Jose Antonio Agirre eta haren gobernua Gernikako Batzar Etxera itzuli dira gaur, lehen Eusko Jaurlaritza hura eratu eta 90 urtera. Hezurmamituta ez, noski, baina zeharka eta hitzen eta irudien bitartez bederen bertan izan dira, mugarri hura gogora ekartzeko antolatutako ekitaldi instituzionalean. Ekitaldi xume eta hunkigarria egin dute, musikak eta dantzak lagunduta.
Arbolaren atarira hurbildu dira Eusko Jaurlaritzako hainbat kide ekitaldiari hasiera emateko. Gorriz jantzitako ertzainek atariraino egin duten pasilloa zeharkatzen lehenak izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea. Etxanobe zuriz jantzita eta Otadui berdez; Gorroño gorriz jantzita joatea falta zen ikurrina irudikatzeko. Haien ondoren sartu dira Eusko Jaurlaritzako sailburuak, beren artean hizketan. Bide bera ibili ostean batu dira agintari anfitrioiekin, eta elkar agurtu eta argazkia atera ostean sartu dira batzar etxera, Imanol Pradales lehendakariari itxarotera.
Pradalesek makila eskuan eta txapel gorrien artean egin du bidea Gernikako arbolaraino. Bertan agurtu ditu Etxanobe, Gorroño eta Otadui, eta batzar etxera sartu da, sailburuekin familia argazkia ateratzeko. Ondoren, atarira atera da berriz ere Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu lehendakari ohiei harrera egiteko. Hirurak batera heldu dira, Urkullu kaikua jantzita eta Ibarretxe txapela buruan. Arbolaren, ikurrinaren eta txistularien aurrean elkartu dira lau lehendakariak, lau garai desberdin omentzeko. Nahiz eta haien aurretiko lehendakariak ez egon, haiek ere gogoan izan dituzte jardunaldian. Haien senitartekoek eta beste hainbat gonbidatuk ilara izugarria osatu dute, eta banan-banan sartu dira batzar etxera, lehendakariak agurtu ostean.
Kontakizun musikatua
Ekitaldia hunkigarria izan da, eta Jose Antonio Agirre eta haren legatua presente izan dira goiz osoan zehar. Bera izan zen, hain zuzen, orain dela 90 urte gaurko toki berean izendatu zuten lehen lehendakaria. Agirrek, gobernua eratzea posible egin zutenekin batera, hilabeteetako lana egun gutxi batzuetan egin zuen, «demokrazia, askatasuna eta justizia soziala» oinarri hartuta. Balio horiek gogoratu nahi izan dituzte gaur, eta baita Eusko Jaurlaritzaren historia ere. Horretarako, Euskadiko Orkestrak eta Bilboko Koralak jarri dituzte doinuak, eta abestitik abestira Kirmen Uribek sortutako literatur testuak irakurri dituzte Aintzane Gamizek eta Iñaki Beraetxek.
Kontakizunak garaiz garai aletu du Jaurlaritzaren ibilbidea. Hori dela eta, koruak garai bakoitzaren adierazgarri diren abestiak interpretatu ditu. Gernikako arbola, gobernuaren lehen urratsak irudikatzeko; Txoria txori, euskaldunek diktaduran zehar babestu zituzten ohiturak eta kultura gogorarazteko; eta Aukera berriak, Eusko Jaurlaritzak frankismoaren ostean ikusi zuen argia irudikatzeko. Emanaldian, Ibarretxek, dantzan hasteko gogoa ezkutatu ezinik, burua mugitu du musikaren erritmoan Zaindu maite duzun hori abestian.