Behin-behinean aske utzi dute Basaurin (Bizkaia) bere bikotekide zena hiltzea egotzita atxilotutako gizona. Bilboko Guardiako Epaitegiak hartu du erabakia, eta epaitegi horrek berak eman du erabakiaren berri; halere, ikerketa irekita egon artean, gizonak egunero joan beharko du Bilboko 9. arloko Instantzia Auzitegira. Horrez gain, pasaportea kendu diote. Atzo atxilotu zuen Ertzaintzak, eta gaur eraman dute epailearen aurrera, 15:00ak aldera, haren bikotekide zen Amaia Velasco Quintanaren heriotzaren harira.
Velasco asteazkenean zendu zen, 44 urte zituela. Ondoezik zegoela eta, larrialdi zerbitzuei deitu zieten emakumearen etxera joan zitezen, baina ezin izan zuten ezer egin hura suspertzeko: etxean bertan hil zen. Heriotza natural gisara hartu zuten hasieran, baina gorpuari egindako azterketan indarkeria zantzuak antzeman zituzten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo azaldu zuenez. Hala, Ertzaintzak ondorioztatu zuen indarkeriazko hilketa bat izan zela, eta emakumearen bikotekidea atxilotu, giza hilketa leporatuta.
Gizonak 45 urte ditu, eta aurrekariak ditu genero indarkeriagatik. San Miguel auzoan bizi zen bikotea, eta bizilagunek hedabideei adierazi dietenez, ohikoak ziren eztabaidak, eta Polizia behin baino gehiagotan joan zen haien etxera. Komunikabide batzuen arabera, biktimarengandik urruntzeko agindu bat ere ezarria zuen atxilotuak, eta hala berretsi du andrearen aitak. Are, Basauriko alkate Asier Iragorrik atzo esan zuen Ertzaintza kasua aztertzen ari zela.
«Ezin dugu indarkeria matxista normalizatu»
Basaurin Velascoren hilketa gaitzetsi duten egun berean hartu eta jakinarazi du erabakia epaileak. Isilean, saminez, elkartu dira herritarrak. Udalak deituta —mugimendu feminista atzo atera zen kalera—, Azaroaren 25a plazan batu dira gaur eguerdian, Basaurin matxismoari planto lelopean. Pankartari eutsi dioteneko bat biktimaren alaba izan da, eta alboan izan du aitona, andrearen aita; bertan jaso dituzte adiskideen, bizilagunen eta erakundeetako ordezkarien elkartasuna eta babesa. Ondoren, hedabideei egindako adierazpenetan, indarkeria matxistari aurre egiteko deia egin du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak: «Ezin dugu indarkeria matxista normalizatu». 2003. urtetik 135 emakume eta hamahiru haur falta dira Euskal Herrian bortizkeria horren ondorioz.
«Gaitzespen irmoa» eta «doluminak» izan dira erakundeetako ordezkarien ahotan. «Familiaren eta lagunen ondoan egon behar dugu, behar duten laguntza eta baliabide guztiak eskaini behar dizkiegu», berretsi du Iragorrik. Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen atzo bertan, biktimaren bikotekidearen atxiloketaren berri izan eta berehala, eta ildo beretik mintzatu da gaur alkatea bortizkeria ukatzen dutenen aurka: «Indarkeria matxistari garrantzia kentzen dioten diskurtso asko entzuten ari gara, eta horrek kezkatu egiten gaitu; geure gizartean orokorrean eta orain Basaurin pairatzen ari gara indarkeria hori. Berdintasun balioak indartu behar ditugu gazteen artean».
«Indarkeria matxistari garrantzia kentzen dioten diskurtso asko entzuten ari gara, eta horrek kezkatu egiten gaitu; orain Basaurin pairatzen ari gara indarkeria hori»
ASIER IRAGORRI Basauriko alkatea
Diskurtso erreakzionarioak aipatu ditu Elgarrestak ere: «Ezin dugu indarkeria matxista normalizatu, eta ezin ditugu onartu jarrera matxistak naturalizatzen dituzten mezuak, are gutxiago indarkeria matxista ukatzen dutenak edo berdintasunaren kontrakoak direnak». Bortizkeria matxista «errealitate gordina eta mingarria» dela erantsi du, eta horren inguruan kontzientzia hartzera deitu du: «Gizarte gisa euste horma bat sortu behar dugu indarkeriari frenoa jartzeko. Indarkeria jasaten ari diren emakumeei erakutsi behar diegu haiekin gaudela, eta indarkeriak lekurik izango ez duen gizarte bat sortu nahi dugula denon artean». Dena den, biktima babesteko mekanismoek huts egin duten galdetuta, Emakundeko zuzendariak esan du instituzioek «aztertu» egingo dutela gertatutakoa.
Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean Ager Izagirre jardun da, Administrazio Publikorako diputatua. Gizonei mintzatu zaie bereziki: «Berdintasuna ez da emakumeen kontu bat. Ez da nahikoa esatea ‘Ni ez naiz matxista’. Gizonok ere konprometitu behar dugu egunero gertatzen diren desberdintasun adierazpenak borrokatzen, esplizituak edo inplizituak izan».
Aurtengo hirugarren hildakoa
Iaz zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen indarkeria matxistak, eta aurtengo lehen hiru hilabeteek jada hiru biktima utzi dituzte. Otsailean Tatiana Rodriguez hil zuen haren bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa); 28 urte zituen, eta lau seme-alaba. Bikotea banatzeko prozesuan zen, eta eztabaida batean labanaz eraso egin zion gizonak; erasotzaileak bere ama ere zauritu zuen, erraina babesten saiatzen ari zela.
Martxoaren 21ean, berriz, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen bikotekideak Espainian, Zaragozan zehazki; han bizi zen aspalditik. Gizona andrearen lantokira joan zen, eta kalean tiro egin zion; ondoren, erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen. Emakumeak 49 urte zituen, eta bi ume; horietako bat, adingabea.

