Emakume bat eta haren bi ume adingabeak hil dira Erronkarin, itota

Ezka ibaian gertatu da ezbeharra, bainatzeko ohikoa den toki batean. Haurrek 7 eta 11 urte zituzten.

Guardia Zibila, gorpuak agertu diren presan ikertzen. IÑAKI PORTO / EFE
Guardia Zibila, gorpuak agertu diren presan ikertzen. IÑAKI PORTO / EFE
2026ko uztailaren 15a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru pertsona hil dira itota Erronkarin (Nafarroa), Ezka ibaian. 29 urteko emakume bat eta haren 7 eta 11 urteko bi ume adingabeak dira hildakoak. 16:39 aldera gertatu da ezbeharra, asteazkenean. Bizilagun batek aurkitu ditu gorpuak uretan, eta larrialdi zerbitzuak ohartarazi ditu. Nafarroako suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira, baina ezin izan dituzte suspertu.

Poliziak adierazi du ikerketa bat abiatu dutela zer gertatu den argitzeko. Bainatzeko ohiko tokia da Ezka ibaiako hori. Udalak ohar bat zabaldu du eta babesa eskaini die hildako lagunen familia eta senideei; hiru eguneko dolualdia ezarriko duela jakinarazi du.

Bertze sei hildako

Ekainetik hona gutxienez bertze sei pertsona hil dira itota. Joan den hilabetean lau izan ziren: hilaren 13an 43 urteko bizkaitar bat hil zen Castro Urdialesen (Espainia), Oriñongo hondartzan; bortz egunen buruan, 59 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Iruñeko Aranzadi udal instalazioetako igerileku batean; eta ekainaren 25ean, berriz, bi lagun hil ziren itota: Donostiako Ondarreta hondartzan bata eta Uharteko Dorraburu presaren inguruetan bertzea, Arga ibaian. Joan den astean, berriz, bi gizon hil ziren: lehenbizikoa, Uribarriko urtegian (Araba), Gasteizko ironmanean parte hartzen ari zela bihotzekoak jota, eta bigarrena, Orioko hondartzan (Gipuzkoa).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA