorekin eseri gara, 350 erakunderekin baino gehiagorekin egon gara, eta zortziehun bilera baino gehiago egin ditugu».

Bilera horietan, bost ardatz nagusi identifikatu zituzten: ezagutza, teknologia eta digitalizazioa, giza harremanak, lan mundua, eta euskararen prestigioa. Ardatz horietan guztietan «urratsak» egin dituzten arren, Pradalesek esan zuen oraindik ez dela nahikoa, eta ekitaldira joandakoei adierazi zien euren «laguntza» behar dutela «aurrez aurre» duten «herri erronka estrategikoari» erantzuna emateko.

Batuz Aldatu dinamika

Jaurlaritzaz gain, taldeek ere egin dituzte euskararen etorkizunarekin zerikusia duten proposamenak. Esaterako, hilabete askoko lanaren ondoren, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko itun soziopolitiko berri baterako eskaintza aurkeztu zuen Batuz Aldatu taldeak joan den irailean; Euskalgintzaren Kontseiluak sustatuta, hainbat arlotako 99 eragilek egin zuten bat aurrena egitasmoarekin, eta, akordioaren aurkezpen egunean, 113an zegoen kopuru hori.

Batuz Aldatu osatzen dutenek jakinarazi zuten helburu nagusitzat jarri dutela «euskararen erabilera erosorako» baldintzak sortzea. Horretarako, uste dute ezinbestekoa dela bi norabide ezartzea: batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatzea; eta, bestetik, euskara «eroso» erabiltzeko eremuak «sortu, garatu eta lotzea». «Iruditzen zaigu ekarpen garrantzitsua izango dela euskararen biziberritzerako eta baita demokrazian eta gizarte kohesioan sakontzeko ere», adierazi zuen Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak.

Itun soziopolitiko berri horretarako eskaintzan hizkuntza politiketako auzi funtsezkoak zerrendatu dituzte Batuz Aldatukoek, eta bost eremutan banatu dituzte horrekin loturiko erantzukizunak eta irizpide nagusiak. Batetik, eremu instituzional eta politikoan, zera: erakundeek «lehentasunezko politika publikoak» abiatu behar dituztela euskararen biziberritzean, eta horretarako politika publiko ausart eta anbiziotsuak eskatzen dizkiete, hain justu, euskararen unibertsalizazioa sustatzea aldera; horrekin lotuta legoke, gainera, Euskal Herri osoan hizkuntzaren ofizialtasuna lortzea.

Bigarrenik, eremu ekonomikoari dagokionez, itunean jaso dute enpresek «eragin gaitasuna eta itzala» baliatu behar dituztela ulertarazteko euskara «ezinbesteko» balioa dela; eta, beraz, euskara planak garatzeko eta hizkuntza hori balio estrategiko gisa txertatzeko eskatzen diete. Sindikatuei begira ere jarri dira Batuz Aldatukoak, horiek ere «agente aktibo» izan behar dutela argudiatuta; besteak beste, hizkuntza eskubideak langileen eskubide gisa aitortzeko eta lan hitzarmenetan jasotzeko.

Batuz Aldatu dinamikak helburu nagusitzat jarri du «euskararen erabilera erosorako» baldintzak sortzea

Hirugarrenik, eremu soziala ere funtsezkotzat jo du Batuz Aldatuk. Elkarte, talde eta eragile sozialek kontzientzia hartu behar dutela aipatu zuten: «Jabetu daitezela nolako eragina duten euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan». Eta, itun soziopolitiko berrirako eskaintzan, euskalgintzari gidaritza aitortu diote, «aitzindari rol horri eutsi» behar diola esanda.

Eremu kulturala eta akademikoa da laugarrena. Kultur eragileei eta eremu akademikoari eskatu zieten beren konpromisoen artean kokatzeko hizkuntzaren berpizkundea, eta, besteak beste, euskarazko sorkuntza propioa bermatzeko. Eta, bosgarrenik eta azkenik, herritarren parte hartzea jarri zuten, eta haien konpromiso aktiboa euskararen etorkizunaren berme nagusia dela nabarmendu. «Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua milaka eta milaka herritarren konpromisoaren ondorio da», oroitarazi zuten ekitaldian.

Aurten larrialditik indarraldira pasatzeko bideari ekin behar zaiola aldarrikatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak, eta, euskararen normalizazio prozesua onbideratzeko, urtea mobilizazio handi batekin amaituko du: kultur kutsuko bilgune bat, Bilbon, abenduaren 27an. Hori guztia, 2025a «euskarari beste pizkunde bat» emateko urtea izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.