Ikastolen Elkarteak aurrerantzean ez du parte hartuko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako Eskola bikaina denontzat prozesuan. Hala adierazi diete elkarteko ordezkariek Hezkuntza Saileko arduradunei: «Prozesuak ez du bermatu benetako eztabaida, eragileen parte hartze erreal eta duina, ezta segregazioari eta inklusioari buruzko erronkei serio heltzea ere». Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dute sarbide unibertsala bermatzeko, euskalduntzeko, inklusioan sakontzeko eta komunitatearen elkartasuna antolatzeko.
Erlazionatuta
Hezkuntza Sailak 2025eko irailean ikasturtea hastearekin batera abiarazi zuen Eskola bikaina denontzat deituriko prozesua, eskola segregazioaren aurkako itun bat lortzeko, hainbat eragilerekin elkarlanean; gero eta gutxiago dira, ordea. ELA eta Steilas sindikatuak hasiera-hasieratik geratu ziren kanpoan, bi sindikatuek hala erabakita. LAB sindikatua, berriz, kritikoa izan da prozesu guztian, baina bileretara joan, joaten zen; alabaina, urtarrilaren amaieran erabaki zuen mahaia uztea. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak, berriz, martxoaren 3an jakinarazi zuen mahaia utziko duela, eta gaur beste horrenbeste egin du Ikastolen Elkarteak.
Hasieran, diagnostiko baten bueltan aritu ziren lanean, eta Jaurlaritzak iazko azaroaren 12an ekin zion proiektuaren bigarren faseari, mahaiaren dinamika aldatuz: talde txikitan aritu ziren hizketan bilkura horretan, eta gero elkarri eman zioten bertan hizpide izandakoaren berri. Orduan hitz egindakoa abenduan edo urtarrilean «balioztatzea» zen asmoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak egun horretan bertan azaldu zuenez. «Txosten edo produkturen bat egongo da onduta ordurako, bide orria zehaztuko duena», gehitu zuen.
«Hezkuntza Sailak azken bi urteotan hartu dituen neurriak eta erabakiak balioztatzeko erabili da prozesua. Gure ustez, erronka
Ikastolen Elkartea
serioegiak dira halako arintasunez eta azaleko lanketetan tratatzeko»
Orain, ordea, zera aurpegiratu dio Euskal Herriko Ikastolen artezkaritza kontseiluak, prentsa ohar baten bidez: «Mahaia ez da parte hartzailea izan: ez da baliabide, epe eta informazio egokirik eman, ez da eztabaida sakonik sustatu, eta ez da argitu egindako ekarpenen trataera». Are, «erabakiak bozkatu edo berretsi gabe eman dira aurrerapausotzat, eta Hezkuntza Sailak aurrez hartutako neurriak ez dira zalantzan jarri», kritikatu dute ikastolen ordezkariek.
Ondorioz, prozesua Hezkuntza Sailak azken bi urteotan hartu dituen neurriak eta erabakiak balioztatzeko «erabili» dela ondorioztatu dute, «adostasunaren irudia emanez». Ikastolen Elkartearen iritziz, «erronka serioegiak dira halako arintasunez eta azaleko lanketetan tratatzeko».
Erantzun partekatuak
«Segregazioari eta inklusioari aurre egiteko, beharrezkoa da herri gisa erantzun partekatuak lantzea, ikuspegi integraletik eta dimentsio anitz kontuan hartuta. Hala nola sozioekonomikoak, linguistikoak, lurraldekoak eta kulturalak». Horretarako, behetik gorako prozesu garden eta parte hartzailea defendatu du Ikastolen Elkarteak, «metodologia argiak, epe egokiak eta eragile guztien parte hartze erreala» izango dituena.
Argazki azkarren ordez, eztabaidaren sakontasuna eta kalitatea lehenetsi behar liratekela uste dute ikastolek: «Helburuak lidergo partekatu eta erantzukide bat eraikitzea izan behar du, ez soilik irudi edo adierazpen bateratu bat argitaratzea».
Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dute haien balioetan oinarrituta garatzen ari diren neurrietan sakontzen: «Sarbide unibertsala bermatzen, euskalduntzen, inklusioan sakontzen eta komunitatearen elkartasuna antolatzen». Beka sistema propioak, euskara indartzeko eta inklusioa lantzeko programak, eta zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gazteentzako neurri zehatzak garatzen jarraituko dute, «komunitatearen ekarpenaren, elkartasunaren eta antolakuntzaren bidez, euskal hezkuntza propio, bidezko eta kohesionatu baten alde».