1979ko urriaren 25ean, gaurko egunez, Gernikako Estatutua onartu zen, eta, efemeride hori gogoan, Imanol Pradalesek artikulu bat idatzi du Linkedin sare sozialean. Gernikako Estatutua garatzeko «behin betiko urratsa» egiteko beharra azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta mezu zuzena helarazi dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: «Aukera du zor historikoa kitatzeko. Aurten, behin betiko, Gernikako Estatutuaren karpeta itxi lezake». Halaber, beste jauzi kualitatibo bat egiteko garaia dela deritzo: «Gure autogobernua hobetuko duen itun baterantz egiteko garaia da».
Artikulua ele bitan idatzita dago. Idatziaren lehen zatian, duela 46 urte gertatutakoari erreparatu dio, eta gogora ekarri du estatutu proiektua erregistratu zeneko pasartea. Pradalesen arabera, lehen aldiz horren berri izan zuenean, «Estatu Batuetako thriller bat» iruditu zitzaion. Espainiako Konstituzioa onartu eta aste gutxira, 1979ko abenduaren 29an, Euskal Parlamentarien Biltzarrak estatutu proiektua onartu zuen Gernikako Batzar Etxean, eta, Pradalesek gogoan duenez, premia handia zegoen testu hura Espainiako Kongresuan lehenbailehen erregistratzeko, politikariei aurre hartzeko asmoz. «Asko zegoen jokoan: testua noiz sartzen zen, horrek erabakiko zuen zein izango zen eztabaidatzen lehena».
Bizkaitik Madrilera bidaltzeko bi bide aukeratu zituzten: bata, postaz; bestea, «ezohikoa eta ausartagoa», Sondikako aireportuan hegazkin bat alokatu baitzuten. Pradalesen arabera, UCDko Juan Etxebarria joan zen hegazkinean, testua eskuan. Madrilen zain zuen Federico Zabala EAJko senataria, eta taxian heldu ziren diputatuen egoitzara. «Dokumentua entregatu zuten, katalanek baino bi ordu lehenago. Proiektua izapidetu, adostu eta erreferendum bidez bozkatu zen».
Gaur egungo errealitatea
Iraganeko anekdota hori kontatu ostean, estatutuaren onarpena eta trantsizioaren garaia aztertu ditu Pradalesek. Lehendakariaren ustez, estatutua «maila politiko handiko ituna» da, «diktaduratik demokraziarako jauzi kualitatiboa ematen lagundu zuena, uniformizazio eta zentralismotik autogobernura». Pradalesek salatu du oraindik bete gabe dagoela eta Madrildik etengabe higatu dela autogobernua.
Egoera ikusita, azaldu du azken urtean nabarmen egin dela aurrera, Sanchezen 2023ko inbestidurarako hitzartu zen akordio politikoan oinarrituta. «Beste hamar eskumen eskualdatzea lortu dugu, eta Espainiako Gobernuak mahai gainean du oraindik lortzeke dauden gai guztietan akordioa ixteko euskal proposamena».
Estatutua behin betiko garatzeko aukeraz gain, Pradalesek azpimarratu du beste aro batean sartzeko garaia dela. «Gaur egun, Euskadik beste gaitasun politiko batzuk behar ditu», azaldu du. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko hainbat gaitasun behar direla nabarmendu du, hala nola migrazioaren auziari aurre egiteko, industria eta teknologia eraldaketei erantzuteko, eskumen judiziala «oso-osorik» hartzeko, Europako Batasuneko erakundeetan zuzenean parte hartzeko, eta nazio garapena bermatzeko, «jurisdikzio batasunaren printzipioa errespetatuta».
Araudi egitura berria
Beste esparru bat eskatu du Pradalesek, «beste araudi egitura bat». Zehaztu duenez, Gernikako Estatutuaren xedapen gehigarrian jasota dago hura onartzeak ez duela esan nahi etorkizunean uko egingo zaiola «herri gisa dagozkiokeen eskubideei».
Pradalesen arabera, xedapen hori bera itun politiko bat da, eta, era berean, babes juridikorako klausula bat. «Esan nahi du autogobernua jatorrizko eskubidetzat aitortzen dela, eta ez dela inolako kontzesioren emaitza; gure askatasunen zati bat behin-behinean lagatzen dela, Euskadi Estatuan koiunturaz txertatzeko; eta, ondorioz, Estatuak autogobernuaren izaera bereizgarria onartzen duela», zehaztu du.
Oinarri horren gain eta norabide horretan, Espainiako gobernuburuari mintzatu zaio, eta esan dio autogobernua hobetuko duen itun baterantz jotzeko garaia dela.
PSE-EE «blindatzearen alde»
PSE-EEk agerraldi publiko bat egin du, Euskadi hobe baterako Estatutua goiburupean, Bilbon, Eneko Andueza idazkari nagusia buru, eta erakundeetako hainbat ordezkariz inguratuta. Carlton Hotela hautatu dute ekitaldia egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zen hilabete batzuetan, frankisten estatu kolpea gertatu zenean.
Anduezak adierazi duenez, Estatutua berritzearen helburua zera da: Gernikako Estatutuaren bidez lortu diren eskubide guztiak babestea: «Egiten badugu babestu behar diren eskubideen katalogo bat, ikusiko dugu direla eskuin muturrak gorroto duen hori guztia: berdintasunaren aldeko borroka, babes sozialen aldekoa, migranteen eskubideen aldekoa, ondo informatuta egotearen aldekoa eta gobernu on batekoa». Ildo horretan, esan zuen Estatutu berriak tresna bat izan behar duela «eskubideak blindatzeko».
Elkarrekin-Podemosek Estatutu berri baten beharra azpimarratu du, «euskal gizarteak izan dituen eraldaketa sozialei, ingurumenekoei eta ekonomikoei egokitzeko».
Javier de Andres EAEko PPko idazkari nagusiak nahiko luke estatutu berri batek «askatasun gehiago» ematea, eta «ideologiak aurretik ez jartzea».