Bartzelonako udaletxeko areto batean ekitaldi bat egin dute gaur arratsaldean Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 30. urteurrena ospatzeko. Hizkuntza gutxituen aldeko hainbat eragilek parte hartu dute, tartean Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxola eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka. 1996ko ekainaren 6an aldarrikatu zuten adierazpena, Bartzelonan bertan, Hizkuntza Eskubideen Mundu Kongresuan. Urteurrena ospatu dute, bereziki, etorkizunera begira; izan ere, testua berridazteko prozesua abian da. Apirilaren 15ean aurkeztu zuten, eta egunotan egin dituzte testua berridazten hasteko lehenengo bilerak.Â
Munduko hainbat adituk bidalitako ekarpenak aztertzen aritu dira. Azaldu dute ekarpen gehiago ere egin daitezkeela oraindik: urtearen amaiera bitartean jasoko dituzte. Ciemen eta PEN Catalak bultzatuta onartu zen adierazpena orain dela 30 urte, eta erakunde biek bultzatuta abiarazi zuten berridazketa ere. Erruz aldatu da mundua hiru hamarraldiotan, eta globalizazioak eta teknologia berrien hedatzeak ekarri dituzten erronka ugari eta sakonei erantzun nahi diete orain testu berriaren bitartez. Izan ere, aldaketa horietako askok areagotu egin dute hizkuntza komunitate askoren zaurgarritasuna. Mundu osoko adituek parte hartuko dute testuaren berridazketan, eta Euskal Herritik, Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia ez ezik Garabide ere ari da jardunbide horretan. Testua ahalik eta ahaltsuena eta eraginkorrena izateko asmoz, ekinbidearen sustatzaileek jarria duten helburuetako bat zera da, berridazketa ahalik eta partaidetza zabal eta osoenarekin egitea, mundu osoa kontuan hartuta. Â
Ciemenek jakinarazi duenez, egunotan berrogei aditu inguru aritu dira berridazketa abiatzeko bileretan, lehen ekarpenak aztertzen. Bide batez, hemendik aurrerako lanerako metodologia ezartzeko ahalegina ere egin dute lehen bilerotan. Bi batzordetan banatuta aritu dira lanean. Lankidetza estuan ari dira nazioarteko juristak, soziolinguistak, hizkuntzaren biziberritzean esperientzia duten adituak, eta sortzaileak, beste askoren artean. Giza eskubideen arloko adituak ere ari dira ekarpenak egiten. Izan ere, hizkuntza eskubideak giza eskubideen esparruan kokatzeko bidea ireki zuen dokumentuak, eta horixe du bereizgarri nabarmenenetarikoa.
Adierazpena «hizkuntza komunitateak» aintzat hartuta idatzitako dokumentua da. Halaxe dio lehen ahapaldian: «Adierazpen honek ez estatuak baizik eta hizkuntza komunitateak hartzen ditu abiapuntutzat, eta gizateria osoarentzako garapen jasangarri eta orekatua bermatzeko gauza diren nazioarteko erakundeak indartzeko ahaleginean sartzen da. Ez da testu lotesle bat —NBE Nazio Batuen Erakundearen aitortzarik ez du— baina garrantzi handia izan du hamarraldiotan hizkuntza gutxituen alde abiatu diren hainbat prozesutan.Â
«Erreferentziazko» testua
2016ko abenduaren 17an, adibidez, Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa deitua aurkeztu zen Donostian, Donostiako protokolo moduan ezagutua. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala «oinarrizko dokumentu» gisara hartuta idatzi zen agiri hori. «Horixe izan da dokumentu hau prestatzeko izan dugun eredu nagusia», jartzen du protokoloan bertan. Europako hainbat eragileren artean landu zuten testu hori, 30 hiztun komunitate baino gehiagotako ehundik gora eragileren ekarpenak jasota. Manex Mantxolak gaur Bartzelonan egin den ekitaldian gogora ekarri duenez, testu hori «erreferentziazkoa» izan da urteotan, eta orain, berridatzita, hiztun komunitateen babeserako «beste zoru bat» lortu behar da. Berandu baino lehen. «Izan ere, mundu mailako olatu erreakzionarioak, besteak beste, hizkuntza gutxituen aurrerabidea eta hiztun horien eskubideak jarri ditu jomugan», ohartarazi du.Â
Testua berridatzi eta eguneratzearekin batera, helburutzat dute, halaber, horren gaineko aitortza handitzea: ekinbidearen sustatzaileek nazioarteko aliantza sendo bat lortu nahi dute testuak NBEren aitortza lor dezan. Gogora ekarri dute hori gaurko urteurren ospakizunean. Agurne Gaubekak ere nazioartean ahotsa indartsu ozentzearen garrantzia nabarmendu du gaur Bartzelonan: «Hizkuntza hegemonikoek eta haien nagusitasunaren aldeko araudi eta neurriek are minorizatuago eta zapalduago egiten dituzte gurea bezalako hizkuntzak. Gure hizkuntzetan bizi ahal izateko eta hizkuntza eskubideak etorkizuneko gizartearen oinarri izateko beharrezkoa da nazioarte mailan antolatu eta elkarrekin presio egitea».Â
Alde horretatik, Nazio Batuen Erakundearen aitortza lortzeak zer garrantzi duen gogoratu du Mantxolak: «Adierazpena berritzeko proiektu honen helburu nagusia Nazio Batuen Erakundeak testua bere egitea da, adierazpena nazioarteko testu legal lotesle bat izan dadin».