EHIGEk eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaia utzi du

Gurasoen konfederazioak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin duen diagnostikoa «partziala» da, ez du balio gaur egungo desorekak konpontzeko, eta, gainera, mahaiko metodologia ere ez da egokia.

Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiaren bileretako bat, abenduan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiaren bileretako bat, abenduan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko martxoaren 3a
17:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturte hasieran mahai bat sortu zuen, Eskola Bikaina Denontzat deiturikoa, eskola segregazioaren aurkako itun bat lortzeko, hainbat hezkuntza eragilerekin elkarlanean; alta, gero eta gutxiago dira: EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak gaur jakinarazi du mahaia utziko duela.

Bi arrazoi nabarmendu dituzte. Bat: diagnostikoaren «izaera partziala». EHIGEren esanetan, Hezkuntza Sailak prozesuaren hasieran txosten bat aurkeztu zien, gaur egungo egoeraren «azterketa osatugabearekin»: «Batez ere, datu deskribatzaileetan zentratzen da, egungo eskola segregazio maila honetara eraman duten egiturazko, antolakuntzako eta araudiko arrazoietan behar bezala sakondu gabe».

Are, gaitzetsi dutenez, dokumentuan jasota dago eskola segregazioa murrizte aldera aurrez hartutako neurriei eutsi behar zaiela. Aitzitik, EHIGEk uste du neurri horiek ez direla baliagarriak: «Eskuragarri dauden datuek agerian uzten dute arazoak bere horretan dirauela eta kronifikaziorako joera ere badagoela».

Eta bi: metodologia. EHIGE ez dago konforme prozesuko metodologiarekin: «Lan metodologia bat aukeratu da, eta horrek praktikan nabarmen mugatu du funtsezko gaiei buruzko posizioak kontrastatzea eta eztabaida eraginkorra egin ahal izatea: hala nola, planifikazioa, eskola postuen eskaintza eta ikasleak onartzeko araudia». Uste dute horrelako prozesu batek «azterketa partekatua» eta «eztabaida espazio irekiak» eskatzen dituela. «Hori ez da prozesuaren une bakar batean ere gertatu. Parte hartze prozesu erreal batek izan behar duenaren antitesia da aplikatutako metodologia».

Horiek horrela, EHIGEk ohartarazi du arriskua dagoela mahaia «aurretik zehaztutako dinamika bat» bihurtzeko: «Badirudi ondorioak eztabaidaren aurretik ezarrita daudela».

Beste batzuk ere, kanpoan

EHIGE ez da eskola segregazioaren aurkako mahaia utzi duen eragile bakarra. ELA eta Steilas sindikatuak hasiera-hasieratik geratu ziren kanpoan, bi sindikatuek hala erabakita. LAB sindikatua, berriz, kritikoa izan da prozesu guztian, baina bileretara joan, joaten zen. Alabaina, urtarrilaren amaieran erabaki zuen hark ere mahaia uztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.